Gipuzkoako Basoen Asteak natura-ondarea zaintzearen garrantziaz kontzientziatuko du

BSTK Basotik Fundazioak antolatzen duen egitasmo honen lehenengo edizioa martxoaren 15etik 21era egingo da

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko erakunde BSTK Basotik Fundazioak natura-ondarea zaintzearen garrantziaz kontzientzia helburu duen Gipuzkoako Basoen Astea aurkeztu du. Ekimen hau martxoaren 15etik 21era bitartean garatuko da martxoaren21ean  ospatzen den Basoen Nazioarteko Egunaren harira. Programak Gipuzkoako basoen garrantziaz eta pertsonen ongizatean duten eraginaz herritarrak sentsibilizatzeko diseinatutako hainbat jarduera bilduko ditu.

Gipuzkoako Basoen Astea

Jarduera horiek ‘Ipuscua. 1000 urte’ proiektuaren markoan kokatzen dira, Gipuzkoa hitzaren lehen aipamen idatziaren milurtekoa ospatzen duen ekimena. Ekimenak komunitatean partekatutako balioei buruz hausnartzea du helburu, eta oroitarazten du duela mila urte basoek funtsezko elementu gisa jarduten zutela gipuzkoarrentzat, bai baliabide iturri gisa, bai espiritualitate gune gisa, bai eta komunitate-balioa indartzeko gune gisa ere.

Programa martxoaren 15ean hasiko da Donostian, Forest Therapy Hub-eko prestatzaile Amaia Agotek zuzendutako ‘Baso-bainua’ izeneko saio terapeutikoekin. Saio horietan parte-hartzaileek naturarekin konektatzeko eta basoek osasunari dakarkioten onurak esperimentatzeko aukera izango dute, hala nola estresa murriztea. Saio bakoitzak 20 pertsonentzako lekua izango du, eta basotik.eus webgunean eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez eman ahal izango da izena.



Martxoaren 18an, Gipuzkoako Foru Aldundiko ‘Gunea’ aretoak Basoa gara hitzaldi-zikloa hartuko du. Lehenengo hitzaldia Basque Culinary Center-eko ikertzaile Blanca del Novalek emango du. Hitzaldi horretan, del Novalek basoko landare jangarriei buruz mintzatuko da, jaki horien garrantziaz eta jasangarritasunaren ikuspegitik elikaduraren etorkizunean izan dezaketen eraginaren inguruan hausnartuz. Jarraian, Alejandro Canterok (HAZI) eta Ana Arizek (BSTK Basotik Fundazioa) Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarriari buruz hitz egingo dute. Zikloa basoaren onura terapeutikoei buruz Manuela Renzik (Forest Therapy Hub, Milan) emango duen hitzaldiarekin amaituko da. Hitzaldi horietara joateko ere basotik.eus webgunean izena eman beharko da.

Basoen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 21ean ospatzen den Basoen Nazioarteko Eguna dela eta, jarduera berezi bat egingo da Gipuzkoako hainbat gizarte-eragilerekin lankidetzan: Gipuzkoako Desioen Basoa. Enpresa, kirolari, baso-jabe, ikastetxe eta 3. sektoreko parte-hartzaileekin, zuhaitz landaketa bat burutuko da.

Basoen Astea BSTK Basotik Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan-ildo berri baten parte da, basoen ongizatea herritarrengana hurbiltzera bideratua. Estrategia honek arreta berezia jartzen die baso-ingurunearen efektu terapeutikoetatik onura atera dezaketen kolektiboei eta Gipuzkoa berdeago eta jasangarriago baten etorkizuna diren ikasleei.

Ildo berri honen ekintza batzuk jada martxan daude, hala nola Gipuzkoako eskualde guztietako ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzendutako sentsibilizazio-tailerrak. Era berean, Zainketak eta Gizarte Politikak Departamentuarekin lankidetzan, baso-terapia, baso-bainu eta tailerrak eskaintzen ari dira lurraldeko egoitza eta elkarteetan dauden pertsonei.

Programak beste jarduera osagarri batzuk ere jasotzen ditu, hala nola Legazpin eta Aretxabaletan egingo diren basoa berreskuratzeko zuhaitz-landaketak, non Basque Culinary Center-eko ikasleek parte hartuko duten.

Advertisements