Hego Euskal Herriko hainbat gaztek uztailetik aurrera izango diren auzolandegietan parte hartzeko aukera izango dute. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak antolatu dituen auzolandegien kasuan, 84 gaztek parte hartuko dute EAEn bertan antolatuko diren auzolandegietan eta beste 107 gaztek Estatuan eta Frantzian, Estonian, Alemanian, Txekiar Errepublikan eta Italian izango diren auzolandegietan parte hartuko dute. Nafarroako Gazteria Institutuak antolatu dituen auzolandegietan, berriz, 175 gaztek uztaila eta abuztua bitartean izango diren auzolandegietan parte hartu ahal izango dute.
Nafarroako auzolandegiak
Nafarroan 7 izan dira antolatu diren auzolandegiak. Horietako lau 18 urtetik gorako gazteentzat soilik izango dira: horietako bi Mañeruko Bargota Monasterioan egingo den indusketa arkeologikoaren ingurukoak izango dira, beste bat ingurumenaren inguruan Bertiz Jaurerrian eta, azkena, Etxalarren egingo dena bunker batzuk birgaitzeko.
Beste hiru auzolandegietan 15 eta 17 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute. Lehenengoa Urbasan izango da eta beste biak Otsondon eta Erronkarin.
Aldi berean, 73 gaztek Estatuko beste zenbait autonomia erkidegotan antolatuko diren auzolandegietan parte hartuko dute. Horrez gain, beste gazte batzuk Alemanian, Armenian, Belgikan, Erresuma Batuan, Estonian, Frantzian eta Italian antolatu diren auzolandegietan parte hartu ahal izango dute. Nafarroan antolatu diren auzolandegietan ere Frantziako, Italiako, Mexikoko eta Turkiako zenbait gaztek parte hartuko dute.
Euskadiko auzolandegiak
Aurten hamabi izango dira Euskadin garatuko diren auzolandegiak. Lehenengo txandak Muruetan, Muxikan, Alonsotegin eta Erandion izango dira. Aurten, lehenbizikoz, adingabeei bereziki zuzendutako auzolandegiak izango dira (Gorliz, Alonsotegi eta Maeztu).
Beste berrikuntza garrantzitsu bat Nafarroa-Akitania Berria-Euskadi Euroeskualdearenbarruan antolatu den auzolandegia izango da. Aipatu auzolandegia Baztanen den Otsondo mendatean izango da eta memoria historikoaren gaia jorratuko da. Nafarroako Pirinioetako bunkerrak leheneratzea izango du ardatz. 2022ko abuztuaren 1etik 15era bitartean egingo da eta 14 eta 17 urte arteko 25 gazte arituko dira, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
Gazteria Zuzendaritzak antolatu dituen 12 auzolandegietatik bik nazioarteko izaera izango dute (Murueta eta Muxika).
Argazkia: gazteaukera.