Karakum basamortuan, Turkmenistaneko hiriburu Adjabatik 300 kilometro ingurura den Darvazako herrizkatik gertu bada 1971. urteaz geroztik etengabe sutan den 69 metroko diametroa eta 30 metroko sakonera duen krater bat. Gezurra badirudi ere, kraterra ez da sutan arrazoi naturalengatik; sute erraldoia gizakion trakestasunaren ondorioa da.
1971. urtean, geologo talde sobietar batek (garai horretan Turkmenistan Sobietar Batasunaren barruan zegoen) zenbait leherketa kontrolatu egin zituen Karakumeko basamortuan petrolio-eremuak aurkitzeko asmoz. Ez zuten zorte handirik izan, baina petrolioaren faltan, hidrokarburo kantitate handiak topatu zituzten eta hori erauzten hasi ziren.
Horrela, eremu leizetsu batean zulatzen hasi ziren. Bertan, kobazulo natural bat zegoen eta horren barruan gas naturalerako zirrikitu bat. Zulaketak egiten hasi zirenean kobazuloa hondoratu zen krater handi bat sortuz. Zorionez, ez zen hildakorik izan baina kraterretik gas natural kopuru handiak ateratzen hasi ziren. Gas naturala, nagusiki, metanoz osatuta dago. Gas hori usaingabea da eta toxikoa ez den arren, airean den oxigenoa mugitzeko gai da.
Metano-ihesean jatorria zuten gas toxikoek ingurunea bizitzeko egoki utziko ez zutelakoan, ingeniariek gasa isurtzen denean egin ohi dutena egin zuten: sua eman eta erre. Hasieran, sutea aste gutxitara amatatuko zela kalkulatu zuten; gas-hobian zen gasa agortzen zenean sutea itzaliko zelakoan. Baina hasierako kalkulu horiek okerrak izan ziren eta kraterra sutan da etengabe 1971. urteaz geroztik.
2013. urtean, George Kourounis kanadiar esploratzailea kraterrean sartu zen lehen pertsona bilakatu zen. Kraterraren erdialderaino iritsi zen, bertan ziren zenbait harri hartu zituen eta bertan zen tenperatura 400 gradu Celsius ingurukoa zela egiaztatu zuen.