Hamahiru zenbakiaren madarikazioa

Kristautasun aurreko garaietan, 13 zenbakia zenbaki madarikatua zen. Adibidez, judaismoa nagusi zen lurraldeetan 13 zenbakia negatibotzat jotzen zen. Eskandinavia aldean ere hamahiru zenbakia gaizkiarekin erlazionatzen da, antza denez, Loki izeneko jainko maltzurrak jainkoen panteoian hamahirugarren tokian kokatzen baitzen. Eskandinaviar mitologiaren arabera, Panteoian hamabi jainkorako afaria prestatu zen, baina bertara, Loki jainkoa ez zegoen gonbidatuta. Hala ere, Loki afarian azaldu zen eta bera botatzeko sortu zen borrokaren ondorioz Balder izeneko Jainkoa hil zen.

Eskandinaviar erroa duen afari horren kontaerak, hainbat aditurentzat, eragina izan zuen Kristautasunean. Jada Kristoren garaian, 13 zenbakia harreman zuzena du Jesusek emandako Azken Afariarekin. Jakina den bezala, afari horretan, Jesusekin batera beste hamabi apostolu zeuden, hau da, guztira, hamahiru pertsona. Afariaren ondoren, apostoluetako batek, Judasek, Jesus traizionatu egingo du eta, hori dela eta, gure kultura judeo-kristauan mahai batean hamahiru pertsona esertzeak zorte txarra ekartzen omen du.

Kristautasunean jarraituz, San Joanen Apokalipsiaren liburuan hamahirugarren kapitulua antikristoaren ingurukoa da.

Alde positiboak

Oro har, hamahiru zenbakia zenbaki madarikatua izan bada ere, beste hainbat kasutan guztiz kontrakoa jazotzen da. Horrela, Greziako Olinpoan Zeus zen jainko nagusia eta berarekin batera, beste hamabi jainko ziren; guztira, hamahiru. Greziar mitologiaren arabera, hamahirugarren jainko hori Ulises zen. Kultura germanikoan, berriz, hamahirugarren zenbakiarekin erlazionatutako jainkoa Freyja dugu, jainkosa ederra eta amodioaren ordezkaria.

Antzinako Egipton ere hamahiru zenbakiak esanahi berezia zuen. Haien sinesmenen arabera, heriotza bizitzaren hamahirugarren fasea zen, hots, jainkoen etxera joateko bidea. Egipton egiten ziren erritoetan tenpluan hamahiru urrats jarraitu behar omen ziren. Horietako seik ausardia, ziurtasuna, borondatea, helburuak, desira eta balentria ordezkatzen zuten. Sei pauso horiek aurreraka eman behar ziren, eta aurreraka ematen zen pauso bakoitzeko pauso bana eman behar zen. Hamabi pauso horiek eman ondoren, hamahirugarren pausoak sinbolikoki bizitza berri batera igarotzeko balio zuen.

Greziara bueltan, Pitagorasen ustetan, hamahiru zenbakia garapen eta hazkundearen zenbakia zen. Hesiodok ere bere “Lanak eta egunak” idatzian jada hamahiru zenbakiaren madarikazioaz hitz egiten du, eta hori dela eta, hil bakoitzeko hamahirugarren egunean ez zela erein egin behar adierazten zuen.

Erroman, berriz, hamahiru zenbakia Julio Zesarren zenbakirik gustukoena zen, izan ere Hamahirugarren Legioari esker boterera iritsi zen.

Sineskeria

Dena delakoa, hamahiru zenbakiaren inguruko sineskeria gure egunetara iritsi da eta, gaur egun, batez ere, zorte txarrarekin erlazionatzen da.  Hori garbi ikusten da kirol munduan. Hainbat kirol diziplinetan jokalariek 13 zenbakia ekiditen saiatzen dira. Bat Formulan, adibidez, ez dago hamahiru zenbakia daraman kotxerik. Ezaguna da Ángel Nietoren 12+1 formula hamahiru zenbakia ez esateko erabilitako formula.

Hainbat hoteletan 12. solairutik 14. solairura pasatzen dira, edo zenbait kasutan 12 a eta 12 b solairuak daude. Hainbat eraikin famatuetan es da hamahirugarren solairua existitzen, hala nola, Rockefeller Center edota Pierre edo Helmsley hotelak.

Hamahiru zenbakiaren inguruko sineskeria patologia ere bilaka daiteke eta ‘triscadecafobia’ izena hartzen du. Patologia hori pairatzen duten pertsonak ez dira kalera ateratzen hilak 13 egun dituenean; ez dira hamahirugarren solairu batera joaten edota zinema-aretoetan ez dira hamahirugarren ilaran esertzen. Iberia edo Alitalia hegazkin konpainiek adibidez, bere hegazkinetan ez dute 13. lerrorik.

Asteko egun bereziak

Hamahiru zenbakiarekin batera asteartea eta ostirala egunek nahasketa madarikatua sortzen dute. Zergatik? Askoren ustetan ostirala eta hamahiru zenbakia nahastea bi sinbolo madarikatu nahastea da. Ikusi ahal izan dugun bezala, hamahiru zenbakia zenbakia madarikatua da kultura judeo-kristauan, baina zer dago ostiralaren inguruan? Antza denez, bi dira egun hori madarikatzeko arrazoiak: Jesus ostiral batean gurutzatua izan zen eta Evak Adami sagarra ostiral batean eman omen zion.

Dena den, ostirala 13 egunaren madarikaziorako arrazoia bestelakoa da, eta Tenplarioetan aurkitzen da. Izan ere, Tenplarioak izan ziren nolabaiteko banku sistema bat eraiki zuten lehenak. Tenplarioek dirua eta jabetzak babesteko abilezia berezia zuten eta hori dela eta hainbat pertsonen ondasunak kudeatu zituzten. Horri esker, denbora laburrean aberastea lortu zuten.

Ingalaterraren kontrako guda baten ostean garai horretan Frantziako errege zen Filipe Ederra (Filipe I.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa) sosik gabe geratu zen. Egoerak behartuta, urrea ‘lapurtzea’ erabaki zuen. Bere lehen biktimak judutarrak izan ziren, baina horien urrea ez zen nahikoa eta, ondorioz, Tenplarioen kontra jo zuen.

Horrela, 1307ko urriaren 13an, ostirala, Frantziako Tenplarioak atxilotzen hasi ziren. Mundu guztiak injustizia bat zela jakin arren inork ez zuen ahoa ireki. Erregeak gaizki jokatu zuela jakinik eta Tenplarioak bizirik mantentzen bazituen etorkizunean arazoak izango zituela jakinik, Klemente V. Aita-santuari Tenplarioak heretiko izendatzea eskatu zion eta hori dela eta ehunka tenplario erreta akabatu zituzten. Zazpi urte beranduago, hots, 1310ean, bizirik geratzen ziren azken bi tenplarioak heriotzara kondenatu zituzten: Molayko Jacques eta Charnayko Godofredo.

Hil aurretik, Jacquesek eskuak askatzea eskatu zuen, horrela otoi egiteko aukera izango baitzuen. Bere otoitzean kondenaren injustiziaren aurrean mendekua eskatu zion Jainkoari. Hilabete beranduago, kontrako eztarritik piku bat sartu eta Klemente V Aita-santua hil zen.

Ia jarraian, kondena aurrera eraman zuten Nogaret eta Filipe Erregea bera hil egingo dira. Madarikazioa ez zen hor amaitu eta Filiperen oinordekoak banan bana hil egingo dira. 1328an, Filiperen oinordeko guztiak desagertuko dira eta, horrela, Frantzian 300 urtez agintean izan zen Capetiansen Dinastia desagertuko da.

Normala den bezala, garaiko biztanleak txunditurik geratu ziren jazoera horren aurrean eta ‘Molayren madarikazioa’ izenarekin ezagutzen zenaren berria Europatik zehar zabaldu zen.

Europako hegoaldean, berriz, ostirala 13 baino, asteartea 13 da egun madarikatua. Printzipioz, sinesmen horrek ez du bere jatorria inolako gertaera historikoan. Antza denez, asteartea Marte Jainkoarekin erlazionatuta dago, hots, Gudaren erromatar jainkoarekin.