Gustukoago ditugu gaizki bilduta dauden opariak

Eguberrian opariak egitea da munduko ohitura errotuenetako bat. Eta opariak egin behar direnean, ohikoena da horiei denbora pixka bat eskaintzea eta mimoz biltzea. Funtsean garrantzitsuena oparia bera bada ere, badakigu oparia emateko modua ere garrantzitsua dela. Aurkezpen egoki batek interesa eta ardura azaltzen du eta hori estimuaren edo maitasunaren sinonimotzat hartzen dugu.

Hala ere, zenbait ikerketen arabera, opariak ondo biltzea gure kalterako izan daiteke. Adibidez, 2019. urtean ‘Journal of Consumer Psychology’-n argitaratutako azterlan baten arabera, zenbat eta okerrago bilduta egon opari bat, orduan eta gustukoago izango zaio oparia jasotzen duen horri. Aipatu ikerketa Estatu Batuetako Reno Unibertsitateko zenbait marketin adituk egin zuten. Ikerketan ikertzaileek zenbait pertsonei oso ondo bildutako opari bat eta oso gaizki bildutako bat irekitzea eskatu zieten. Azterlanean parte hartzen ari ziren horiek NBA ligako Miami Heat taldeko zaleak ziren eta opariak Miami Heat taldeko katilu bat eta Orlando Magic taldeko katilu bat ziren. Opariak zabaldu ostean, parte-hartzaileek oparia kalifikatu behar zuten galdetegi bat erantzunez. Ikertzaileek ikusi ahal izan zutenez, parte-hartzaileek nota hobea ematen zioten gaizki bilduta zegoen opariari, baita berea ez zen taldeko katilu bat jasotzen zutenean ere.

Beste proba batean, talde bati ondo bildutako eta gaizki bildutako oparien irudiak erakutsi zitzaizkien. Opari horien inguruan zuten itxaropenen inguruan galdetu zitzaien eta, ondoren, oparia erakutsi zitzaien (JVC entzungailuak). Proba horretan lortutako emaitzen arabera, parte-hartzaileek erakutsi zuten, ondo bildutako opari baten aurrean, itxaropenak areagotu egiten direla, hau da, opari hobea espero da.

Datu gehiago lortzeko, ikertzaileek hirugarren proba bat burutu zuten. Proba horrekin egiaztatu ahal izan zutenez, oso hurbil ez dauden pertsonei egiten zaizkien oparien kasuan, ondo bilduta dauden opariek aukera handiagoa dute ondo hartuak izateko, prozesu horretan emandako denbora eta arreta hautematen dituztelako. 

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.