Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak Ernest Hemingway idazle eta kazetari estatubatuarraren atzera begirako erakusketa du ikusgai. Idazle amerikar ezagunak Euskal Herriarekin izan zuen lotura aztertzen duen lehen erakusketa da.
1920ko hamarkadan Euskal Herrira egindako lehen bisitetatik, 1961ean Idahon hil zen arte, Kuban egindako egonaldi luzea barne, Hemingwayk ez zion utzi euskaldunekin adiskidetasunak sortzeari, hainbat kasutan, oso estuak.
Eraskusketa
Erakusketak Ernest Hemingway Nobel saridunak ia 40 urtetan zehar Euskal Herriko kultura eta jendearekin izan zuen lotura erakusten duten objektuak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, idatziak eta bitxikeriak biltzen ditu. Gainera, Edorta Jimenezek zuzendutako erakusketak “Night Before Easter – Pazko Bezperako Gaua” liburuaren euskarazko edizioa estreinakoz aurkeztuko du. “Hemingway & Euskal Herria” erakusketa osatzen duen idazlana Martha Gellhorn kazetari, gerra-erreportari eta idazleak idatzi zuen eta bertan, Hemingwayk eta Gellhornek berak Habanan bizi ziren hainbat euskaldunekin, pilotariak gehienak, egin zuten festa baten inguruko gorabeherak jasotzen ditu.
Erakusketaren barruan ikus daitezkeen objektuen artean Jose Maria Uzelairen “Conversation Piece, Just Leisure” margolana aurkitzen da. Bertan, Hemingway eta bere lagun min Juan Duñabeitia azaltzen dira (Sinsky idazlearentzat) eta horiekin batera, baita “Pilar” yatearen maketa bat. Hemingwayk, II. Mundu Gerran, maketa hori erabiltzen ohi zuen alemaniar itsaspekoak ‘ehizatzeko’ Habanako bere lagun euskaldunekin batera.