Indarkeria sexistaren aurkako kanpaina Donostian

‘Festetan ere Aske! Indarkeria sexistarik ez!’ kanpainak ekainetik abendura arte iraungo du, eta hainbat jarduera esparru izango ditu

Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak, aurreko urteetan bezala, jai-giroan gertatzen diren eraso sexisten eta sexu-erasoen aurkako prebentzio- eta arreta-kanpaina jarri du abian. Informazioa eta materialak ezezetzda.eus webgunean daude.

Kanpaina abendura arte luzatuko da eta hainbat arlotan garatuko da. Gazteentzako, herritarrentzako, ostalaritzako langileentzako eta taxilarientzako informazio-materialak prestatu dira, lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez). Material horiek prebentziozko informazioa eta eraso sexisten eta sexu-erasoen aurrean jarduteko gomendioak biltzen dituzte.

Udan turista asko etortzen denez, bisitariak ibiltzen diren eremuetan ere egingo da kanpaina, hala nola tabernetan, hondartzetako kabina kolektiboetan, hoteletan eta bestelako establezimendu turistikoetan.

Puntu Moreak indarkeria eta jokabide matxistei buruzko sentsibilizazioa emango du, botere- eta menderatze-harremanak prebenitzeko beharraz ohartaraziko du, errespetuan oinarritutako harreman afektibo-sexualak sustatuko ditu eta jaietan indarkeria sexistaren kasuan erasotako pertsonei arreta emango die. Gune moreak Karmengo Jaietan (uztailak 13), Zipotz jaietan (uztailak 20), Jazzaldian (uztailak 24-27), Aste Nagusian (abuztuak 10-17), Euskal Jaietan (irailak 7-8) eta Porrontxo jaietan (irailak 13-14) jarriko dira.