Inklusiboagoak eta solidarioagoak

Euskal biztanleriak atzerritar jatorriko pertsonekiko duen tolerantzia-tasak goia jo du 2021ean eta 66,09 puntutaraino iritsi da

Euskal gizartearen gehiengoak ez ditu migratzaileak arazo sozial edo pertsonal gisa ikusten. Are gehiago, euskal herritarrok jatorri atzerritarra duten pertsonekiko dugun jarrera gero eta inklusiboagoa eta solidarioagoa da, nahiz eta pandemiak eragin negatiboa izan hainbat familiengan. Horrela, euskal herritarrok immigranteekiko egun dugun tolerantzia-tasa azken hamabost urteetan izan den tasarik altuena da; Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, tasa hori 66 puntukoa da.

Ikuspegiren ‘jatorri atzerritarra duten biztanleen inguruko pertzepzioak eta jarrerak’ 2021 Barometroaren arabera, oro har, euskal gizartea egoeraren larritasunaz jabetzen da eta, egun bizi dugun egoera gainditzeko,  Euskadin bizi diren pertsona guztiekiko ulerkorrago, toleranteago eta inklusiboago izateko unea dela uste du. 

Immigrazioa arazo?

Txostenean jasotzen denez, euskal biztanleriaren % 6k bakarrik aitortzen du immigrazioa arazo bat dela, eta % 2,3k, berriz, arazo pertsonal gisa hartzen du. Immigrazioa arazo gisa ulertzen duten pertsonen kopurua areagotu egiten da immigrazioa galdetutako pertsonari iradokitzen zaionean (% 9,8). Izan ere, osasun krisi baten testuinguruan, euskal gizarteak dituen kezka nagusiek osasunarekin eta ekonomiarekin dute harremana. 

Ikuspegiren txostenaren arabera, immigrazioa berez zein iradoki ostean arazo gisa ikusten duten horien kopuruak arinki egin du behera; 1,5 eta 0,4 puntu, hurrenez hurren. Gainera, 2008 eta 2014 artean izan zen krisi ekonomikoaren amaieratik eman den joerak azaltzen duenez, euskal biztanleek ez dute immigrazioa arazo esanguratsu gisa ikusten.

Hala ere, badira hobetu beharreko zenbait alderdi. Izan ere, zenbait gizatalderekiko mesfidantzak berean jarraitzen du, hala nola, inoren kargura ez dauden adingabeekiko, islam bezalako erlijio-sinesmenekiko edo Magreben, Pakistanen edo Errumanian jatorria duten pertsonekiko. 

Ikuspegi tolerante eta inklusiboa

2008ko krisi ekonomikoan ez bezala, Covid-19aren pandemiarekin immigrazioarekiko tolerantzia- eta onarpen-adierazleek hobera egin dute. Barometroak erakusten duenez, bada euskal gizartean ikuspegi tolerante eta inklusibo bat eta, ondorioz, immigrazioa ez da arazo gisa ikusten. Horrela, une honetan atzerritar jatorriko pertsonekiko tolerantzia indizea, 66 punturekin, inoiz erregistratu den onena da. Daturik okerrena, berriz 2012. urtean eman zen: 53 puntu.

EAEko biztanleek hautematen duten bizikidetza-giroa hobetu egin da 2014. urteaz geroztik, eta batez besteko balorazioa 6,61 puntukoa izan da 2021ean, orain arteko kopururik onena.

Ikuspegiren barometroak egun bizi dugun osasun-krisiak euskal gizartearen pertzepzioetan izan duen eragina azaltzen du. Hortaz, Covid-19 azaltzen da kezka nagusi gisa eta, aldi berean, izaera ekonomikoa duten arazoekiko kezkak ere nabarmen hazi dira: prekarietatea, soldata baxuak, etab. Ildo horretan, eta 2020. urtearekin alderatuta, arinki hazi da Euskadik duen arazo nagusietako bat langabezia dela uste duten horien kopurua.  

Daudenak baino etorkin gehiago ikusten dira

2021 Barometroak agerian uzten duenez, euskal gizarteak neurriz gaineko pertzepzioa du Euskadin bizi diren atzerriko biztanleen kopuruari buruz. Horrela, pertzepzio horren baitan euskal herritarrok EAEn erroldatuta eta estatistika ofizialetan ageri diren atzerritar jatorriko pertsonen benetako kopurua bikoizteko joera dugu.

2020. eta 2021. urteen bitartean Euskadin erroldatuta dauden atzerritar jatorriko biztanleen kopurua % 11,1ean hazi da. Baina horren inguruan galdetzen denean, pertzepzioa da etorkinen kopurua % 18,6an hazi dela. Emakumeen artean nabariagoa da pertzepzio puztu hori (% 21,4).

Ildo berean, euskal biztanleriaren % 38,0k uste du EAEn bizi den atzerritar jatorriko biztanleria nahikoa edo gehiegizkoa dela.

Etorkizunera begira, hamar pertsonetatik zazpik (% 67,7) uste dute datozen bost urteetan immigrazioak gora egingo duela. Kasu horretan, azpimarratu behar da uste hori 2,3 puntutan jaitsi dela pasa den urteko datuarekin alderatuta.

Ikuspegiren ustez, euskal gizartea atzerritarren kopuruaren hazkundera ohitzen ari da eta egitura-fenomenoa dela onartzen ari da. Zentzu horretan, inkestatutako gehienen ustez, nagusiki, Magreben jatorria duten etorkinak iritsiko dira (% 80,8) eta, jarraian, Saharaz Hegoaldeko jatorria duten pertsonak (% 73,3) eta Latinoamerikakoak (% 57,8). Puntu horretan komeni da gogoratzea Euskadin bizi diren atzerritar gehienek Latinoamerikan dutela beren jatorria.

Ondorioak euskal gizartean

Barometroak galdetzen du, halaber, nola eragin dezakeen immigrazioak euskal gizartearen ekonomian, identitatean eta hizkuntzan, eta ongizatean.

Arlo ekonomikoari dagokionez, gero eta gehiago dira immigrazioak ekonomiari ekartzen dizkion onurak ikusten dituzten hiritarrak. Horrela, euskal herritarren % 70,7k uste du etorkinak beharrezkoak direla zenbait sektoretan, eta bertakoek nahi ez dituzten lanpostuak betetzen dituztela (% 66). Euskadiko biztanleek ere ez dituzte etorkinak langabezia, enpleguaren jaitsiera edo soldaten jaitsiera bezalako arazo ekonomikoen ‘erantzule’ egiten. Euskal biztanleriaren erdiak baino gehiagok (% 58,7) ez du zuzeneko harremana ikusten etorkinen presentziaren eta langabeziaren hazkundearen artean.

Identitateari eta hizkuntzari dagokionez, euskal biztanleriaren gehiengo zabal batek (% 75,5) ez du uste atzerritar jatorriko pertsonen etorrerak kalte egiten dionik euskal identitateari. Ideia horren aldekoak % 8,1 besterik ez dira.

Euskararen erabilerari eta garapenari dagokionez, % 75,3k ez du uste etorkinek gure hizkuntzaren garapena oztopatu dezaketenik. Ildo berean, % 68,6ren ustez, euskararen erabilerak ez du behera egingo etorkinen eraginez gaur egun nagusi den eskualdeetan.

Ongizate-sistemari dagokionez, inkestak erakusten du 2015. urtetik aurrera euskal gizartean gero eta hedatuagoa dagoela atzerritar jatorriko pertsonen etorrerak Europako demografia zahartuan eragin positiboa izan dezakeenaren ideia. Horrela, euskal biztanleriaren % 71,1en ustez, immigrazioak eragin positiboa izan dezake euskal zein europar biztanleriaren hazkundean. Euskal herritarren % 9k, berriz, kontrako ideia defendatzen du.

Eskubideak eta zerbitzuak

Euskal herritarren gehiengo batek (% 77,5) uste du pertsona guztiek, beren jatorria alde batera utzita, eskubide eta betebehar berberak izan behar dituztela. Horien artean, honako hauek aipatzen dira gehien: osasun arretarako sarbidea, gizarte-laguntzak eta babes ofizialeko etxebizitzak. Hala ere, euskal biztanleriaren % 22ren ustez aipatu eskubideen kasuan bertakoek lehentasuna izan behar dute atzerritar jatorriko pertsonen aurrean.

Oro har, eskubide eta zerbitzu horiek eskuratzea atzerritar jatorriko pertsonek administrazio-egoera erregularra izatearekin lotzen da. Aitzitik, hezkuntzarako eta osasunerako sarbidea, hein handiago batean, eskubide unibertsal gisa ulertzen dira.

Ildo horretan, formakuntzarekin harremana duen edozein zerbitzurako sarbidearen izaera unibertsalaren pertzepzioak ere gora egin du. Euskal biztanleriaren erdiak baino gehiagok uste du etorkin guztiek izan beharko lituzketeela doako sarbidea bai formakuntza profesionalerako eskoletarako (% 66,8) bai gaztelania ikasteko eskoletarako (% 66,5). Euskara ikasteko doako eskolen alde daudenak % 64,8 lirateke. 

Biztanleriaren % 44,3k, berriz, doan ama-hizkuntzako eskolak bakarrik jaso beharko luketeela uste du.

“Asimilazionismo biguna”

Euskal gizarteak oraindik ere kultura anitzeko gizarte bat nahi du, baina asimilazioaren aldeko orientazio argi batekin. Aniztasuna eta hark dakarren aberastasuna onartzen dira, baina gehiengoak uste du bizikidetzaren aldeko ahalegina, denoi dagokigun arren, batez ere etorkinek egin behar dutela. Ikuspegik fenomeno hori “asimilazionismo biguna” edo “pixkanakako asimilazionismoa” izenarekin bataiatu du.

Euskal gizarteak aniztasun kulturalarekiko zenbait jarrera positibo erakusten ditu, eta ez du uste, esate baterako, etorkinen erlijio-jarduerek arriskuan jartzen dutenik gure bizimodua (2021ean, % 64,3). Hala ere, biztanle gehienek uste dute bizikidetzarako ahaleginak, neurri handi batean, etorkinei dagokiela (% 78,1) eta soilik % 29,5ek uste dute bertakoei dagokiela. Horrez gain, batzuek uste dute etorkinek gure legediarekin gatazkan sartzen diren kultura eta erlijiozko zatiak alde batera utzi behar dituztela (% 63,5).

Azken urtean gero eta gehiago dira uste dutenak etorkinek bizitza kulturala aberasten dutela, baina, aldi berean, gehiengoa dira pentsatzen dutenak hobe dela harrera-herrialdeko hizkuntzak hitz egitea, edo guztiok ohitura eta usadio berberak izatea.

Bigarren belaunaldi gisa ezagutzen diren horien kasuan, euskal herritarrek beren parekotzat hartu ohi dituzte atzerritar jatorriko gurasoak dituzten pertsona horiek, eta ez dute uste etorkizunean arazorik sortuko denik aniztasuna gaizki kudeatzearen ondorioz. 


Euskal gazteriaren gehiengoak ahalik eta gehien erraztuko luke atzerritiko etorkinen sarrera

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den biztanleriaren % 11,1ek atzerritar jatorria du; hots, guztira 246.501 pertsona. 2019. urteko urtarrilaren eta 2020. urteko urtarrilaren artean atzerritar jatorriko 19.732 pertsona erroldatu ziren Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. 2020ko urtarrilaren eta 2021eko urtarrilaren artean, berriz, atzerritar erroldatu berrien kopurua 4.777koa izan zen, 2016. urtez geroztik erregistratutako kopururik baxuena. Datu horiek Ikuspegik Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) errolda jarraitik jasotakoak dira.

Pasa den urtean, abenduaren 18an ospatzen den Migranteen Nazioareko Egunarekin bat eginik, Gazteriaren Euskal Behatokiak inkesta bat burutu zuen EAEko 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazterekin Euskadin bizi diren atzerritarren kopuruaren inguruan duten pertzepzioa ezagutzeko. 

Inkesta horren arabera, hamar gaztetatik batek (% 9,1) uste du etorkin gehiegi daudela gure artean. Gazte gehienen ustez (% 65,6) gehiegi ez badira ere, atzerritar jatorriko pertsona nahikotxo bizi dira Euskadin. Aitzitik, gazteen % 12,4k uste du etorkin gutxi daudela Euskadin eta gainerako % 12,8k ez du gai horri buruzko iritzirik eman.

Bizkaia da atzerritar gehiegi edo, gehiegi izan gabe, nahikotxo daudela uste duten gazte gehien dituen lurralde historikoa, eta hori bereziki deigarria da, atzerritar nazionalitatea duten pertsonen ehuneko txikiena duen lurraldea delako.

Aipatu inkestan immigrazioaren arloan jarraitu beharreko politikaren inguruan ere galdetu zitzaien gazteei. Kasu horretan, guztiz ezberdinak diren hiru aukera aurkeztu zitzaien gazteei: beste herrialde batzuetako pertsonen sarrera ahalik eta gehien erraztea, etorkinen sarrera debekatzea edo bitarteko aukera bat, lan-kontratua dutenei bakarrik sartzen uztea.

Galdera horren aurrean, gazte gehienek (% 63,7) lehenengo aukeraren alde egin zuten, hots, etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztearen alde. Gazteen ia heren bat (% 28,2), berriz, lan-kontratua dutenei bakarrik sartzen uztearen alde agertu ziren. Langile etorkinak sartzea debekatuko luketenen ehunekoa % 0,5era mugatzen da gazte guztien artean. Gainerako % 7,7ak ez daki edo nahiago du bere iritzia ez eman.

Emakume gazteak gizon gazteak baino gehiago dira etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztearen aldekoak. Jarrera horren aldekoak gehiago dira 25 urtetik beherako gazteen artean, 25-29 urtekoen artean baino. Bestetik, ez dago alde nabarmenik lurralde historikoaren arabera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.