Apirilaren 8tik 11ra, Ecozine Film Festival Ingurumenaren eta Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berri bat egingo da Iruñeko Golem Baiona zinema-aretoetan. Jaialdi honen xede nagusia da, hainbat arazo global jorratzen dituzten dokumental eta film laburren proiekzioaren bidez, kultura eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa uztartzea.
Programazioa doan gozatu ahal izango da, 19:30etatik aurrera, Golem Baiona zinema-aretoetan. Gainera, proiekzioen ondoren, ikusleek filmen sortzaileekin hitz egiteko aukera izango dute.
Programazioa
Jaialdia hilaren 8an inauguratuko da, Gerra Hotzean Bikini atoloian izandako proba nuklear estatubatuarren ondorio suntsitzaileak azaltzen dituen Andrew Niskerren “Nuked” dokumentalaren proiekzioarekin.
Hurrengo egunean, apirilaren 9an, Will Parrinelloren “Water for Life” filma ikusi ahal izango da. Film horrek Amerikako ur-eskubideari, indigenen sinesmenei eta baliabide naturalen erauzketari buruzko gatazkak aztertzen ditu.
Apirilaren 10ean, Oskar Alegria iruindarraren film berria proiektatuko da: “Zinzindurrunkarratz”. Bertan, zinemagileak bere herriko artzainek mendietara iristeko erabiltzen zuten itzainen bidea egitea erabakitzen du, baina ez du ibilbide zehatza adieraz diezaiokeen inor bizirik aurkitzen. Bere super-8 kamera zaharrarekin bidaia filmatzea da bere asmoa, baina 41 urtez erabili gabe egon ondoren, kamerak ez duela soinurik grabatzen konturatzen da. Ahaztutako bidea eta kamera mutua, oroitzapenez, galderaz eta isiltasunez betetako bidaia baten protagonista bihurtuko dira.
Apirilaren 11n Lucía Castillón eta Ana Valle del Ríoren “Donde quisimos vivir” lanaren txanda izango da. Urtegien sorrerak eragindako Aragoiko zenbait udalerritan eragindako ondorioak biltzen dituen dokumentala da.
Programazioa film labur sarituen proiekzioarekin osatuko da. Horien artean 2024ko Animaziozko Film Labur Onenaren Goyaren irabazle izan zen Martín Romeroren “To bird or not to bird” lana ikusi ahal izango da..
Gainera, jaialdiak Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko ikasleei zuzendutako Gazte Saila izango du, belaunaldi berriak gure ohituren ingurumen-eraginen inguruan sentsibilizatzeko eta erronka horiei aurre egiteko beharrezkoak diren ekintza indibidual eta kolektiboei buruzko hausnarketa sustatzeko.