Indarkeria matxistaren aurka gero eta kontzientziatuago

Lehiaketan estereotipoak, maskulinitateak eta nesken ahalduntze kolektiboa jorratu duten lanak saritu dira

Pasa den ostiralean, azaroak 29, Artziniegan izan zen Beldur Barik Topaketaren XV. edizioan, indarkeria matxistaren aurkako urteko lehiaketaren sariak banatu ziren. Emakundek, EAEko hiru foru aldundiekin eta EUDELekin batera antolatutako lehiaketak Gasteiz, Portugalete, Mungia, Amorebieta, Donostia, Santurtzi, Tolosa eta Markina-Xemeinetik bidalitako lanak saritu ditu.

Irabazleak

12-14 urte bitarteko nerabeen kategorian, sari nagusia indarkeriaren aurreko erantzun aktiboa jorratzen duen Gasteizko gazte batzuek egindako “Emakumeen antolakuntza. ¿Y si nos organizamos?” lanarentzat izan da. Kategoria berean, berriz, Portugaleteko Zunzunegui BHI Institututik bidalitako “Estereotipoen kutxa Ikusezina” lanak jaso du aipamen berezia egunerokotasunean diren estereotipoak lantzeko izan duen trebeziagatik.

15-17 urte bitarteko gazteen kategorian, lehen saria Mungia BHItik bidalitako “Aski dela esatea erabaki dugu” lanarentzat izan da. Epaimahaiak ikus-entzunezko horretan egiten diren indarkeriaren analisia eta eraldaketa kolektiborako proposamenak saritu ditu. Kategoria honetako aipamen berezi Amorebietako Urritxe zentrotik bidalitako “Desagertzear dagoen matxista” lanarentzat izan da. Lan horretan, maskulinitatearen ikuspegi kritiko batetik matxismoa jorratzen da.

18-20 urte bitarteko kategorian, lehen saria espazioa okupatzeko genero-ikuspegia esploratzen duen Donostiako AEG zentroko “HALDEE” lanarentzat izan da. Aipamen berezia, berriz, belaunaldi ezberdinetako emakumeei ahotsa ematen dien Santurtziko Calasanz zentroko “Hau da gure istorioa” lanarentzat izan da.

Ikus-entzunezko onenaren saria Markina BHI ikastetxeko “Izan zinetelako gara” lanak jaso zuen testigantza pertsonalen bidez indarkeria matxistari ematen dion trataera intimoagatik. Publikoaren saria, berriz, Tolosako Orixe BHI ikastetxeko “Aske bizi” lanak jaso zuen 2.367 botorekin. Lan horrek euskal kultura eta ahalduntze kolektiboa lotzen ditu.

Topaketa

Topaketa Malen Pazosek, Libe Osak, Ibai Arrietak eta Lexliek emandako pintura, autoezagutza, autoerretratu eta dantza tailerrekin amaitu zen. Topaketa Leo Bueriberik eta MELek aurkeztu zuten eta Oliba eta Antxoa MJ eta Aimar-en musika-emanaldiak ere izan ziren. Topaketari amaiera emateko  ‘Beldur Barik’ abestiaren koreografia berezia egin zen.