Ikerketak laguntzeko programa Eusko Ikaskuntzaren eskutik

Egitasmo honen lehen deialdiak estrategikoak diren esparruetan egiten diren ikerketei laguntza ekonomikoa eskainiko die

Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herrian diren zazpi unibertsitateekin batera, ikerketa sustatzeko eta babesteko programaren lehen deialdia egin du. Deialdi horren xede nagusiak dira etorkizuneko ikerketa-gaien hasierako azterketa-lana sustatzea, lehen hilabeteetako ikerketa-lana bultzatzea eta etorkizuneko ikerketa-ildoen “artearen egoera”-ren lanketa erraztea.

Programa berria masterandoei zuzenduta dago bereziki, baina doktoregaiei eta graduetako 4. mailako eta gradu bikoitzetako 5. mailako ikasleei ere irekita egongo da. Programak laguntza ekonomikoak eta laguntza akademikoa eskaintzen ditu, arlo estrategikoetan aurretiazko azterlanak egitea errazteko.  

Hiru laguntza

Ekimenak 2.000 euroko hiru laguntza eskainiko ditu 2024-25 ikasturterako. Asmoa Euskal Herriaren garapenerako funtsezkoak diren gaien inguruko hasierako ikerketak finantzatzea da. Lehentasuna izango duten esparruen artean daude, adibidez, euskal hezkuntza-sistemaren analisia, despopulazioa geldiarazteko politikak eta estrategiak, landa-garapena, ongizate-politiken jasangarritasuna, zainketen balio ekonomikoa, euskal nortasuna eta kultura etorkinen artean, adimen artifiziala eta euskal kultura eta automatizazioak lan-merkatuan izango duen inpaktua.

Programan parte hartu ahal izango dute norbanakoek eta ikerketa proposamen bakarra aurkezten duten taldeek. Hautatuak diren proposamenak sei hilabeteko epearen barruan amaitu beharko dira, hots, 2025eko urtarrila eta ekaina bitartean. Epe hori zabaldu ahal izango da beste sei hilabetez.

Laguntzaren ordainketa bi epetan egingo da. Lehengo zatia urte honetan bertan egingo da eta bigarren zatia, berriz, ikerketa amaitu ostean. Bigarren ordainketa hori aurkeztutako ikerketaren kalitatearen baitan egongo da. Gutxieneko maila ez duten ikerketen kasuan, ez dute bigarren zati hori jasoko eta lehenengoa bueltatu beharko dute.

Proposamenak azaroaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dira. Eskaera osatzeko ezinbestekoa da eskuragarri dagoen inprimakia osatzea eta eskatzailearen NANaren kopia eta CVa aurkeztea.

Ebazpena

Epaimahaia Eusko Ikaskuntzako eta egitasmoa babesten duten unibertsitateetako ordezkariek osatuko dute: EHU, Deustu, MU, NUP, UNAV, UNED eta UPPA. Epaimahaiak aurkeztutako proposamen guztiak ebaluatuko ditu gaiaren, metodologiaren eta inpaktu-potentzialaren arabera. Deialdian lehentasuna emango zaie euskaraz aurkeztutako ikerketei eta lurraldeen, hizkuntzen eta generoen arteko oreka aintzat hartuko da.

Onuradunek Eusko Ikaskuntzako aditu baten laguntza ere jasoko dute hala nahi izanez gero. Era berean, hautatuak diren ikerketak Eusko Ikaskuntzaren ekitaldietan aurkeztu ahal izango dira, hala nola, mintegietan, hitzaldi-zikloetan, kongresuetan, RIEV dibulgazio-aldizkarian… edo Eusko Ikaskuntzarekin adosten diren eta bi aldeen onespena duten bestelako euskarrietan.

Hautatuak diren egitasmoak urtea amaitu baino lehen emango dira ezagutzera. Jasotako proposamenek espero den gutxieneko maila edo kalitatea izango ez balute, epaimahaiak programaren bat edo batzuk esleitu gabe utzi ahal izango ditu.