Green Sormena, arteari, teknologiari eta jasangarritasunari buruzko gazteentzako programa

Bilboko Udalak ekimen bat abiarazi du 18 eta 35 urte bitarteko gazteen artean ekintzailetza sustatzeko, esperientzia praktiko eta teorikoen bidez

Bilboko Udalak Green Sormena izeneko programa jarri du abian. Ekintzailetza sustatzea helburu duen Konekta Ideiak programaren barruan garatuko den programa berria 18-35 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta artearen, teknologiaren eta jasangarritasunaren arloetan praktika artistikoak esploratzera gonbidatzen ditu gazteak.

Green Sormena hiru ataletan banatuko da eta parte-hartzaileei hausnarketa teorikoa eta esperientzia praktikoa eskaintzea du helburu. Estudio Gheada izango da programaren komisarioa da, eta hitzaldiak, sormen-laborategiak eta gai nagusiekin lotutako proiektuetarako deialdi irekia biltzen ditu. Jarduera guztiak Bilboko La Perrera eraikinean egingo dira.

Atalak

Lehenengo fasea urriaren 22an hasiko da, “Talk & Show” ekitaldiarekin. Bertan performanceak eta hitzaldiak egingo dira artearen, naturaren eta teknologiaren arteko harremanean oinarrituta. Adibidez, Ce Pamsek, itsasoko olatuetan inspiratutako soinuetan oinarritutako esperientzia proposatuko du; Ra Asensik, poesia, gorputza eta teknologia uztartuko ditu; eta, Efe Ce Elek, material biologikoa eta begetala erabiliz ikus-entzunezkoak eta zuzeneko musika sortuko ditu.

Azaroan, doako hiru laborategi (Labs) garatuko dira. Arte eta teknologiako profesionalek emango dituzten laborategi horietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Laborategi horietan honako gai hauek jorratuko dira: Mintzaira fungikoaren hastapenak (Alizée Armet),Imajinario jasangarriak adimen artifizialarekin (Laura MM) eta Gerrilla Mapping – Videomapping jasangarria(Edorta Subijana). Tailer horiek azaroaren 9an, 16an eta 30ean izango dira, hurrenez hurren. Lab guztiak doakoak dira, baina parte-hartzaileek ordenagailu eramangarri bat eraman beharko dute.

Green Sormenaren azken fasea edo atala deialdi ireki bat izango da, artea, teknologia eta jasangarritasuna uztartzen dituzten proiektuentzat. Interesatuek urriaren 28tik abenduaren 1era bitartean bidali ahal izango dituzte beren proposamenak. Epaimahaiak bi proiektu aukeratuko ditu, eta Estudio Gheadak laguntza pertsonalizatua emango die 2025eko apirilera arte. Gainera, Bilboko Udalak 3.000 euro arte eskainiko ditu hautatutako ekimen bakoitzaren garapenean laguntzeko.

Programari eta izena emateko prozesuari buruzko informazio guztia programaren webgunean aurki daiteke.