Euskadiko dendetara eta supermerkatuetara elikagai berri eta harrigarriak iritsi dira eta, gainera, geratzeko intentzioarekin. Bai, intsektuez ari gara.
Berriki, Carrefourrek intsektuekin ekoiztutako elikagai gama berri bat aurkeztu du eta kilkerrak eta zizareak komertzializatzen ditu bere denda fisikoetan eta web-orrialdean.
Aldi berean, UPV/EHUko ikasle talde gazte batek Khao Thai eratu du, jangarri diren intsektuak saltzen dituen lehen euskal startup-a. Zehazki, honako produktu hauek saltzen dituzte: eskorpioiak txokolate beltzarekin, matxinsaltoak txokolate zuriarekin eta zizareak txokolate esnedunarekin.
Baina, zergatik azaldu dira, bat-batean, intsektuekin egindako hainbeste elikagai? Elikadura-moda berri baten aurrean gaude? Gure gizartean den aniztasunaren adibide bat da eta ohitura gastronomiko berriak zabaltzen ari dira?
Errealitatea askoz prosaikoagoa da. Aurtengo urtarrilaren lehenetik aurrera, Novel Foods (elikagai berriak) izena duen Europar Batasuneko erregulazioa berritu egin da eta intsektuak barneratu ditu saldu eta kontsumitu daitezkeen elikagaien zerrendan.
Horregatik, Espainian jada posible da elikagai jangarri bezala intsektuak komertzializatzea eta erostea eta, hori profitatuz, asko dira negozio-aukera berri horretan sartu diren enpresa eta banaketa-kateak.
Orain arte gizakion elikadurarako intsektuen salmenta linbo legal batean izan da. Europan onartu den legedia berriarekin hori jada desagertu da. Adibidez, Bartzelonako La Boquería merkatu ezagunean duela zenbait urte intsektuak saltzen ziren, baina Osasun Publikoaren Agentziaren abisu baten ondoren erretiratu behar izan zituzten.
Gure artean intsektuak jatea gauza berria bada ere, askorentzat bitxikeria bada ere, Mexikon, Asian eta Europako beste hainbat herrialdetan jada intsektuekin egindako elikagaiak komertzializatzeko araudiak ezarrita dituzte.
Izan ere, FAOren (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) arabera, “intsektuen ahorakinak, gutxi gora behera, 2.000 milioi biztanleen dieta osatzen du eta gizakion elikadura-ohituretan betidanik izan den jokabidea da”. Entomofagia, hots, intsektu, araknido edo artropodoen ahorakina, urrutiko herrialde atzeratu eta txiroetako ohitura exotikoa dela dirudien arren (baten batek esan lezake “Goseak dagonantzat ogi gogorrik ez”), antzinako ohitura hori gure zibilizazioaren hastapenean jada azaltzen da. Adibidez, Bibliak azaltzen duenez, San Juan Bautistak otiak jaten zituen basamortuan; Aristotelesek, berriz, txitxarrak jateko zaletasun handia omen zuen eta Plinio “Zaharrak”, bere “Naturalis Historia” liburuan, erromatar patrizioek irinean eta ardoan hazitako intsektuen larbekin erotzen zirela azaltzen zuen.
Errentagarriak, ekologikoak eta elikagarriak
Ohitura gastronomikoak eta sukaldeko modak alde batera utzita, animalia horiek sor diezaguketen nazka gorabehera, eta, sarritan, intsektuak zikinkeriarekin eta gaixotasunekin lotzen baditugu ere, gizakion etorkizuna eta gure planetaren jasangarritasuna intsektuen kontsumoaren baitan izan daiteke. Kontuan izan behar dugu Lurrean diren izakien % 80 inguru intsektuak direla.
FAOk egin dituen aurreikuspenen arabera, datozen urteetan izango den populazio-hazkundea dela eta, 2050. urtean izango diren elikadura beharrak ase ahal izateko elikagaien ekoizpena % 60an hazi beharko litzateke.
Horregatik, Nazio Batuen erakunde horrek munduan den gosearen aurka borrokatzeko intsektuak haztea eta jatea gomendatzen du. FAOren ustez, alternatiba “errentagarri eta ekologikoa” da eta proteina, koipe eta mineral kopuru handiak ditu. Gainera, intsektuak oso modu azkarrean ugaltzen dira eta euren bizitza-zikloan oso inpaktu txikia dute ingurunean. Adibidez, intsektu kilo bat ekoizteko bi kilo elikagai behar dira; animalia-haragi kilo bat ekoizteko, aldiz, zortzi kilo elikagai behar dira. Gainera, intsektuen ekoizpenak askoz ur kantitate gutxiago eskatzen du eta berotegi- efektua duten gasen isurketa ere askoz txikiagoa da.
FAOk emandako datuen arabera, gaur egun, gizakiok 1.900 intsektu espezie baino gehiago kontsumitzen ditugu; milioi bat espezie baino gehiago ezagutzen dira. Gehien kontsumitzen diren espezieen artean, honako hauek lirateke garrantzitsuenak: kakalardoak (% 31); beldarrak (% 18); erleak, liztorrak eta inurriak (% 14); eta, matxinsaltoak, otiak eta kilkerrak (% 13).
Intsektu asko aberatsak dira proteinatan, B1, B2 eta B3 bitaminatan; omega 3 eta 6 eta ezinbestekoak diren aminoazidoak dituzte; eta, burdina, kaltzioa eta zinka bezalako mineralentzako iturri garrantzitsua dira. Behi-haragiak 6mg-ko burdin osagaia du 100 gramoko. Otien 100 gramotan, berriz, 8-20 mg aurki daitezke, espeziearen arabera eta intsektuak berak izan duen elikaduraren arabera.
Gainera, intsektuak modu jasangarrian hazteak basoen gehiegizko ustiapena ekiditen lagun lezake. Zenbait espezie, adibidez, irinaren zizarea, jada komertzialki ekoizten dira, nagusiki, maskoten elikagaiak prestatzeko, zoologikoetan eta laket-arrantzarako.
FAOren ustez, elikagai horien ekoizpena automatizatuagoa izango balitz, kostuak murrizteko aukera izango litzateke eta modu horretan, ekoizpena errentagarriagoa izan daiteke. Horrela, adibidez, abereak elikatzeko erabili ohi den arrain-irinaren ordez intsektuekin egindako irina erabiltzeko aukera izango litzateke. Modu horretan, arrain gehiago erabil daiteke gizakion kontsumorako.
Dena den, kontsumitzailearen irudikeria da, gaur egun, intsektuen kontsumoak duen oztoporik handiena. Irudikeria hori, batez ere, gure inguruneko herrialdetan da nagusi. Hala ere, historiak frogatu izan duenez, dieta ereduak azkar alda daitezke, batez ere, gurea bezalako mundu globalizatu batean. Sushiaren kasua dugu, agian, horren adibiderik garbiena; oso epe laburrean arrain gordina jateko ohitura errotu da gure artean.
Azken finean, sarritan ez dugu pentsatzen zer jaten ari garen: xerra baten atzean ez dugu txahal bat ikusten. Are gehiago, guretzat ahogozagarri diren hainbat elikagai beste kulturatan nazka eragin dezakete, adibidez, txipiroiak bere tintan. Eta modu hotzean pentsatzen badugu, zer dela eta sartzen ditugu ostra likatsuak edo barraskiloak guretzat ahogozagarri diren elikagaien artean eta otarrainxkaren itxura duten matxinsaltoek nazka ematen digute?