Bikotea bilatzea giza esperientziaren funtsezko alderdi bat da eta faktore biologiko, psikologiko eta soziokultural batzuek moldatuta dago. Parekatze selektiboaren hipotesiak, psikologia ebolutiboko eta soziologiako ikasketek babestua, iradokitzen du gizakiek berezko joera dutela hainbat alderditan antzekotasunak dituzten bikoteak aukeratzeko, ezaugarri fisikoetatik hasi eta maila sozioekonomikoetaraino. Teoria hori ideia honetan oinarritzen da: eboluzioan zehar, gizabanakook gure balizko bikotekideen ezaugarriak ebaluatzeko gaitasuna garatu dugu, eta doikuntzarik onena eskaintzen dutenak hautatzen ditugu, ugalketa arrakastatsuaren probabilitatea eta ondorengoen biziraupena maximizatzeko. Funtsean, gurearen antzeko ezaugarriak dituzten bikoteak bilatzeko joera dugu.
Parekatze selektiboaren hipotesian lau dira eragiten duten aldagaiak:
- Erakargarritasun fisikoa: ezaugarri fisiko batzuekiko erakarpenak erro biologikoak izan ditzake; izan ere, zenbait atributu hobestea lotuta egon daiteke gene osasungarriak bilatzearekin eta ondorengo sendoak izateko aukerarekin.
- Izaera eta baloreak: funtsezko sinesmenak, xedeak eta bizitzari heltzeko moduak partekatzen dituzten pertsonak bilatu ohi ditugu.
- Hezkuntza-maila: ohikoa da antzeko hezkuntza-maila duten pertsonekin elkartzeko joera. Aukera hori pentsatzeko moduan, interesetan eta munduaren ikuspegian antzekotasunak bilatzeak eragin dezake.
- Maila sozioekonomikoa: pertsonek antzeko estatusa duten bikoteak bilatzeko joera dute, eta horrek eragina izan dezake bizi-kalitatean eta harremanean partekatutako aukeretan.
Antzeko banakoekin parekatzeko joera “homogamia” izenarekin ezagutzen da. Antza denez, ezaugarri hori ezaugarri unibertsala da gizakion harremanetan, hainbat kulturatan azaltzen baita. Izan ere, eboluzioaren ikuspegitik, antzeko gaitasun-maila duten gizabanakoekin parekatzeak abantailak eskain ditzake biziraupenari eta ugalketari dagokienez: seme-alaben hazkuntzan arrakasta-aukerak hobetzen ditu, eraginkorragoa da energiari eta baliabideei dagokienez, ahalegin txikiagoa eskatzen du, eta onuragarriagoa da epe luzean.
Baina antzeko bikoteak gehiegi aukeratzeak aniztasunik eza ekar dezake esperientzietan eta ikuspegietan. Ideia eta bizimodu desberdinen eraginpean ez egoteak hazkunde pertsonala eta munduaren ulermena muga ditzake.