Gizonezkoen % 50 inguruk kalitate txarreko esperma du

Fundación Ginefiv-ek, Alcaláko Unibertsitateak eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoak antolatutako “Temas actuales en Reproducción Asistida” topaketan bildutako adituek azaldu dutenez, Estatuko gizonezkoen % 50 inguruk Osasunaren Munduko Erakundeak zehazten duen kalitate parametroen azpitik dagoen esperma du eta, gainera, azken urteetan gero eta gehiago dira arazo hori duten gizonek. Ernal-haziaren kalitatea gizonezkoek emakume baten haurdunaldia lortzeko duten gaitasuna neurtzeko erabiltzen ohi da eta, beste zenbait faktoreez gain, espermatozoide kopuruan, itxuran eta mugimendu gaitasunean oinarritzen da. Eiakulatzerakoan gizon batek, batez beste, 1,5 eta 5 mililitro esperma kanporatzen du eta OME-k ezarritakoaren arabera, ugalkor izateko mililitro bakoitzeko 15 milioi espermatozoide izan behar dute.

Adituek azaldu dutenez, kalitatean eragiten duen faktore nagusiena eguneroko ohiturena da. Izan ere, bizitza ohitura osasuntsuak izatea (kirola, elikadura…) funtsezkotzat jotzen da ugalketa-gaitasun egokia izateko. Fundación Gineficeko Victoria Verdú-k azaltzen duenez, “tabakoa ez errez, elikadura zainduz eta kirola eginez gizonezkoen ugalkortasun arazoak ekidin daitezke”. Adituen ustetan, ugalkortasun kasuen %10 inguru gehiegizko pisuaren ondorio dira. Gainera, ernal-haziaren kalitate baxua dela eta, epe laburrean, ugalkortasun arazoak izan daitezkeela ohartarazi dute adituek. Gaur egun, espainiar gizonezkoen % 7 inguru ez da ugalkorra. Gizonezkoen ugalkortasun arazo kasu gehienetan arrazoiak ezezagunak izaten dira (%40) eta %15 inguru arazo genetikoen ondorio dira. Kontuan izan behar da ernal-hazian edo esperman den ADN-a kaltetuta dagoenean ugalkortasun arazoak ez ezik, umekiaren garapenean ere arazoak izan daitezke.

[pullquote]Ernal-haziaren kalitatea espermatozoide kopuruaren, itxuraren eta mugimenduaren baitan finkatzen da. Mililitro bakoitzeko hamabost milioi espermatozoide baino gutxiago daudenean ugalkortasun arazoak azal daitezke.[/pullquote]

Zorionez, dena ez da beltz kolorekoa. Gasteizen kokatuta dagoen Biokibank esperma-bankuaren arabera, Arabako gazteen espermaren kalitatea estatuko batez bestekoaren gainetik dago. Horrela, esperma emateko probak gainditzen dituzten gazteak, Arabako kasuan, %10 eta %15 artean kokatzen dira; Estatuan, aldiz, nekez iristen dira %10era.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.