Genero teoriari eta feminismoari buruzko prestakuntza Iruñean

Iruñeko Feminismoen eskolak doako prestakuntza eskainiko du bi mailatan. Bi kasuetan, izena emateko epea urriaren 2an amaituko da.

Iruñeko Udalak eta IPES Fundazioak antolatzen duten Feminismoen Eskolak bi mailatako prestakuntza emango du genero teorian eta teoria feministan. Programak 25 plaza eskaintzen ditu maila bakoitzeko, maila bakoitzak, guztira, 62,5 prestakuntza-ordu dituelarik. Ikastaroa urriaren 14tik maiatzaren 5era egingo da, arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara bitartean.

Izena emateko epea urriaren 2ra arte egongo da zabalik, 010 – 948 420 100 telefonoaren bidez. Izen-ematea doakoa da eta, eskatzaileek plaza kopurua gainditzen badute, zozketa bat egingo da horiek esleitzeko.

Bi maila

Lehenengo maila teoria feministan eta genero-ikuspegian hasi nahi duten eta Iruñean erroldatuta dauden pertsonei zuzenduta dago.

Bigarren maila, berriz, dagoeneko oinarrizko prestakuntza izanik, gai aurreratuagoetan sakondu nahi duten horiei zuzentzen zaie. Bigarren maila horretan jorratuko diren gaiak, adibidez, intersekzionalitatea, emakumeen eskubideak eta berdintasun-politikak izango dira. Horiez gain, sortzen ari diren beste gai batzuetan ere sakondu ahal izango da, hala nola feminismoan eta LGTBI+ kolektiboetan, desgaitasunean, artean, kirolean eta emakume migratzaile eta errefuxiatuen egoeran.

Bigarren mailako prestakuntzan izena eman ahal izateko beharrezkoa da Feminismoen Eskolako I. maila beteta izatea edo berdintasunean egiaztatutako prestakuntza baliokidea izatea.

Feminismoen Eskolak 2006. urtean jarri zen abian eta bere helburu nagusia da, genero-desberdintasunak eta feminismoaren egungo eztabaidak bezalako gaiak jorratuz, emakumeek hainbat arlotan egindako ekarpenak berreskuratzea eta nabarmentzea.