Haurrek merezi duten justizia baten alde

Argi dago sexu-abusua haurren eta nerabeen kontrako indarkeria mota larrienetakoa dela, eta, horrez gain, ezkutuen geratzen da askotan.

Gaur egun, sexu-indarkeriagatik jarritako 2 salaketetatik batek adingabe bat du biktima gisa, Barne Ministerioaren datuen arabera. Haurren kontrako sexu-abusu kasuen hamarretik zortzitan, erasotzailea familia-inguruneko norbait edo haurrak ezagutzen duen norbait da, eta abusatzaileen % 96ek ez du sexu-indarkeriarekin lotutako aurrekari penalik. 

Egoera latza da. Horregatik “Haurrek merezi duten justizia baten alde” txostena kaleratu berri dugu Save the Childrenetik, Estatuan haurren kontra izan diren sexu-abusuei buruzko epaiak aztertuz. Txostenerako, Espainian indarkeria mota horrekin lotuta izan diren kasuei dagozkien 400 bat epai judizial aztertu dira. Bertan aipatzen da prozesu judizialak ez duela adingabearen interes gorena bermatzen, bi edo hiru urtera arte gehiegi luzatzen baita, eta gertakariak gutxienez 8 pertsonari kontatuko baitizkie.

Euskadin

Euskadin, 46 epai aztertu dira eta ikusi da biktima gehienak neskak direla, % 80,4. Adinari dagokionez, 10 urtetik 14ra bitarteko adin-tartea nabarmentzen da, kasuen % 63tan. Familia-inguruneari % 43,5 kasu dagozkio. Erasotzaileen % 34,8 biktimak ezagutzen dituen pertsonak dira eta % 21,7 ezezagunak dira. Horrez gain, prozesuak 2-3 urte iraun zuen kasuen % 23,9tan (maiztasun handieneko ehunekoa) eta kondenak, berriz, aztertutako kasuen % 89,1ean ezarri dira.

Argi dago sexu-abusua haurren eta nerabeen kontrako indarkeria mota larrienetakoa dela, eta, horrez gain, ezkutuen geratzen da askotan. Barne Ministerioak emandako azken datuen arabera, 2021ean, biktimak haur eta nerabeak ziren 8.317 salaketa aurkeztu ziren sexu-askatasunaren aurkako delituengatik. 

Datu horiek iceberg-aren tontorra baino ez dira; izan ere, sexu-abusuen % 15 inguru soilik salatzen dela jotzen da. Oraindik ere, jende askok uste du horrelako kasurik ez dela gertatzen ia, eta gure inguruan haur batek abusuak jasango balitu, konturatuko ginatekeela; baina beste zerbait erakusten dute, argi eta garbi, datuek.

Barnahus

Hori dela eta, Barnahus eredua (“haurren etxea” esan nahi du islandieraz) ezartzearen alde dago Save the Children; arreta integraleko eredu bat da, non haurren kontrako sexu-abusu kasu batean esku hartzen duten erakunde guztiek koordinatuta lan egiten duten elkarrekin eraikin berean, haurra bigarren aldiz biktimizatzea saihesteko. 

Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Save the Childrenen aholkularitzarekin, proiektu pilotu bat gauzatzeko talde eragilea jarri zuen abian 2021ean, haren bidez haur eta nerabe adingabeei arreta integral eta espezializatua emateko. Eredua biribildu eta lan egiteko modua zehaztu da, haurren kontrako abusuei buruzko prestakuntza-lantegiak egin dira, bilerak egin dira munduan zehar dauden beste Barnahus etxe batzuetako eta sektoreko kideekin, eta, horren guzti horren ostean, Barnahus eredu pilotua abian jartzekotan dira Gasteizen hurrengo hilabeteetan. 

Euskadiko eredu honetan, gizarte-zerbitzuak oinarrizkoak dira Barnahus ereduaren zerbitzuetara iristeko. Hortik abiatuta hasiko dira gainerako eragileak: epaitegi eta poliziaren esparrukoak, biktima arriskuan badago; hezkuntzakoak, askotariko baliabideak izango baitituzten haurren kontrako indarkeria kasu posibleak identifikatzeko eta, hala denean, dagozkien udalerrietako gizarte-zerbitzuei horren berri emateko; eta osasun-arlokoak, hauek jada lehendik protokolo bat egina baitute eta, orain, koordinatu eta Barnahus eredura egokitu beharko baitute.

Epaitegi espezializatuak

Bukatzeko, Save the Childrenetik gogorarazten dugu ezinbestekoa dela epaitegi espezializatuak izatea, edozein indarkeria motaren eta, nola ez, sexu-abusuen biktima diren haurren eskubideak bermatzeko. Behar-beharrezkoa da gobernuak berariazko legedia egitea bidea urratzeko eta, bide horretatik, indarkeria mota ororen (eta, beraz, sexu-abusuen) biktima izan diren haurren eskubideak bermatuko dituen justizia espezializatu horretara iristeko; legedi horren beharra jasotzen du duela bi urte Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Babesteko onartutako Lege Organikoak. 

Aurreko legegintzaldian, jada hiru lege-proiektu abiarazi ziren justizia-sistema berritzeko, eta, nahiz eta ez zegoen berariazko lege-proiektu bat horretarako, aukera paregabea adierazi zuten horiek haurren eta nerabeen kontrako indarkerian espezializatutako justizia bat eratzeko. Hurrengo lau urteek haurrei begiratzeko legegintzaldia izan behar dute behin betiko, eta justizia sistema osoak haurren egoeraren neurrira egon behar du.