Artea eta natura uztartzen dituen Cristina Iglesias donostiarraren Hondalea lanak ekainaren 1ean irekiko ditu ateak Santa Klara uharteko Itsasargiaren Etxean. Uharteko natura basatian inspiratuta, Cristina Iglesiasek Itsasargiaren Etxearen barrualdea zaharberritzeko eta ingurune eskultoriko ikusgarri bihurtzeko obra egin du.
Hondalea ikusgai izango da ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, 11:00tik 18:00etara. Bisitek 30 minutuko etengabeko frekuentzia izango dute eta txanda bakoitzean, gehienez, 20 pertsona sartu ahal izango dira. Bisitak doakoak izango dira, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik erreserba egitea. Gainera, uztailaren 1etik irailaren 11ra bitartean bista gidatuak egiteko aukera ere izango da. Pasa den urtean bista horiek bakarrik euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen ziren, baina aurten ingelesez eta frantsesez ere eskainiko dira. Bisita gidatuek bi orduko iraupena izango dute eta horien truke 25 euro ordaindu beharko dira. Prezio horren barruan, gida eta uharterako bidaia sartzen dira. Kasu horretan ere ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea.
Hondalea
Hustutako itsasargiaren etxearen barruan induskatuta, Iglesiasen lanak euskal kostaldeko geologia eta ekologia berezia, eta uhartea inguratzen duten ozeanoko uren kemena biltzen ditu.
Cristina Iglesiasen obrak eskultura jardunaren ikuskera berritu bat eskaintzen du. Obren eta espazioaren artean konpromiso poetiko eta sinbolikoa bilatzeko bere ahalegina hedatze estetiko, ikusizko eta dinamiko batean gauzatzen da beti.
Cristina Iglesiasek, bere eskultura lengoaiatik berezkotik abiatuz, urruneko leku batean esku hartu eta aldarri ekologisten eta ingurumenaren kontserbazioaren defentsarako ikur bilakatu du.