Bizkaiko Gurutze Gorriak, Gazteen Gurutze Gorriaren bidez, ‘Haien eskubideak jokoan’ kanpainaren edizio berri bat jarri du martxan. Proiektu solidario honen xedea da gizarte-zailtasunak dituzten familiatan bizi diren 1.500 haur ingururi Gabonetan jostailu berri bat izango dutela bermatzea. Jostailu horien bilketa abenduaren 13an eta 14an egingo da Bizkaiko 15 establezimendutan. Bertan, Gurutze Gorriko boluntarioak izango dira jostailu bat eman nahi duten pertsona guztiei arreta emateko.
Horrez gain, establezimendu horietara gerturatu ezin diren horiek, proiektuarekin bat egin ahal dute ekarpen ekonomiko bat eginez. Ekarpen horiek SMS bidez (38061 zenbakira JUGUETES hitza bidaliz 3 euroren truke) edo Bizum bidez zenbaki berera (gutxienez, 5 euroko ekarpenak.
Jarduera solidarioak
Bizkaiko kirolak ere bat egin du kanpaina honekin ekimen ezberdinen bidez. Adibidez, abenduaren 22an, Bilbao Arenan ‘Peluxe berrien tirada handia’ egitasmoaren edizio berri bat egingo da Surne Bilbao Basket eta Manresaren arteko saskibaloi partidan. Jarduera horrek Metro Bilbaoren babesa du eta Moyuako eta Zazpi Kaleak-eko geltokiak apainduko ditu herritarren parte-hartzea sustatzeko.
Ildo berean, Athletic Club-ak jostailuak biltzeko hiru gune jarriko ditu Ibaigane Jauregian, Lezaman eta San Mamesen.
Kanpainaren barruan, gainera, abenduaren 27an, Esperantza frontoian egingo den doako jarduera bat ere programatu da. ‘Jolasaren eguna’ lelopean, Gazteen Gurutze Gorriak haurren artean jostailu hezigarria sustatzeko jardunaldi bat antolatu du.
Joko hezigarria
‘Haien eskubideak jokoan’ kanpaina ‘Jostailu hezigarria’ izeneko urteko egitasmoaren markoan garatzen da. Egitasmo horren xedea da 0-18 urte bitarteko gazteek duten jokorako eskubidea bermatzea. Ikuspegi horrek jostailuen erabilera sustatzen du, ikaskuntzarako eta garapen ebolutiborako tresna gisa, eskolako eta familiako balioen transmisioan duen zeregina azpimarratuz.
Bizkaiko Gurutze Gorriak 3.500 jostailu berri lortzea espero du herritarren parte-hartzeari esker eta kanpainan lan egingo duten 250 boluntarioen lanari esker. Jostailuak biltzeko puntuen eta onartzen diren jostailuen inguruko informazio guztia Bizkaiko Gurutze Gorriaren sare sozialetan aurki daiteke.