Hamar gaztetik lauk kontsumo ohitura jasangarriak ditu

Gazteen artean gehien jarraitzen den ohitura jasangarria birziklatzearena da (% 76,7)

Gazteriaren Euskal Behatokiak ekainaren 5ean ospatu den Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren ildora plazaratu dituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 40,2k kontsumo ohitura jasangarriak ditu.

Bost dira ohitura jasangarriak jarraitzen diren ala ez zehazteko erabili diren aldagaiak: erosketak egitean norberaren poltsa edo orga eramatea, gutxi ontziratutako edo gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzea, etxeko zaborra hondakin motaren arabera birziklatzeko bereiztea, uraren kontsumoa mugatzen saiatzea eta, azkenik, garraio publiko kolektiboa erabiltzea edo autoa partekatzea. Aipatu bost ohituretatik lau jarraituz gero, kontsumo ohitura jasangarriak jarraitzen direla esan ohi da.

Gazteen artean gehien jarraitzen den ohitura jasangarria birziklatzearena da (% 76,7); jarraian, norberaren poltsa edo orga erabiltzea (% 75) azaltzen da. Gazteen % 73,7k garraiobide publikoak erabili ohi ditu edo, bestela, autoa partekatzen du. Ehuneko baxuagoak dituzte uraren kontsumoa mugatzeak (% 54,7) eta gutxi ontziratutako edo gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzeak (% 29,9).