Nahikoa da!!

1931 urtea zen. Bigarren Errepublika izendatu berria. Trintxerpeko arrantza industriala zen orduan eta Terranoban burutzen zen makailuaren kanpainak hilabeteak irauten zuen. Itsasontziek kaian ematen zuten denbora laburra konponketak egin eta hornitzeko izaten zen soilik. Arrantzaleek ez zuten ia denborarik beraien sendiekin egoteko. Langile gehiagoren beharra zegoen, euskal arrantzaleekin soilik ez baitzuten nahikoa garai hartan zegoen arrain eskaera handia asetzeko. Ugazabek lanesku merkea topatu zuten kanpoan, eta arrantzale galiziarrak erakartzeko, hauentzako etxeak eraikitzen hasi ziren bosgarren probintzia galiziarra bezela ezagutzera iritsi zen Trintxerpe hartan. Oso azkar eraikitzen zen, planifikatu gabe, arazo urbanistiko ugari eta osasun-egoera larriak sortuz. Era berean, itsasoari buruz ezer jakin ez arren, arrantzaleak ez ziren bestelako langileak ere hasiko ziren hautatzen itsasontzi guztiak betetzeko. Baina hauen izaerak borrokarako eta beraien interesen babeserako joera zuen.

Egoera hartan, lanegun amaigabeak, soldata baxuak eta lan baldintza gogorrekin amaitzeko aldarrikapenetan hasi ziren arrantzaleak. Indar handiago baten beharrean, Donostiako langile sindikatuei elkartasuna eskatu zieten. Komunistek eta CNTko anarkosindikalistek bat egin eta greba orokorrerako deia egin zuten orduan, ez ordea UGTko sozialistek.

Maiatzaren 27an Donostiraino iritsi behar zuen arrantzaleen ibilaldia debekatuta izan zen Aldasoro gobernadore zibilarengatik. Hala ere, komunistek manifestazioa antolatu zuten langile eta beraien sendiekin batera. 2.000 pertsona inguru bildu ziren “La Unión” sindikatuak deituta. Aldasorok bi hesi jarri arazi zituen, lehena soldaduz osatuta Alto Miracruzen, baina soldaduen buruzagiak ez zuen gatazka sozial bat sortu nahi izan eta ez zuen tiro egiteko agindurik eman. Manifestariek lehenengo hesi hau beraz arazorik gabe iragan zuten Ategorrietaruntz. Donostiako alkateak gobernadorea manifestazioa Miracruzeko jaitsieran geldiaraztera behartu zuen, Erlojuaren altueran. Hesi hau Guardia Civilez osatuta zegoen, eta hauek bai egin zuten tiro. Hildakoak zazpi izan ziren: Julián Zurro (19 urte), Jesús Camposolo (23 urte), José Novo (25 urte), Manuel López (27 edo 31 urte), Antonio Barro (31urte), José Carnés (32 urte) eta Manuel Pérez Yera (34 urte).

Sarraskiaren ondorioz greba benetan orokorra, luzea eta arriskutsua bilakatu zen. Aldarrikapenak: hilero 300 pezetako soldata, itsasoan ematen zituzten igandeen kopuru bera ematea lurrean atseden egunetan, eta arrantza lanegunak ez izatea 15 ordukoak baino luzeago.

Trintxerpe Gipuzkoako punturik iraultzaileena izatera iritsi zen, Euskal Herria osokoa beharbada. Duela 82 urte eman ziren gertaera hauek, baina eman liezaguke bitan pentsatzeko gaur egun hainbestetan entzuten dugun esaldia gure ahotan jarri aurretik: ezin naiz kexatu, gutxienez lana daukat. Esaldi honek uko egiten dio hamarkadetan zehar langilegoak bere eskubide eta lan baldintza duinak lortzeko egin behar izan duen borroka guztiari, askotan hiltzera iritsi arte ere. Ezin naiz kexatu esaten dugun bakoitzean, langileok ditugun eskubide guztiak lortzeko beraien odola isuri zutenen memoriari begirunea galtzen diogu. Ez dit aitzakia horrek balio. Lanpostua beldurrik gabe eta duintasunez zaindu behar dugu. Nahikoa da!

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.