Zein da hiriguneetan bizi diren gazteek euskarazko kulturarekin duten harremana? Galdera horri erantzuna ematen saiatuko dira Ahize-AEK-k antolatu duen ‘Igo Bolumena!’ izeneko jardunaldian. Hitzordua datorren abenduaren 2an izango da, Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean. Jardunaldian, gainera, hiriguneko gazteen artean euskara eta euskarazko kultura transmititzen laguntzeko Ahize-AEK-k berak prestatu duen #Damolat izeneko unitate didaktikoa ere aurkeztuko da.
Euskararen ertzean
Euskarak errealitate ezberdinak bizi ditu. Arnasgune bezala ezagutzen diren udalerriak euskararen erdigunetzat hartzen badira, bestelako errealitatea bizi duten udalerriek, hots, erabilera baxuagoa duten horiek, euskararen ertzeak osatuko lituzkete. hainbat kasutan, udalerri horiek tamaina handiko hiriak dira. Udalerri batean ere errealitate ezberdinak eman daitezke. Proiektuaren arduraduna den Naroa Jauregizuriak azaldu duenez, “Bilbo Handian, adibidez, jende asko euskararen ertzetan bizi da euskararen mundua alboan izan arren; ikusezina, entzunezina, sentiezina eta oso lausoa zaio, eta proiektu horren bidez kanalak topatu eta eraiki nahi ditugu euskararen bolumena igotzeko”.
Igo Bolumena! Jardunaldia
Jardunaldian (izen ematea), lehenik eta behin, gazteak eta periferia zer den zehaztuko dute EHUko Eduardo Apodakak eta Irati Agirreazkuenagak. Jarraian, EHUko Iratxe Retolaza ikerlariak hezkuntza sistemaren erronkak azalduko ditu eta, ondoren, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako hezkuntza sistemako ordezkari banak gogoeta partekatua egingo dute.
#Damolat unitate didaktikoa aurkeztu ostean, gazteen artean euskarazko kultura transmititzeko lan egiten duten zenbait proiekturen berri emango da. Ertzetako gazte sortzaileek (Beñat Rodrigo ‘Kiliki Fresko’, Iholdi Beristain eta Sara Nieto).
Jardunaldiari amaiera emateko, Mondragon Unibertsitateko ikerlari Letizia Garciak eta HUHEZIko irakasle Itsaso Junquerak ikasleen kultura eta hizkuntza identitateak izan duen bilakaera azalduko dute.
Ezagutza bai. Erabilera ez
Hezkuntzan egin den lanari esker, nabarmen hazi da euskararen ezagutza gazteen artean. Bilbon, adibidez, 30 urtetan 5 eta 24 urte bitarteko gazteen artean euskararen ezagutza 66 puntutan hazi da (% 10,5 1986. urtean eta % 76,5 2016. urtean). Igoera horrek, hala ere, ez du isla izan erabileran. Bilboren adibidearekin jarraituz, 2016. urteko datuen arabera, euskararen erabilera gazteen artean % 5etik beherakoa da.