Segurtasun eta babes bila egiten dute bidea. Zortzi urte dirauen Siriako gerratik ihesi, herrialde baketsuagoa non aurkituko. Euren senide, etxebizitza, eskola, lagun eta momentu asko atzean utzi eta, egunero, familia askok Siriatik alde egiteko bidaia hasten dute. Pentsa baino arriskutsuagoa bilaka daitekeen bidaia. Arerio nagusien artean, negu hotza. Haur eta heldu asko heriotzara eramaten dituen negu hotza. Mendiak igarotzerakoan zero azpiko tenperaturak eta elurra topatzen dute familia siriarrek oraingo negu partean. Izan ere, Siria eta Libano bitarteko mugan dauden mendietan familia asko daude hotzak eta elurrak harrapatuta egun; eta egoerak okerrera egin dezake.
Tamalez, Siria, Libano, Irak, Yemen, Jordania, Turkia, Egipto… moduko herrialdeetan, haurrek gatazka armatua eta beldurrari aurre egiteaz gain, negu gogorrari ere aurre egin behar diote bizirauteko. Horregatik, UNICEFek martxan dauka negua hasi zenetik familientzako laguntza-plana: arropak, estalkiak eta eskolak berotzeko hornigai banaketa, besteak beste, ur edangarria eta sendagaiez gain, gaixotasun larriak eta heriotzak ekiditeko. Hala ere, hotzaren ondorioz hiltzen den haur bakoitzak gogora ekarri behar digu egiteke dagoena. 800.000 haurrek dute neguan UNICEFen laguntzaren beharrizana eta Sirian erantzuna emateko behar den funtsen erdia baino ez da jaso oraindik.
“Hotzak beldurra ematen dit. Eskuetako mina daukat eta ez daukagu elektrizitaterik, manta batzuk baino ez. Espero dut aurtengo negua iazkoa baino epelagoa izatea”. 11 urteko Yasser ume siriarraren hitzak dira. Gogoetara bultzatu behar gaituzten hitzak. Aurtengo neguan haur bakar bat ere babes barik gera ez dadin.
Eta muturreko tenperatura baxuak gutxi izango balira, urtea erailketekin hasi da Sirian. 2018ko lehenbiziko bi asteetan 30 haur erail dituzte. Indarkeria maila asko gogortu da eta batez ere haurrak ondorio larriak jasaten ari dira. Eskolak itxi dira; osasun-zentroak ere bai; etxebizitzen aurkako erasoak gertatzen dira egunero, haur asko zaurituta utzirik; Siriako zonalde batzuetan, larrialdirako osasun-zentro mugikorrak baino ez daude tratamendua eta laguntza jasotzeko. Noraino helduko da egoera jasanezin hau eta zer egingo dugu bitartean?
Laguntza humanitarioa behar duen haur bakoitzarengana heltzeko ahalegina egin behar dugu. Nonahi daudelarik. Horretarako, gatazkan parte hartzen duten aldeek langile humanitarioen sarrera ahalbidetu behar dute. Bizirik dirauen pertsona guztiei oinarrizko laguntza ematen jarraituko du UNICEFek Sirian, baita etorkizunean hain beharrezkoa izango den laguntza psikologikoa ere. Baina setio egoeran dauden lurraldeetan edo heltzeko zailtasunak dituzten tokietako haurrengana hobeto eta gehiago iristeko konpromisoa indartu behar dugu.
UNICEFek duen informazioaren arabera, familia asko lur azpian izkutatuta bizi dira euren bizitza arriskuan dagoelako. Haurren heriotzak egunerokotasuneko irudi eta albiste bihurtu dira, horrek ekar ditzakeen arriskuekin. Muturreko gatazka eta indarkeria normaltzat ikusten ari gara urteak igaro ahala eta etorkizunerako izan dezakeen eragin negatibo larriari erreparatu barik. Egoera honen aurrean, zer behar du munduak Siriako guda eten eta modu kolektiboan erantzuna emateko ia zortzi urte igaro ostean? Noiz ohartuko dira haurrak hiltzean herrialde siriarreko etorkizuna ere hiltzen ari direla? Haurren belaunaldi oso bat arriskuan dago Sirian. Hotzez hiltzen. Guda jasaten.
UNICEF – Euskal Herriko Batzordea