Abian da ‘Hizki Laburrak’ lehiaketaren edizio berri bat

16 eta 30 urte bitarteko Gasteizko gazteei zuzendutako lehiaketa honek euskararen erabilera eta sormena sustatzea du helburu

Gauekoak programaren eta Izaskun Arrue Kulturgunearen eskutik, abian da Hizki Laburrak kontakizun laburren lehiaketaren edizio berri bat. Lehiaketa 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta jatorrizko kontakizunetan euskararen sormena eta erabilera sustatzea du helburu. Aurtengoa lehiaketaren bosgarren edizioa da eta, ohi bezala, parte-hartzaileek hitz zehatz bat sartu beharko dute nahitaez beren kontakizunetan. Edizio honetarako hautatutako hitza ‘jakin-min’ da.

Lanak aurkezteko epea azaroaren 15era arte egongo da zabalik. Testuek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte: gehienez 1.000 hitz izatea eta PDF formatuan aurkeztea. Lanak posta elektronikoz bidali behar dira info.gauekoak@gmail.com helbidera.

Oinarriak

Igorritako artxiboan ez da egilearen informazio pertsonalik agertu behar. Datu horiek (izena, abizenak, jaioteguna, harremanetarako telefonoa eta helbidea) postaren gorputzean bidali beharko dira. Kontakizun bakoitzak izenburu bat izan behar du, eta parte-hartzaile bakoitzak nahi adina testu bidal ditzake. Garrantzitsua da lehiakideak Gasteizen bizitzea, ikastea edo bertan lan egitea. Ez dira poesia formatuko lanak onartuko, ezta ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak ere.

Epaimahaia Gauekoak taldeko kide batek, Lazarraga Kultur Elkarteko ordezkari batek eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuko teknikari batek osatuko dute. Epaileek, besteak beste, jakin-min hitza testuan sartzea, kontakizunen originaltasuna eta euskararen erabilera egokia baloratuko dute. Epaimahaiaren erabakia azaroaren 22an jakinaraziko da, antolatzaileen sare sozialen bidez.

Hiru sari banatuko dira Gasteizko Eva Forest Liburutopia liburu-dendan erabiltzeko bonu moduan. Lehenengo saria 250 euroko bonua izango da, bigarrena 150ekoa eta hirugarrena 100ekoa. Sariak azaroaren 25etik aurrera jaso ahal izango dira. Irabazleei bonuarekin eskuratzen dituzten liburuekin argazki bat bidaltzeko eskatuko zaie, sare sozialetan partekatzeko. Gainera, kontakizun guztiak, irabazleak barne, Gasteizko Udalaren webgunean argitaratuko dira hilabetez, publikoak irakur ditzan.