Euskararen Nazioarteko Egunaren ildora Euskarabideak antolatu zuen Gora Gora Fest 2023 jaialdiak 2.000 pertsona baino gehiago bildu zituen Nafarroako 50 udalerritan baino gehiagotan. Kultur ekitaldi honek gero eta publiko zabalagoaren arreta bereganatzea lortu du. 2022ko datuekin alderatuta % 15eko igoera izan duelarik.
Euskarabideak ekimen honi buruzko bi inkesten emaitzen berri eman berri du, eta programaren balorazioa oso positiboa da. Inkesta horien helburua zen bertaratutako pertsonen eta parte hartu zuten artisten gogobetetze-maila zein zen jakitea.
Gora Gora Fest
Jaialdiaren barruan programatutako jarduera guztiak euskaraz egin ziren, doakoak izan ziren eta adin guztietako pertsonak erakarri zituzten. Iazko azaroaren 3tik abenduaren 10era arte, jaialdiak askotariko kultur ikuskizunak eskaini zituen hainbat udalerritan. Gainera, arreta berezia jarri zen horrelako ekitaldiak hain ohikoak ez diren eskualdetan.
Azken edizioaren alderdi nabarmenetako bat ikuskizunen gaikako aniztasuna izan zen, haur, gazte zein familiei zuzendutako ikuskizunekin eta ikuspegi sozial nabarmenarekin. Haurtzaroko sexu-abusuen prebentzioa, nerabezaroko sexu-aniztasuna, birziklapena eta ingurumen-iraunkortasuna izan ziren, besteak beste, jorratu ziren gaiak. Gai horiek % 98ko puntuazio positiboarekin ebaluatzen dira gogobetetze-inkestetan, eta jaialdiak hezkuntzarekin eta gizarte-kontzientziarekin duen konpromisoa islatzen dute.
Esan bezala, bertaratutakoei eta parte hartu duten artistei egindako gogobetetze-inkestek emaitza oso onak eman dituzte, euskara-mailaren egokitzapena, gaiaren garrantzia eta igurikimenen betetzea nabarmenduz. Tutera, Zangoza, Viana eta Garralda bezalako herriek gorakada nabarmena izan zuten ikusle kopuruan, eta horrek erakusten du jaialdiak eragin positiboa izan zuela Nafarroako hainbat udalerritan.
Familien inplikazioa eta nerabeen parte-hartze aktiboa goraipatu dira ebaluazioetan, eta hurrengo edizioetan programa hori indartzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu da.