Astelehen goizak ez dira hain astelehen aste horretan jai egunen bat bada. Eta jai egun hori ostirala bada, askoz hobe. Asteburu luzeagoak errealitate bilaka daitezke hainbat herrialdetan lau egunetako lan-astea ezartzea pentsatzen ari baitira.
Gaur egun, lau egunetako lan-astea utopia bat dirudi. Baina seguruenik, XIX. mendeko langileei ere 40 orduko lan-astea eta bi egunetako asteburua utopia bat irudituko zitzaien.
Izan ere, bost egunetako lan-astea nahiko fenomeno berria da. XIX. mendearen amaiera arte Erresuma Batuko langile batek astero 60 ordu inguru egiten zuen lan. Espainian, zortzi orduko lanaldia 1919. urteko apirilean ezarri zen La Canadiense enpresan egin zen 44 eguneko greba baten ostean. Zortzi orduko lanaldiaren errebindikazioa mundu osoan hedatzen hasia zen 1886. urteko maiatzaren lehenaren ondoren. Urte horretan Estatu Batuetako hainbat hiritan aldarrikapen hori egiteko hainbat manifestazio egin ziren.
1926. urtean, adibidez, ohikoa zen sei eguneko lan-astea. Henry Ford izan zen soldatak jaitsi gabe bost eguneko eta 40 orduko lan astea ezarri zuena produktibitateak behera egingo ez zuela egiaztatu zuenean. Ford berak azaldu zuenez, “bost eguneko lanaldia ez da azken xedea, ezta zortzi orduko lanaldia ere”. Ia ehun urte geroago, gizartea nabarmen aldatu da, baina lan-asteak berdin jarraitzen du.
Presentzialtasuna ez da errentagarria
Ia gauza guztiak birplantearazi digun pandemia baten ondorioz, konturatu gara beste era batera ere lan egin daitekeela, bertaratzea ez dela hain garrantzitsua, eta zentzurik gabeko orduak sartzea edo lanpostuan aulkia besterik gabe berotzea ez dela errentagarria, ez langilearentzat, ez enpresarentzat.
Telelanarekin hainbat enpresa konturatu dira bere langileei ordaintzen dieten soldata horien produktibitateari lotuta dagoela eta ez sartzen dute ordu kopuruari edo lan egiten duten tokiari. Horrela, gero eta gehiago dira bulego malguaren aldeko apustua egiten duten enpresak. Eredu berri horretan langileek lanean ematen duten ordu kopuruaren gainean kontrol handiagoa dute.
Erresuma Batuko bulego langileen artean Vouchercloud.com-ek egin duen azterlan baten arabera, langile horiek ‘benetan’ lanean ematen duten denbora, egunean, 2 ordu eta 53 minutukoa da. Sare sozialak eta albisteak eskaintzen dituzten webguneak dira horrelako langileen produktibitatean gehien eragiten duten entretenimenduak.
40,2 ordu astean
Estatuan, batez beste, langileok astean 40,2 ordu egiten dugu lan; hots, zortzi orduko lanaldia. Europar Batasuneko herrialde gehienetan antzeko lanaldiak dituzte. Momentuz, gutxi dira lau eguneko lan-astea bideragarri ikusten duten enpresak.
Hala ere, badira lan egutegia aldatzeko hainbat proiektu. Espainiako gobernuak eta Más País alderdiak soldata jaitsi gabe lau eguneko, 32 orduko, lan-astea sustatzeko akordio bat sinatu dute. Hasierako proposamenaren arabera, programarekin bat egiten duten enpresek 2.000 eta 3.000 euro bitarteko laguntzak lor ditzakete.
Aurreikuspenen arabera, 2050. urterako lanaldia 35 ordukoa izango da. Hainbat herrialde jada kopuru horretan mugitzen ari dira: Suitza (34,6), Norvegia (33,7), Danimarka (32,4) edo Herbehereak (30,3).
Espainiako gobernuaren proposamenaren xede nagusia da enpresetako langileei bere lan-denbora antolatzeko askatasun handiagoa ematea. Aldi berean, ikusi nahi da lanerako denbora murriztuz eta soldatak berean mantenduz enpresak beren produktibitatea mantentzeko gai diren ala ez.
Estatuan aurreratuen dagoen egitasmoa Valentziako Generalitatearena da. Bertan langile bakoitzeko 5.500 euro bitarteko zuzeneko laguntzak iragarri dira soldatak jaitsi gabe lan-astea 32 ordutara murrizteagatik (4 edo 5 egunetan). Enpresak lanaldi hori mantenduko balu, bigarren urtean 1.746 euroko laguntza jasoko luke langile bakoitzeko eta 1.373 eurokoa hirugarren urtean. Hortik aurrera ulertzen da produktibitatean emandako hobekuntzak lan orduen beherakada orekatzen duela. Beste aukera bat lan-astearekin batera soldatak ere murriztea da. Telefónicak, adibidez, eredu hori jarraitu du. Enpresak lau eguneko lan-astea eskaintzen du baina dagokion soldata murrizketarekin. Murrizketa horretatik enpresak % 20 itzultzen dio langileari. Desigualek ere antzeko eredua ezarri du. Langileak behartuta daude lau eguneko lan-astea hartzera ordu murrizketari dagokion soldata murrizketaren erdia aplikatuz.
Bi ideia horiek, nolanahi ere, jatorrizko ideia desitxuratu egiten dute. Izan ere, ordu gutxiago lan egiten duten langileei soldata jaistea lanaldi murriztua aplikatzea besterik ez da; ez da eredu hauslea, aitzitik, eredu zaharkitu ezkutua da.
Erresuma Batuko esperimentua
Ekainaren hasieran, Erresuma Batuan, lau eguneko lan-astearen onurak egiaztatzeko proba pilotu bat hasi zen. Bertan, 70 enpresetako 3.300 langilek astean lau egunez lan egingo dute ordura arte zuten produktibitatea % 100ean mantenduko zutenaren konpromisoarekin. Proban parte hartzen ari diren enpresak sektore askotarikoak dira: bankuak, merkataritza, ostalaritza… Proiektuak Cambridge unibertsitatearen, Oxford unibertsitatearen, Boston Collegearen eta 4 Day Week Global erakundearen babesa du.
Azken hori lau eguneko lan-astea defendatzen duen irabazi asmorik gabeko think tank bat da. Erresuma Batuan burutzen ari diren esperimentu horretan 100-80-100 eredua jarraitzen ari dira, hots, soldataren % 100 eta lan orduen % 80 produktibitatearen % 100aren truke.
4 Day Week Global erakundeak ikusi ahal izan duenez, lau eguneko lan-astea ezartzen duten ia enpresa gehienek hiru aldaketa esanguratsu egiten dituzte: bilerak modu oso nabarmenean laburtzen dituzte; teknologia modu burutsuagoan eta jakitunean erabiltzen dute; eta, lanaldia birdiseinatzen dute, lan kontzentraturako, bileretarako eta gizarte-denborarako aldi desberdinak eraikitzeko.
Ezagutzera eman diren lehen datuen arabera, beraien ordutegia aldatu duten enpresen % 78k dio trantsizioa inolako arazorik gabe burutu dutela. Gainera, % 78aren ustez, aldaketak mesede egin die langileei eta baita enpresari ere. Etorkizunera begira, behin proba amaituta, enpresen % 86k lau eguneko lan-astea mantenduko duela adierazi du. Ia erdiak dio (% 49k) bere langileen produktibitatea igo dela eta % 46aren ustez langileen produktibitatea berean mantendu da.
Bestalde, bost parte-hartzailetik batek proba utzi behar izaten du arazo bikoitz batengatik. Alde batetik industriaren beharretara aurre egin behar izatea eta, bestetik, lan-prozesuak hobetu beharra lanaldi osoarekin lortzen ziren emaitzak lortzeko.
Gero eta hedatuagoa dagoen ideia
Erresuma Batukoa ez da munduan egin den horrelako esperimentu bakarra. Adibidez, Islandian antzeko proiektu bat garatu zuten 2015etik 2019ra bitartean 2.500 langile publikorekin. Kontuan izan behar da bertako biztanleria oso txikia dela eta proba horretan biztanleria aktibo osoaren % 1ek parte hartu zuela. Gobernuak proba oso arrakastatsua izan zela adierazi zuen.
Aurten bertan antzeko proiektuak garatzen ari dira Amerikako Estatu Batuetan, Irlandan, Kanadan, Australian eta Zeelanda Berrian. Kalifornian, adibidez, lau eguneko lan-astea ezartzeko lege-proposamen bat aurkeztu da.
Europan ere gero eta gehiago dira lan-astea murrizteko erraztasunak ematen dituzten herrialdeak. Esan bezala, Suitza, Danimarka eta Norvegiak lanaldi laburrenak dituzte ELGAren arabera.
Portugalen, joan den maiatzean proiektu pilotu bat jarri zen abian, enpresek lau eguneko lanaldia ezar zezaten. Orain, Gobernua administrazio publikoentzako lanaldi-plan bera egiten hasi da.
Belgikan ere langileek erabaki dezakete lau edo bost eguneko lan-astea nahi duten ala ez (soldata mantenduz). Horrek ez du esan nahi ordu gutxiago lan egin dezaketenik. Kasu horretan, lau eguneko lan-astea hartzen duten horiek asteko ordu guztiak egun bat gutxiagoan sartu beharko dituzte. Horrela, langile batek 9,5 edo 10 orduko lanaldiak izango ditu lan egiten dituen egunetan. Zenbait adituen ustez, eredu horrek eragin negatiboa izan dezake produktibitatean eta lan-istripuak eta estres-mailak areagotu ditzake.
Produktibitate handiagoa, ordu gutxiago
Orain arte, badirudi enpresa teknologikoei eta bulegoei lotutako neurria dela lan-astea murriztea, telelana eta deslokalizazioa eskaintzeko duten erraztasunari esker.
Beste zenbait sektoretan, berriz, hala nola, laguntza medikoa, langile gehiago kontratatu beharko lirateke estaldura maila bera mantentzeko.
Era berean, beste hainbat kasutan bezala, badirudi neurri hau bakarrik herrialde garatuenetan ezar daitekeela. 4 Day Week Global erakundeak azaltzen duenez, zuzeneko harremana dago lan-produktibitatearen eta lanordu kopuru gutxiagoren artean. Eta soilik herrialde aberatsenetako langileek murriztu dezakete haien lanaldiak produktiboagoak direlako.
4 Day Week erakundeak azaltzen duenez, lan-produktibitate handiagoa lan-ordu gutxiagorekin lotuta dago. Hala ere, bakarrik herrialde garatuenetako langileek dute haien lanaldiak murrizteko aukera, hain zuzen ere, produktiboagoak direlako. Adibidez, Alemania edo Suitzako langileek oso produktibitate altua dute (69 eta 83 dolar/ordu, hurrenez hurren).
Bitartean, Kanbodia, Myanmar eta Bangladesh bezalako herrialdeek pertsonako BPG oso baxua dute eta, aldi berean, urteko lanordu kopuru altuenak dituzte. Norvegiarekin alderatuta, Kanbodiako langile batek, batez beste, urte batean 900 ordu gehiago eman ahal ditu lanean.
Lanordu gutxiago lan egitearen abantailak
Astean lau eguneko lan-ereduaren lehen abantaila garbia da: lana bezain ondasun preziatua gehiago banatzeko aukera, batez ere langabezia-tasa handia duen herrialde batean. Horrek adibidez, enpresei talentua erakartzeko aukera emango lieke.
Asko, lan-astea murriztearen aldekoak baino, astean lan egiten diren lanorduen kopurua murriztearen aldekoak dira. Eguneko lanaldiak murriztuz, Langileek denbora libre gehiago izango lukete, gehiago deskantsatuko lukete eta hobeto egingo lukete lo; baja gutxiago egongo lirateke eta, ondorioz, errendimendua eta produktibitatea handiagoak izango lirateke.
Produktibitatea alde batera utzita, denbora libre gehiago izateak aukera emango lieke pertsonei gizartearen eta familiaren arteko erantzunkidetasuna hobetzeko, kirol gehiago egiteko, zaletasunak lantzeko edo beren burua gehiago zaintzeko.
Ingurumenaren ikuspuntutik, energia aurrezten lagunduko luke, joan-etorriak murriztuko lituzke eta kontsumo jasangarriagoa bultzatuko luke; izan ere, denbora gehiago izanez gero, hurbileko erosketak egin daitezke edo etxean janaria prestatu.
4 Day Week Global erakundearen arabera, lanaldi laburragoak probatu dituzten langileen % 78 gusturago daude eta estres-maila baxuagoa dute. Enpresek talentua erakartzeko eta mantentzeko aukera ematen diela aipatzen dute.
Espainian, ManpowerGroup-en azterketa baten arabera, profesionalen % 89k espero du bere lana, hein batean, urrunekoa izatea koronabirusaren krisiaren ondoren. Horixe da, hain zuzen ere, langileek lan-proiektu berri bat aukeratzerakoan gehien baloratzen duten alderdietako bat.