Gizartean inpaktu zuzena duten gai sozial eta politikoak jorratuko dituen InpAkta izeneko aldizkari zientifikoa aurkeztu dute aurtengo Durangoko Azokan. Pandemiaren ondorengo hausnarketetan du jatorria aldizkariak, gizartean eragin handia duten gaiei eta gizarteak ikerkuntzan eta zientzian duen interesari modu zientifikoan heltzeko beharra azaleratu zenean, guztioi eragiten diguten gaiak jorratzeko orduan.
Gizartearen eta ikerketa-munduaren arteko beharrezko lotura-lan hori egiteko, ebidentzietan oinarritutako ikerlanak bilduko dituen aldizkaria izango da hau. Aldizkariak bost arlo nagusi jorratuko ditu: Natur Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte eta Giza Zientziak, Lurraldearen Antolaketa eta Teknologia. Argitalpenean, gainera, arlo nagusi horietako berariazko hainbat arlotako azterlanak jasoko dira, betiere lan horiek gure lurraldean edota gizartean eragin soziala izan badezakete.
Inpaktu soziala bi unetan gerta liteke: ikerketa-prozesuan bertan edo ikerketa-prozesuaren ondoren. Gainera, eragina hainbat mailatan sor daiteke: herritartasunean edota gizartea osatzen duten erakundeetan, hala nola hezkuntzan, zaintzan, garraioan, kulturan, osasunean edo politika publikoak erabakitzen dituzten erabakigune publiko edo pribatuetan.
Urteroko bi argitalpen
InpAkta aldizkariak bi zenbaki argitaratuko ditu urtean, 2025etik aurrera. Mota honetako argitalpen zientifikoetan ohikoa den bezala, ikerketa-lanaren arlo espezifikoan adituak diren bi ikertzailerengana joko da gutxienez artikulu bakoitza berrikusteko; aldizkariak 50 profesionalez osatutako erredakzio-batzorde bat du jada, prozesua gidatuko duena.
Halaber, artikulu zientifikoekin batera, ikerketa-lan bakoitzaren laburpen dibulgatzaile bat argitaratuko da, Elhuyar fundazioarekin elkarlanean. Laburpen horiek publiko zabalagoari eta akademiatik kanpoko eragileei zuzenduta egongo dira eta gure lurraldeko hiru hizkuntza ofizialetan egongo dira eskuragarri. Argitaratutako edukietarako sarbidea librea eta doakoa izango da Internet bidez.
Aurkeztutako zero zenbakiak 20 artikulu bildu ditu, horietatik 17 ingelesez eta 3 euskaraz, aldizkariak jasoko dituen ikerketa lanen erakusgarri. Talde sustatzailearen asmoa da, finantzaketa lortuz gero, artikulu guztiak ingelesez eta euskaraz argitaratzea zenbaki bakoitzean, euskal ikertzaileei ikerketa euskaraz egiteko aukera eskainiz, ingelesez idatzitako argitalpenen irismena galdu gabe. Lehenengo zenbakirako deialdia 2024ko martxoaren 1ean zabalduko da.