Hezkuntza sistemak ez ditu pertsonak lanbide bat garatzeko soilik prestatu behar. Hezkuntza sistemak gazteak hezkidetzarako trebatu behar ditu, eraldaketarako gaitasuna duten herritarrak ‘sortzeko’. Premisa horretatik abiatuta, InteRed Euskal Herria GKEak “Indarkeria matxisten prebentziorako hezkidetza topaketa” izenburua duen jardunaldia antolatu du. Hitzordua martxoaren 12an izango da, Bilboko Azkuna Zentroan.
Gobernuz kanpoko Erakundetik azaltzen dutenez, hezkidetza “bizitza erdigunean jartzea da, zaintzaren kultura sustatzea, elkarrekiko errespetuan, erantzunkidetasunean, berdintasunean, indarkeria matxisten prebentzioan eta genero-estereotipoak eta -aurreiritziak desagerraraztean oinarritutako baloreak eta ereduak sustatzea”.
Programazioa
Jardunaldia goizeko 9:30etan hasiko da erakunde ezberdinetako ordezkarien agurrarekin. Bertan izango dira Nekane Alonso (Bilboko Udala), Izaskun Landaida (Emakunde) eta Paul Ortega (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia).
Lehenengo hitzaldia Carmen Ruíz Repullok eskainiko du. Ruíz Repullo soziologoa, hezitzailea, aholkularia eta irakaslea da Jaénko Unibertsitatean eta nerabe eta gazteen artean ematen den indarkeria matxistetan aditua da. “Retos de la coeducación actual: herramientas para la prevención de violencias machistas en el aula y cómo combatir negacionismos” izenburua duen hitzaldia eskainiko du.
Jarraian, hil ondoko omenaldia egingo zaio María José Urruzolari.
Eguerdian, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatzen duen “Buenas prácticas coeducativas en el aula. Proyecto jóvenes desmontando el patriarcado” egitasmoa azalduko da. Jarraian, mahai-inguru bat izango da berdintasunezko maskulinitateen inguruan. Bertan Erick Pescador, Carlos García (Gizonduz) eta Roberto Oslé (Amikeco) izango dira.
Goizeko saioari amaiera emateko Virginia Imazek hezkidetza eta umorea uztartuko ditu.
Arratsaldeko saioa
Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da. Anna Bueriberik (Afroféminas) eta Tamara Claveríak (AMUGE) “Interseccionalidad en el aula” izenko hitzaldia eskainiko dute.
Jarraian, Adriana Guzmán boliviarrak “Feminismos despatriarcalizadores” izenburua duen hitzaldia eskainiko du.
Jardunaldia ixteko, Isa Duquek “Generación Z. Cómo acompañar a jóvenes en la prevención de violencias machistas y algunas claves para el ciberactivismo” hitzaldia eskainiko du. Duquek Clara Campoamor Saria irabazi zuen 2018. urtean.