Gero eta hedatuagoa dago gazteriak gero eta gutxiago parte hartzen duenearen ideia. Baina burutu berri duzun ikerlanak bestelakoa dio. Zein da ikerlan horrek utzi duen ondorio nagusia?
Lehenik eta behin, argitu nahi izan dugu gazteen parte-hartzeaz hitz egiten denean ea eragile guztiak gauza beraz hitz egiten ari diren. Ikerlanean parte hartu dutenei ‘gazteria’ eta ‘parte-hartzea’ definitzea eskatu diegu. Eta ikuskera oso ezberdinak daudela ikusi dugu. Hori zuzendu beharra dago eta terminoak egun bizi dugun errealitatera egokitu behar dira.
Azterlan honetan gazteen iritziari garrantzi handia eman nahi izan diogu. Ikerketaren ardatza Nafarroako 2021eko gazteek gizabanako, talde eta komunitate gisa duten parte-hartzeari dagokionez ulertzen, bizitzen eta aldarrikatzen dutena aztertzea izan da. Eta ikusi dugu gazteen parte-hartzeari buruzko eta politika publikoak markatzen dituen diskurtso instituzionalizatua gazteen errealitate parte-hartzailetik gero eta urrunago dagoela.
“Gazteen parte-hartzeari buruzko eta politika publikoak markatzen dituen diskurtso instituzionalizatua gazteen errealitate parte-hartzailetik gero eta urrunago dagoela ikusi dugu”.
Harresi antzeko bat eraiki da helduen eta gazteen artean. Administrazioa saiatzen da gazteen mundura begiratzen, baina desenfokea hain handia denez gero, ez da gai haien errealitatea ikusteko. Bitartean, gazteek helduen mundua alde batera uzten duen eta beren beharrak antolatzen eta horiei erantzuten dien sistema bat sortu dute. Izan ere, helduok gai estrategikoetan bizkarra eman diegula sentitzen dute: hezkuntzan, enplegu txukunean, etxebizitza eskuragarrian…
Testuinguru horretan, gazteen parte-hartzeak errealitate bat izaten jarraitzen du, baina aldatu da. Orain koiunturalagoa da, berdinen taldeari lotuta eta berehalako beharretara erantzunez. Gainera, helduen munduari bizkarra ematen dioten tresna komunikatiboak eta hizkuntzak erabiltzen dituzte.
Hortaz, gazteen parte-hartzea jaisten ari denaren ideiaren aurrean, ikerlanaren ondorio nagusia honako hau izango litzateke: gazteen parte-hartze sozial eta aktiboa transformazio prozesu sakon batean da eta ez hain formalizatuak eta koiunturalagoak diren antolaketa formetan egituratzen ari da.
Zergatik eman da urruntze hori? Nola definituko zenuke egun den gazteen parte-hartzea?
Erakunde publikoek eta gizarteak, oro har, gero eta kezka handiagoa azaltzen dute gazteen parte-hartzearen eta gazte-asozianismoaren inguruan. Gazteen elkarte tradizionaletako kide diren gazteen kopuruak etengabe behera egin duelako sortu da kezka hori. Kontuan izan behar dugu hori dela Administrazioak gazteen parte-hartzearen fenomenoa neurtzeko erabili ohi duen adierazle bakarra.
Urruntze hori ez da gauza berria; duela hiru hamarkada inguru hautematen hasi zen. Hala ere, azken urteotan garrantzi berezia hartu du, agerian geratu baita ez dagoela elkarte tradizionalen ordezko biderik gazteriaren arazo eta beharrekin harremanetan jartzeko. Covid-19aren pandemiak fenomeno hori larriagotu du.
Gazteen parte-hartzearen ustezko krisia gazteen eta helduen arteko elkarrizketarako ohiko biderako eta gazteen erakundeetarako eta erakunde publikoetarako mehatxu bat da. Pasa den mendean elkarrizketarako eta ordezkaritzarako eratu ziren egiturak jada ez dira baliagarriak eta gazteek beste eredu batzuetara jo dute. Kanala desagertzen bada, komunikazioa ere desagertzen da eta, ondorioz, gazteek dituzten behar eta eskaeren eta horiei administrazioek ematen dieten erantzunen arteko arrakala zabaltzen da. Horrek politika publikoen deslegitimazioa dakar gazteen aldetik.
Zer egin dezakete erakunde publikoek horren aurrean?
Irtenbidea ez da Instagram, Tik Tok edo YouTube profil bat zabaltzea; ez behintzat mezu berberak igortzen jarraitu behar bada. ‘Gazteentzako’ politika publikoak alde batera utzi eta ‘gazteekin’ egiten diren politika publikoak egiteko garaia da. Gazteak ahaldunduta daude, aktiboki parte hartzeko bitartekoak dituzte eta beren politikak erabaki nahi dituzte. Paradigma aldaketa bat da eta erakundeak ez dira horretara egokitzeko gai izan.
Errealitate horrek botere publikoen eta gazteen arteko elkarrizketa berriz planteatzera behartzen du, eta tresna berriak bultzatzera, gazteen egoera, arazoak eta premia larrienak deskribatzeko ez ezik, administrazioek bultzatutako ekintzak birbideratzeko ere balio dezaten, gazteekin hitz egiteko eta erabakitzeko bide eta modu berriak ezarriz.
Aldi berean, gazteen arteko komunikazio kanalak aldatu dira eta horrek kultura berri bat sortu du. Bertan, balio handiagoa du gazte batek igorritako informazioak helduen mundutik igorritako edozein informazio instituzionalizatuk baino. Horrek eragin handia du gazteria politiketan. Parte-hartzearen eraginkortasunaren ardurak erakunde publikoak behartzen ditu beren elkarrizketa ereduak egokitzera gazteen eskaera berrietara. Eta, bestalde, zalantzan jartzen du gazteen ordezkari gisa ezarritako organoen legitimazioa.
Ba al dituzu ideia hori berresten duten datuak?
Ezagutu ohi ditugun gazte elkarteak jada ez dira gazteen parte-hartzerako esparru nagusia. Nafarroako gazte elkarte asko aisialdirako zerbitzuen emaile bilakatzen ari dira. Aldi berean, gazteak administraziotik gero eta urrutiago dauden ereduen bila ari dira. Horrek ohiko gazte elkarteen parte-hartzea ahultzen du. Elkarte horietan eman den beherakada gazteria osoaren parte-hartzearekin identifikatu da. Nafarroako Gazteriaren Institutuak eman dituen datuen arabera Gazte Elkarteetan diren gazteen kopurua 2013an ziren 11.814 gaztetatik 2020an ziren 8.571etara pasatu da. Aitzitik, azterlan honetan kontaktatu ditugun gazteen intereseko 474 entitateen arabera 23.459 gaztek hartu dute parte Nafarroako 116 udalerritan. Hau da, gazteen intereseko entitate horietan parte hartzeko tasa gaur egun formalki eratutako gazte elkarteetan dagoen partaidetzaren ia hirukoitzara iritsiko litzateke.
Gazteen parte-hartze ereduaren aldaketa gizarte indibidualistago baten ondorioa al da?
Ikerlanean ikusi ahal izan dugunez, parte-hartze ereduak aldatzeaz gain, gazteek dibertsifikatu egin dituzte gazteen intereseko erakundeak sortzeko edo horietan integratzeko arrazoiak. Inkestari erantzun dioten erakunde gehienek (% 54) adierazi dute beren erakundeetan parte hartzen duten gazteek proaktiboki parte hartzen dutela. Hau da, gazteek parte hartzen dute erakunde horren xedeak ezagutuz. Baina, aldi berean, gero eta handiagoa da erakunde horietan dauden gazteen parte-hartze instrumentala. Hau da, gero eta gehiago dira erakundearen xedeak ezagutu gabe parte hartzen duten gazteak. Parte-hartze erreaktiborako joera gero eta handiago horren ondorioz, gazteek gero eta gehiago ulertzen dute erakundeetan duten parte-hartzea harreman-modu gisa, helduen mundutik urrun, eta beren kideekiko topaleku gisa, haiekin gero eta denbora eta espazio gehiago partekatu ahal izateko proiektu komunak baino.
Nafarroan gazteek parte hartzeko modu berri horiek dinamizatzeko politika publiko egituraturik ez dagoenez gero, ezin da erakunde horietan jarrera proaktiboagoa sustatu.
“Gazteen parte-hartzeak errealitate bat izaten jarraitzen du, baina aldatu da. Orain koiunturalagoa da, berdinen taldeari lotuta eta berehalako beharretara erantzunez. Gainera, helduen munduari bizkarra ematen dioten tresna komunikatiboak eta hizkuntzak erabiltzen dituzte”.
Udal-eremuan, erakundeek egoera eta baliabide eta zerbitzuen bolumen oso desberdinak jakinarazi dizkigute, bi aldagairen arabera: biztanleriaren tamaina eta udal bakoitzak bere lehentasun politikoetan gazteen arloa kontuan hartzeko duen interesa. Badira gazte politikei garrantzi handia ematen dioten udal txikiak eta badira, handiak izateagatik eta baliabide ugari izan arren gauza handirik egiten ez duten udalak ere. Testuinguru horretan, gazteen intereseko erakunde askok, normalean gutxien egituratuta daudenek, esku-hartze publikoari bizkarra emanez egiten dituzte beren jarduerak. Erakunde horiek ez dute harremanik izaten udalekin eta, erakunde laguntzaile baino agente zigortzaile eta kontrolatzaile gisa ikusten dute.
Hori dela eta, lehentasunezko jarduketa gisa Nafarroako Gazteriaren Institutuak bete behar dituen baliabide eta zerbitzuak eskuratzeko kohesio eta ekitate lana planteatzen dugu, landa-eremuko gazteriarenganako diskriminazio positiboko neurriak ezarriz, horiek eskuragarriago izan daitezen.
Landa-eremuan bizi den gazteriaren egoera guztiz ezberdina izango da…
Landa-eremuko despopulazioaren eta lurralde-kohesioaren aurka borrokatzeko neurriek oso gogoan izan behar dute biztanleria gaztea. Biztanleria finkatzeko, herriak gaztetzeko eta sozialki, ekonomikoki eta kulturalki dinamizatzeko balio duen kolektibo sozial bat bada, hori gazteen kolektiboa da. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak sortutako despopulazioaren aurkako Departamentuarteko Batzordeak lan egin beharko du gazteak eta, bereziki, landa-gazteak politika publikoen lehentasun gisa onartzeko.
Interes handiko beste neurri bat gazteriarentzako zerbitzu-multzo bat ezartzea izango litzateke; osasunean edo gizarte-zerbitzuetan dagoen bezala. Horren baitan, gazte guztiek izango lukete horretarako eskubidea, eskubide subjektibo gisa, Nafarroako edozein udalerritan erroldatuta egoteagatik. Baina horretarako ezinbestekoa da gazteen parte-hartzea sustatzeko zenbait jarduera abian jartzea, horiek gabe zaila baita eskainitako baliabide eta zerbitzuetarako eskatzaileak izatea.
Azterlana etorkizunean gazteen parte-hartze politikak diseinatzeko oinarrizko tresna da. Nola erantzun behar dute Nafarroako erakunde publikoek azaldu duzun testuinguru edo paradigma aldaketa horren aurrean beren politikak diseinatzerakoan?
Oinarrizko elementutzat hartzen da gutxieneko zerbitzu eta baliabideak ezartzeko beharra, modu mankomunatuan edo hainbat udalek lagunduta. Horretarako, beharrezkoa da kontratatutako gazteria-teknikari bat izatea, Nafarroako herrietan zerbitzu eta baliabide horiek eskuratu ahal izateko. Gaur egun, figura hori ez da existitzen udalerri gehienetan diru faltagatik.
Eskatzen den beste elementu bat gazteen parte-hartzea sustatzeko jarduera batzuk abiaraztea da, gazteen gizarte-sustatzailearen figuraren bidez, horiek gabe zaila baita gazteen intereseko erakunde berriak sortzea.
Hausnarketa sakona eskatzen duen beste gai bat Tokiko Gazteria Kontseiluena edo Gazteria Mahaiena da, batez ere 5.000 eta 20.000 biztanle arteko herrietan, udalerri independente gisa edo udalen mankomunitate gisa. Elkarte-sare sendorik ez dagoenez gero, eta Gazteen Partaidetzarako Erakunde horietan Gazteriaren Erakunde Erroldan formalizatu eta inskribatuta ez dauden erakundeak sartzeko mugak direla eta, praktikan ezinezkoa izan da gazte-erakundeen artean baterako jarduerak koordinatzeko eta sustatzeko erakunde horiek sortzea.
Azkenik, gazte-erakundeek herri-administrazioen funtzionamenduaren errealitateari buruzko gogoeta batzuk ere planteatzen dituzte, eta gogoeta horiek kontuan hartu beharko lirateke gazteen parte-hartzea sustatzeko orduan: administrazio publikoen eta gazte elkarteen ordutegiak bateratu, gazteria arloan lan egiten duten teknikarien egonkortasuna, teknikari horien profil egokia, teknikari horien lana gazteria politiketara soilik bideratzea, baliabide eta azpiegituren egokitasuna…
Nafarroan ikusi duzuena beste lurraldeetan ere ematen ari al da? Hots, fenomeno global baten aurrean al gaude?
Lehenengo aldia da Nafarroan gazteen parte-hartzeari buruzko diagnostiko bat egiten dela. Eta horretarako parte-hartzen duten erakundeetara gerturatu gara. Baina ez da lehentasunezko gai bat beste autonomia erkidegoetan. Antza denez, gazteen parte-hartzea ez da agenda politikoetan lehentasuna duen gai bat. Interes falta horren arrazoi bat izan daiteke gazteria tasa, hau da, biztanleria osoarekiko gazte kopurua gutxituz joan dela pixkanaka. Gure gizartean ematen ari den zahartze-prozesuak gero eta talde minoritarioagoa izatera eraman ditu gazteak.
Hainbat autonomia-erkidegotan egin ziren gazteen parte-hartzearen diagnostiko batzuk 1990eko hamarkadaren amaieran eta mende honen hasieran, baina elkartegintza formalizatuaren ikuspegitik, soilik erregistro ofizialetan formalki eratu eta inskribatutako gazte-elkarteak kontuan hartuta. Baina azken hamarkadetan, teknologia berriak nagusituz joan diren heinean, gazteen parte-hartze fenomenoa eraldatu da. Ondorioz, gaur egun, ez da gazteen parte-hartzearen inguruko ezagutzarik Administrazio Publikoen aldetik. Eta diagnostiko egoki bat gabe, zaila da endemikoa bihurtu den arazo bat konpontzeko neurri egokiak hartzea.