Kondestablearen Jauregian Ernest Hemingway idazle iparramerikarra Sanferminetan izan zenari omenaldia egiten zaion erakusketa ikusgai dago abuztuaren 20ra arte.
“Recordando a Hemingway. 100 años de su llegada a Pamplona” izeneko erakusketa honek “Recuperando a Hemingway – Hemingway Bidaide” zikloan erakutsitako elementuak biltzen ditu. Ziklo hori Iruñeko Udalak garatu zuen 2016., 2017. eta 2018. urteetan. Kondestablearen Jauregiko ezkaratzeko espazioetan eta beheko eta lehenengo solairuan dauden patioetan erakusketa horien edukiak daude, Hemingwayk Iruñera egindako bisitak eta haiek inguratu zituen testuinguru kulturala gogora ekartzen dituztenak, Nafarroako hiriburura lehen aldiz iritsi zeneko mendeurrenean.
1923 eta 1931 bitartean, idazle iparramerikarrak zazpi aldiz parte hartu zuen San Fermineko jaietan. Bere presentziak garai hartako kultur arloko beste pertsona ospetsu batzuk erakarri zituen eta, gainera, festa hauen nazioarteko zabalkundean lagundu zuen, gaur egun arte irauten duen eragina. Gerra Zibilaren eztandak, idazle iparramerikarrak Errepublikaren alde hartutako jarrerarekin eta diktadura frankista arbuiatzearekin batera, eten egin zituen bisitaldi horiek, eta gertakari horiek erakusketa honetan islatu dira.