Haur eta nerabeen parte-hartzea: zer da eta zergatik da garrantzitsua?

Haur eta nerabeen ahotsa entzun dadin, hainbat dira izen horrekin garatzen diren ekimenak. Partaidetza hori sustatzeko, gainera, neurri eta bide berriak ezartzeko aurrerapausoak eman dira azkenaldian

Zeintzuk dira adingabeen kezkak? Eta haien aldarrikapen nagusiak? Gizarteak ezagutzen al ditu kezka eta aldarrikapen horiek?

Onartu berri den Haur eta Nerabeen euskal legeak partaidetzaren garrantzia azpimarratzen du haur eta nerabeen eskubide guztiak lortu eta babesteko ezinbesteko mekanismo moduan. Euskadin, haur eta nerabeak biztanleriaren % 16,13 dira, eta haien ardurak eta iritziak eman eta partekatzeko eskubidea dute, gure gizartearen parte diren heinean.

Horixe da, hain zuzen ere, parte-hartzearen helburua, haur eta nerabeen ahotsa babestea, haien iritziak kontuan har daitezen, eragiten dieten gaietan hitza izan dezaten, eta maila guztietako administrazio publikoek euren aldarrikapenak jasotzeko mekanismoak garatu ditzaten, hasi tokikoetatik eta autonomikoetatik, eta estatu mailara salto eginez.

Zergatik da garrantzitsua? 

Parte-hartzea haurren garapenerako funtsezko faktorea da, eta babes-, autonomia-, erresilientzia- eta komunikazio-trebetasunak sustatzeaz gain, pentsamendu kritikoa, sormena, konpromisoa eta erantzukizun balioak zabaltzen ditu. 

Garrantzitsuena da haur eta nerabeek beren komunitatean eta gobernantzan rol aktiboa izan dezaten laguntzen duela. Horrek esan nahi du beraiek direla protagonistak, ekimen propioa dutela eta aldaketak sortzeko gai direla. Hau da, gure gizartean euren hitza eta iritzia kontuan hartzen direla.

Parte-hartzea haurren garapenerako funtsezko faktorea da, eta babes-, autonomia-, erresilientzia- eta komunikazio-trebetasunak sustatzeaz gain, pentsamendu kritikoa, sormena, konpromisoa eta erantzukizun balioak zabaltzen ditu. 

Ezin ahatz dezakegu haur eta nerabeek parte hartzeko eskubidea dutela, eta, beraz, familiaren eta haren harreman-gune hurbilenean, nahiz inguruko bizitza sozialean, kulturalean, artistikoan, kirolean, aisialdian eta politikan bete-betean parte hartzeko aukera izan behar dutela. Eskubide horrek barne hartzen du, halaber, poliki poliki herritartasun aktiboa garatzen hastea, adinaren eta garapen ebolutiboaren arabera.

Parte-hartzeko askotariko moduak

Haurrek eta nerabeek parte hartzeko modu asko dituzte: elkarteen bidez, aisialdiko jardueretan, etxean, klasean…,  baina UNICEFek ikuspegi publiko eta politiko batetik planteatzen du parte-hartze hori. Adibidez, haurrek eta nerabeek administrazio eta gobernu guztiekin zuzenean hitz egiteko guneak sortzeko ekimenekin. Horrela, haiek beren ikuspuntuak azaltzea eta partekatzea lortzen dugu. 

Ildo honetan, UNICEFen Haurren Hiri Lagunak programaren parte diren herrietan, tokiko partaidetza taldea sustatzen du. Talde hori haurrek eta nerabeek osatzen dute, eta eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko biltzen dira, haien iritziak eta ideak udalari helarazteko. 

Azken urtean, UNICEF Euskadiko Batzordeak 1.600 haur eta nerabe baino gehiago mobilizatu ditu haurren partaidetzarako jardueretan; besteak beste, komunikabideetan eta irratiko solasaldietan eta ekitaldi instituzionaletan

Ekimen honen bidez, haurrek beren potentzial guztia babes-inguruneetan garatzea lortu nahi da. Baina ez hori bakarrik, udal-kudeaketako mekanismoak sendotzen dira, haurren eta nerabeen iritziak kontuan hartuz, eta, horri esker, erakunde bera ere sendoagoa bilakatzen da. Gaur egun, Euskadiko haur eta nerabeen % 30 bizi da UNICEFen Haurren Hiri Lagunetan: Bilbo, Gasteiz, Andoain, Pasaia, Irun, Ortuella, Ermua, Zalla eta Berango.

Ekimen honi askoz gehiago ere gehitu diezazkiokegu. Azken urtean, UNICEF Euskadiko Batzordeak 1.600 haur eta nerabe baino gehiago mobilizatu ditu haurren partaidetzarako jardueretan; besteak beste, komunikabideetan eta irratiko solasaldietan eta ekitaldi instituzionaletan, hala nola Bizkaiko Batzar Nagusietan.  Gainera, alde batetik, ordezkari politikoekin topaketak antolatu ditugu, eta, beste alde batetik, haur eta nerabeak ahalduntzeko jardunaldiak eta haien aldarrikapenak jasotzeko gunea sortu dugu, gurekin elkarlanean dauden GAUR- UNICEF Euskadiko Gazte Aholkulari taldeko kideen bitartez.

Haur eta Nerabeen euskal legeak partaidetza sustatzen du

Zalantzarik gabe, partaidetza sustatzeko bide honetan, mugarri garrantzitsuenetako bat Haur eta Nerabeen euskal Legea onartzea izan da. Arauak haurren eta nerabeen iritzia eta ahotsa kontuan hartzeko beharra jaso du lege-testu batean, eta alderdi politiko gehienen babesa jaso du. Horrela, Eusko Legebiltzarrak onartu egin du haurrak eta nerabeak erdigunean jarri behar direla erakunde sendoak eraikitzeko eta eredu inklusiboago baten alde egiteko. 

Onarpenaren ondoren, legearen inplementazioa administrazio publikoen esku dago orain eta, besteak beste, partaidetza hori erraztuko duten elkarteak, taldeak eta espazioak bultzatu behar dira, eta aurretik martxan zeuden horiei behar bezalako eskumenak eman, haietan parte hartzen duten haur eta nerabeen iritzi, proposamen eta aldarrikapenak kontuan har daitezen.

Euskal Herriko Batzordea
Iruzkin 1
  • […] 10-17 urte bitarteko 40 adingabe inguruk parte hartu dute. Topaketak adingabeek tokiko erakundeetan parte hartzea sustatuko duten mekanismoak bilatzea izan du […]

Iruzkinak itxiak daude...