Inoiz baino pelikula gehiago erregistratu dira Nafarroako Punto de Vista jaialdiaren X. ediziorako

Datorren urteko otsailaren 8 eta 14 bitartean Nafarroako Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia ospatuko da Iruñeako Baluarten. 2016. urtekoa aipatu jaialdiaren hamargarren edizioa izango da eta, antolatzaileek ezagutzera eman dutenez, orain arte izan den ediziorik arrakastatsuena izango da. Izan ere, irailaren 30ean pelikulak inskribatzeko epea amaitu zen eta, guztira, 1 378 lan aurkeztu dira, azken edizioan baino 141 gehiago.

Oskar Alegría Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoaren esanetan, parte-hartzean izandako igoera horren arrazoi nagusietako bat nazioarteko ordezkari sarea sendotu izana da, bera karguan hasi ondoren lantzen hasi zena, eta horrek berretsi egiten du jaialdiaren zabalkundea eta izen ona gero eta handiagoak direla. Sare horretan, besteak beste, kide hauek aritzen dira: Asako Fujioka, Nourddine Ben Driss, Elena Fortes eta Andrea Picard.

Aurkeztu diren pelikulak 86 herrialdetatik datoz. Kopuru handiena Espainiako ekoizleek aurkeztutakoena da, 180 lan, eta ondoren, Frantziatik datozenak (123 pelikula), Estatu Batuetatik (81), Argentinatik (61), Alemaniatik (58), Mexikotik (43), Italiatik (40), Brasildik (39), Poloniatik (37) eta Belgikatik (28). Aurten ere Latinoamerikatik etorritako lan ugari daude inskribatuta, eta gora egin du Afrikan ekoitzitako pelikulen kopuruak. Eta datu bitxi bat, Madagaskarren egindako pelikula bat aurkeztu da aurrenekoz.

Esan bezala, pelikulak inskribatzeko epea irailaren 30ean amaitu zen. Hautapen batzordea jasotako lanak ikusteko fasean ari da orain, eta abenduaren erdialdean jakinaraziko du zein diren behin betiko hautatu direnak. Batzordeko kideak dira: Koldo Almandoz zinegile eta kazetaria, Özge Calafato, Alexei Dmitriev eta Guillermo G. Peydró.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.