Haur eta nerabeen osasun mentala zaintzeko kanpaina

Azken Haurren eta Nerabeen Azterketa Diagnostikoaren arabera, Covid-19aren ondorioz, gaur egun, gasteiztar adingabeek bizitzarekiko duten asebetetze-maila aurreko azterketetan baino baxuagoa da.

Datorren urriaren 10ean, Osasun Mentalaren Mundu Egunarekin bat eginez, Gasteizko Udalak haur eta nerabeen osasun mentala zaintzeko prebentzio eta kontzientziazio kanpaina bat jarriko du martxan. “Osatu zaitez. Onartu, baloratu eta eraldatu zure buruko osasuna” mezua zabalduko duen ekimen horren xedea da osasun mentalari mesede egingo dioten bizitza ohitura egokiak berreskuratzen laguntzea.

Izan ere, pasa den apirilean Gasteizko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak aurkeztu zuen azken Haurren eta Nerabeen Azterketa Diagnostikoaren arabera, Covid-19aren ondorioz, gaur egun, gasteiztar adingabeek bizitzarekiko duten asebetetze-maila aurreko azterketetan baino baxuagoa da. Adibidez, nesken, mutilen eta nerabeen % 25-30ek adierazi du gogo-aldarte baxua, suminkortasuna edo urduritasuna pairatu izan duela; hamarretik bik uste du bere osasun fisikoak okerrera egin duela, eta % 35,2k, berriz, beren aldartea pandemia aurrekoa baino okerragoa dela dio.

Kanpaina

Kanpainaren barruan, urriaren 14an, adingabeen artean nortasunaren eraikuntzaren gaia jorratuko duen profesionalentzako jardunaldi bat izango da.

15ean haurrentzako slackline tailerra eta ipuin kontalari saio bat izango da. Eder Alvarezek  slackline erakusketa egingo du eta antsietatea kudeatzeko eta lasaitzen ikasteko haurrentzako tailerrak ere izango dira.

Urriaren 21ean, Europa Jauregian, “Gazteen autolesioak eta jokabide suizidak ulertzerantz” izenburua duen hitzaldia eskainiko dute Jon García-Ormazak eta Alexander Muelak. Azkenik, abenduan, ‘Qué veo, qué hago’ egitasmoa aurkeztuko da. Nerabeekin ikasgeletan lan egiteko ikastetxe guztiei emango zaien online tresna da hau.