Nafarroako Antzerki Eskolak Irrizikloren edizio berri bat hartuko du martxoan zehar. Euskaraz egindako antzezlanen programa honen aurtengo programazioan hiru dira ikusi ahal izango diren lanak. Formatu txikiko antzezlan bakoitzak gai ezberdin bat jorratuko du, betiere, ikuspegi komiko eta probokatzaile batekin. Irriziklo 2024 martxoaren 6an hasi eta martxoaren 20ra arte luzatuko da. Ikusgai izango diren antzezlanak ‘Askatu. Armairuko gogoetak’, ‘Obsoletus’ eta ‘Almazenean’ izango dira.
Fermín Cariñenaren zuzendaritzapean Jaione Urtasun eta Txetxu Collado protagonista dituen ‘Askatu. Armairuko gogoetak’ antzezlanak irekiko aurtengo edizioa martxoaren 6an. Antzezlanak euren erosotasun eremutik irtetea eta muga sozialei aurre egitea erabakitzen duten Ricardo eta Vanesaren erronka azaltzen du. Antzezlana sexu-askatasunaren eta identitatearen ospakizuna da, eta gizarteak ezarritako arauetan harrapatuta daudenei arnasa ematen die.
Martxoaren 13an ‘Obsoletus’ antzezlanaren txanda izango da. Aitor Fernandinoren estuan oinarrituta Pako Revueltasek zuzendutako komedia da. Bertan, Aiora Sedanok, Aitor Fernandinok berak eta Juanjo Oterok gizarte garaikideko borrokaren eta aldarrikapenen esanahia aztertzen dute umore ukitu batekin.
Aurtengo edizioari amaiera emateko, martxoaren 20an, Begoña Bilbao Lejarzegik eta David Desolak zuzendutako ‘Almazenean’ lanak izango da ikusgai. Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Galartza aktoreek itxuraz monotonoa den biltegi huts batean bost egun partekatuko dituzte Hermanos Machado saria jaso duen antzezlan honetan. Antzezlanak denboraren iragaiteari eta belaunaldi aldaketei buruzko hausnarketa eskaintzen du, kasu honetan ere, ikuspegi umoretsu batekin.
Antzezlan bakoitzerako sarrerak bost euroren truke eros daitezke Nafarroako Antzerki Eskolan bertan edo bere webgunean. Hiru saioak ikusteko bonua 12 euroren truke eros daiteke.