Iruñeko Emakumeen Etxeak doako hogei bat jarduera eskainiko ditu

Programak emakumeei, publiko orokorrari eta elkarteei zuzendutako tailerrak, errezitaldiak, hitzaldiak eta topaketak biltzen ditu, berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko helburuarekin

Iruñeko Emakumeen Etxeak doako hogei bat jarduera eta ikastaro antolatu ditu irailerako eta urrirako. Programazio berriak zazpi prestakuntza-tailer eta hamar jarduera baino gehiago biltzen ditu. Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina zenbait kasutan beharrezkoa izango da izena aldez aurretik ematea. Jarduerak emakumeei, publiko orokorrari eta elkarteei zuzenduta daude, eta hausnarketa, ahalduntzea eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzea dute helburu.

Programa irailaren 6an hasiko da “Lilak Xuri–Beltzean” musika-errezitaldiarekin. Pianoa eta ahotsa ditu ardatz, eta indarkeria matxistak jorratzen ditu kantu, testu, poema eta testigantzen bidez. Irailaren 11n “Zaintza musikalak” saioa egingo da, soinuen bidez zaintzak trukatzeko gune bat sortzeko. Hilaren 17an eta 18an, iruzurtiaren sindromeari eta mindfulness-aren bidezko zaintzaileentzako zainketei buruzko jarduerak izango dira. Irailaren 20an, bisexualitatearen agerikotasunaren aldeko topaketa musikala eta poetikoa egingo da.

Iraileko azken astean, “Hesiak apurtzen genero-adierazpenaren bidez” tailerra (irailaren 25ean), komunikabideetan sexu-indarkeriaren mitoak aztertzeko gida baten aurkezpena (irailaren 27an) eta Nafarroako elkarte eta emakumeei zuzendutako genero ikuspegia duen mentoring eta laguntzaren III. topaketa egingo da.

Urrian

Urriaren 3an “Indarkeriarik gabeko maitasunak” hitzaldia eskainiko da, maitasun erromantikoa, jeloskortasuna eta pornografiak sustatzen dituen harremanak zalantzan jartzeko. Urriaren 4an Emakumeen Etxearen bosgarren urteurrena ospatuko da, ate irekien, elkarteen stand-en, emanaldien eta musikaren egunarekin. Urriaren 9an, lesbianak, bollerak eta bisexualak diren fem-aligned emakume eta pertsona ez-bitarren gazte-topaketa egingo da, etorkizuneko jarduerak sozializatzeko eta planifikatzeko.

“Somos más, gehiago gara. Desgaitasuna duten emakumeen ahotsak” erakusketa irailaren 2tik 20ra izango da ikusgai. Erakusketa ibiltari honek desmuntatu nahi ditu desgaitasuna duten emakumeekiko estereotipoak eta aurreiritziak. Gainera, irailaren 10ean izen bereko dokumental bat proiektatuko da.

Irailean hasiko diren prestakuntza-tailerren artean basoko landareei buruzko saioak, chi-kung, autozainketa emozionala, generoa eta visual thinking, eta film laburren eta LGTBI gidoien ekoizpena daude. Urrian, beste bi tailer egingo dira: “Zaharra bai, baita zoriontsua ere”, emakumeen zahartzeari buruzkoa, eta berdintasunaren aldeko podcast bat egiteko tailerra, urriaren 7, 9, 14, 16 eta 20an.