Gipuzkoarrek atzean utzi dute pandemia

Gipuzkoako Foru Aldundiaren udaberriko soziometroaren arabera, gipuzkoarren kezkarik nagusia prezioen igoera da

Gipuzkoako Foru Aldundiaren udaberriko Soziometroak jaso duenez, gipuzkoar gehienek amaitutzat jotzen dute pandemia. Izan ere, Covid-19 eragindako pandemia gipuzkoarren kezka nagusien zerrendatik desagertu da. Pasa den urteko udazkenean egindako soziometroan pandemia kezka nagusien bigarren postuan azaltzen zen. Horrekin batera, ongizate emozionalak ere nabarmen egin du hobera; izan ere, herritarrek 7,28 punturekin baloratzen dute beren gogo-aldartea, udazkenean baino puntu bat gehiago.

Ekonomiaren alorrean, ostera, gipuzkoarrek kezka handiagoa azaltzen dute egoera berriaren aurrean, nagusiki, prezioen gorakadagatik. Batez beste, gipuzkoarrek 6,31 puntuko nota ematen dioten beren egoera ekonomiko pertsonalari. Herritarren % 40,5aren ustez, bere bizi-mailak okerrera egin du, duela sei hilabete baino 11,8 puntu gehiago. Txanponaren beste aldean, bere biz-mailak hobera egin duela diotenen kopuruak 5,5 puntu egin du behera.

Etorkizunera begira

Etorkizunera begira gipuzkoarrak ez dira oso baikor azaltzen. Horrela, gehiago dira lurraldeko ekonomiak okerrera egingo duela uste dutenak (% 27,3) hobetuko dela uste dutenak baino (% 24,2).

Prezioen gorakadak biztanleriaren gehiengo handi bati eragiten dio: biztanleen % 56,3k dio asko eragin diela, eta beste %31,3k, berriz, nahiko eragin diela. Horrela, prezioen gorakadaren ondorioz asko dira beren etxeko ohiturak aldatu dituztenak. Gipuzkoarren % 14,2 bere ohiturak asko aldatu omen ditu elektrizitatearen prezioaren ondorioz eta % 25,6k nahiko.

Erregaien kasuan, inkestan parte hartu duten herritarren % 9,8k dio bere ohiturak asko aldatu direla eta % 15,7k nahiko aldatu direla.

Prezioen igoera ere nabaritzen da erosketan. % 9,7k dio asko aldatu dituela erosteko ohiturak eta % 19,3k nahiko. Herritarren % 82,2ren ustez prezioek gora egiten jarraituko dute hurrengo hilabeteetan.