Iruñeko Udaleko korrespontsal informatiboek diplomak jaso dituzte

Hiriko 39 zentro eta egoitzatan gazteentzako udal informazio interesgarria zabaltzeaz arduratu dira.

Hiriko 39 zentro eta egoitzatan gazteentzako udal informazio interesgarria zabaltzeaz arduratu diren 68 gaztek diplomak jaso dituzte Gaztediaren Etxean.

Korrespontsal talde hau Udalaren ahotsa eta entzumena izan da zenbait hilabetez beren zentroetan. Izan ere, korrespontsal gazteak gazteentzako informazio gune bat sortu eta eguneratuta edukitzeaz arduratu dira. Gazte Informazio Panel analogikoaren edo/eta digitalaren bidez, gazte horiek hainbat gairi buruzko informazioa partekatu dute, hala nola bekak, laguntzak, bidaiak, programazioak eta topaketak.

Korrespontsal Informatiboen programa 1996/1997 ikasturtean jarri zen abian, gazteei zuzendutako informazioa hartzaileengana benetan iristea lortzeko helburuarekin, publiko aldakorra eta askotarikoa baita, definitzeko zaila den profila duena.

Korrespontsalak

Korrespontsal bihurtzeak konpromiso bat eskatzen du informazio-lan horrekin eta Gaztediaren Etxearekin; horrela, ikasturtean zehar, ohikoa da berriemaile gazteen eta udal-gune horren arteko harremana. Horren truke, erantzukizun hori duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek 300 euroko diruzko beka dute pertsona bakoitzeko.

Gainera, lan horretan duten inplikazioagatik eta ondo aritzeagatik urtero nabarmentzen diren bikoteei 150 euroko sari gehigarria ematen zaie, baita banaka ere. Ikastetxeen laguntza sustatzeko, saria dago, halaber, korrespontsalekin gehien inplikatzen direnentzat, liburuekin edo eskola-materialarekin trukatu daitezkeen txartelekin; 300 euro, ondoen sailkatutakoarentzat; eta 100 euroko beste 4 bonu, ondoren datozenentzat.

Bestalde, “Lehen eskutik” proposamenarekin, korrespontsal informatiboek aukera dute beren hiriko baliabideak eta instalazioak zuzenean ezagutzeko, haien existentzia eta programazioa esperientzia pertsonaletik zabaltzeko, sortzen dituzten informazio-sare berberak erabiliz. Proposamen horretan sartu dira Nafarroako Gazteria Institutuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Antzerki Eskolak, Gayarre Antzokiak, Nafarroako Filmoteka eta Baluarte Fundazioak.