Joan den azaroan Aranguren udalerrian aurkitutako brontzezko eskuak eta bertan den ‘sorioneku’ hitzak goitik behera aldatu ditu euskararen jatorriari buruzko ikerketak. Irulegiko eskua izenarekin ezagutzen den pieza brontzezkoa da eta 143 mm-ko luzera, 1 mm-ko lodiera eta 128 mm-ko zabalera du. 36 gramoko pisua du. Adituen esanetan, Kristo aurreko I. mendekoa da eta, hortaz, orain arte aurkitu den euskaraz idatzitako lehen dokumentua litzateke. Irulegiko eskuaren aurkikuntza pasa den urtean mundu osoan izan ziren aurkikuntza garrantzitsuenen artean aurkitzen da.
Irulegiko eskua
Irulegiko eskua Aranzadi Zientzia Elkarteak eta San Telmo Museoak antolatu duten Arkeologia Jardunaldietako protagonista izango da. San Telmo Museoan bertan izango diren jardunaldiak otsailaren 7an hasi eta 10era arte luzatuko dira.
Otsailaren 10ean Irulegiko eskua ardatz izango duten hiru hitzaldi izango dira. Hitzaldiak UPV/EHUko ikertzaile Mattin Aiestaranek, Bartzelonako Unibertsitateko filologia katedradun Javier Velazak eta EHUko Hizkuntzalaritza indoeuropearreko katedradun Joaquín Gorrochateguik eskainiko dituzte.
Gainera, otsailaren 13an Antzoki Zaharrean Irulegiko eskuaren inguruko saio berezi bat izango da. Indusketaren zuzendari Mattin Aiestaranek eskuaren inguruko hitzaldia eskainiko du eta Oreka TX eta Tom Lizarazuk (Bulego taldea) musika jarriko dute. Saio horretarako gonbidapenak doan lor daitezke otsailaren 12ra arte.
Dolmenak, Flandesko altxorra eta beste aurkikuntza arkeologiko handi batzuk
Arkeologia jardunaldiak gaur bertan hasiko dira Aranzadiko arkeologo eta aurrehistorialari Jexux Tapiak eskainiko duen ‘Dolmenen ibilbidea’ hitzaldiarekin. Urola eta Deba bailararen arteko mendietan Telesforo Aranzadik eta Joxemiel Barandiaranek duela 100 urte trikuharriak, dolmenak eta tumuluak industu zituzten. 100 urte geroago gaurko arkeologoak toki horietara bueltatu dira metodologia berriekin aurkikuntza berriak lortuz.
Otsailaren 8an, Ana Benito arkeologoak ‘Iturritxiki. Getariako badiako itsaspeko arkeologia’ izenburua duen hitzaldia eskainiko du. Duela 500 urte, Afrika Subtropikalera zihoan Flandesko urka bat hondoratu zen Getariako badian, kobrezko lingoteen kargamentu baliotsuarekin. Kargamentua berreskuratzea izan da euskal kostaldean egindako urpeko arkeologiaren proiektu garrantzitsuenetako bat eta Benitok horren inguruko azalpenak eskainiko ditu.
Otsailaren 9an izenburu bitxia duen hitzaldi bat izango da: “La costurera que encontró un tesoro cuando fue a hacer pis”. Vicente Olaya kazetari eta idazleak gure inguruko arkeologia hurbileko aurkikuntza eta abenturarik handienetako batzuk aurkeztuko ditu.
Hiru hitzaldi horiek museoaren YouTube kanalean ikusi ahal izango dira streaming bidez.