Gizarte bezala Indarkeria Matxistari #GukEzetz esateko unea da

“Gazteon artean Indarkeria Matxista kasu gehiago ematen dira ala kasu gehiago salatzen dira?”. Urtebete daramat Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) presidenta bezala eta hainbatetan egin didate galdera. Bat-batean erantzuna ematea ez da erraza. Batetik, gaia oso konplexua delako eta horrelakoetan orokortzea arriskutsua delako; eta, bestetik, datu asko falta direlako.

Azken aldian, bai egunerokoan eta bai jai giroan, emakumeen aurkako hainbat eraso izan dira. Ia egunero hedabideetan agertzen da albisteren bat. Eta kasuistika oso zabala da. Nola erantzun diezaiokegu honi? Zer egin daiteke?

Lehenik, argi utzi behar da Indarkeria Matxistak guztioi eragiten digula. Gizarteko norbanako eta talde ororen arazoa da eta gizarte bezala erantzun behar zaio. Bakoitzak bere esparruan eraginda eta emakume eta gizonen arteko Berdintasunaren ideia hedatuz. Egunerokoan jarrera argia erakutsiz eta kasuei erantzun irmoa emanez.

Gizarte bezala ere egiteko asko dago. Indarkeria Matxistari aurre egitea ez da soilik kasu bakoitzari erantzun juridikoa ematea. Argi dago Indarkeria Matxista pairatu duen emakume orori bermatu behar zaiola justiziarako bere eskubidea ahalik eta erarik azkar, eraginkor eta begirunetsuenean. Hori oinarri izanda, haratago joan behar dugu. Esaterako, eragile guztiak indarkeriarekin harremana duten prebentzio mota guztietan inplikatzea eta egungo esfortzua hobetzea.

EGKn ildo honi jarraituz sustatu dugu ‘Indarkeria Matxistari #GukEzetz!’ kanpaina. Berdintasun lan-arlotik gidatutako proiektu honen helburua gazte zein gazte-elkarteen posizionamendu publikoa azaltzea izan da, gure jarrera argi uztea. Indarkeria Matxistari erantzuteko atxikimenduak, aurre egiteko proposamenak, eskaerak, etab. bideo batean batu ditugu. Zergatik? 2016an Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa onartu eta ordutik ia 75 aldiz aktibatu behar izan dugulako. Sekulako astakeria. Aldatzeko behar eta gogo horretatik dator kanpaina.
Hobetze horretan, gizarteko bi talde azpimarratuko nituzke bereziki: batetik, eskumenak direla-eta, administrazioak; eta, bestetik, gazteria.

Administrazioetatik politika zehatzak diseinatu daitezke eta hori oso beharrezkoa da. Beste hainbat arazotan lege konkretuek asko lagundu dute gizartean oso barneratuak dauden atakak bideratzen. Indarkeria Matxistaren kasuan aurreikusia dago Eusko Legebiltzarrean lege bat lantzea. Aukera paregabea da estatuko 1/2004 Legeak dituen hutsuneak osatzeko, esaterako, gizon batek emakume bati hau emakume izateagatik egindako edozein eraso barne hartzea, ez soilik bikote edo bikote ohi testuinguruko erasoak. Era berean, salatzea erraza ez denez estigma eta prozesuaren baitan dauden oztopoei —luzatzeko aukera edo zalantzan jarria izatearen esperientzia— irtenbidea bilatzeko probestu behar da lege-eraketa. Eta azkenik hezkuntzan emakume eta gizonen arteko Berdintasuna zeharkako balore bezala txertatu eta sentsibilizazio kanpainak egin. Etorkizuneko belaunaldiak arazo hau pairatu behar ez dezaten.

Gazteriak ere asko du esateko. Azken boladan kontzientziazioa hedatu dela nabari da —erasoen aurrean erantzuna, protokoloak hainbat gunetan, kanpainak— eta hori baikorki baloratu behar da. Hala ere ezin dugu autokonplazentzian erori oraindik asko egiteko baitago. Bidea hasi dugu eta bertan jarraitu behar dugu erasoen aurrean zero tolerantzia izaten eta erasoen lekuko izanez gero aurre egiten eta jasan duena laguntzen.

Eskuartean ditugun azken datuak Gazteen Euskal Behatokiak 2015ean ateratakoak dira. Horiek azaleratutako egoera ez da poztekoa. Emakumeen aurkako indarkeria tasa globala gazteon artean ‰7,3ra iritsi zen, gainerako emakumeena bikoiztuz. Hau da, 1000 emakume gaztetik gutxienez zazpik haien aurkako indarkeriaren bat salatu zuten. Prebentzio neurrien diseinu eta hobekuntzarako ikerketa eta datu gehiago behar dira, arazoa azkarrago identifikatu eta erantzun zehatz eta espezifikoagoa emateko. Bien bitartean, gizarte bezala erantzun behar dugu. Indarkeria Matxista ororen aurrean #GukEzetz argi eta garbi esanez.

MAIALEN OLABE
EGKko presidentea

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.