30 lan Irungo zinema arkeologikoaren jaialdian

Oiasso Museoak eta Irungo Udalak antolatzen duten Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren (FICAB) 24. edizioak 30 film labur eta luze baino gehiago eskainiko ditu azaroaren 11 eta 16 bitartean. Proiekzio guztiak Mendibil Merkataritza-gunean diren zinema-aretoetan izango dira eta ez Amaia KZan, orain arte bezala, azken honetan eraberritze lanak burutzen ari baitira.

FICAB jaialdiak, arkeologia ezagutaraztea eta gizartea arkeologia gaietara erakartzea du helburu, arkeologoen ikerlanen emaitzak jasotzeko ikus-entzunezko lanak zabalduz.

Bi sail

Zinemaldia bi sailek osatuko dute: Sail ofiziala eta Hezkuntza saila. Sail ofizialean Espainia, Frantzia, Alemania, Suitza, Italia, Erresuma Batua, Grezia, Portugal, Brasil edo El Salvador bezalako herrialdeetatik etorritako 30 film baino gehiago lehiatuko dira:

  • Hastapenetako tokak (Frantzia, 2023, 4´)
  • Naachtun. Erresuma maia, agerian (Frantzia, 2023, 90´)
  • Inperio inka (Frantzia, 2023, 90´)
  • Saudade (Espainia, 2023, 15´)
  • Lascauxeko gizakiaren sekretuak (Frantzia,  2023, 52´)
  • Thorin, azken neandertala (Frantzia, 2022, 53´)
  • Hemen eman zuten denbora (Erresuma Batua, 2023, 10´)
  • Neandertala, gizateriaren historiako lehenengo artista (Frantzia, 2023, 52´)
  • Aurrez aurre daukadan lekua: tailer litikoak (Brasil, 2024, 15´)
  • Emakumea eta ekonomia antzinatean (Espainia, 2024, 20´)
  • Egeoko historian igerian (Grezia, 2023, 12´)
  • Artzaintzaren aztarnak Babiako goi mendian, Leónen (Espainia, 2024, 12´)
  • Israelen eta Paularen etxea (El Salvador, 2023, 19´)
  • Sapiens edo artearen sorrera (Frantzia, 2022, 70´)
  • Gizakia eta jainko-jainkosak, itsasoa eta sakratua dena (Italia, 2023, 42´)
  • Iznik: urpeko basilikaren misterioak (Frantzia, 2023, 52´)
  • Gauerdia Pradocastañoko trikuharrian (Espainia, 2021, 6´)
  • Terra X. Xamanaren hilobia (Alemania, 2024, 45´)
  • Mesopotamia: Irakeko altxorren berraurkikuntza (Frantzia, 2024, 51´)
  • Arkeomania: kate maila galduak (Espainia, 2023, 30´)
  • Sardinia: zibilizazio nuragiko misteriotsua (Frantzia, 2024, 52´)
  • Libano: Biblosko erresumaren sekretuak (Frantzia, 2024, 90´)
  • Ramesseum 2022: XXXIII. kanpaina arkeologikoa (Frantzia, 2023, 75´)
  • Tartesos, bi itsasoren arteko erresuma (Espainia, 2024, 55´)
  • Artemisa: tenplu galdua (Suitza, 2023, 53´)
  • Lo egiten dutenen teilatuetan (Italia, 2023, 15´)
  • Zentauroen villa (Portugal, 2023, 24´)
  • Alhambra: Espainiako azken sultanerriaren altxorra (Frantzia, 2024, 52´)
  • Jesús Carrera, Hondarribiko gorria (Espainia, 2024, 61´)

Sail ofizialeko 17:00etako emanaldietara joaten direnek mahai inguru batean parte hartu ahalko dute, Xabier Peñalver arkeologo entzutetsuarekin.

Sail ofizialean lehiatzen diren filmek hiru sari irabazteko aukera izango dute: Zinemaldiko sari nagusia (2.000 €), Ikusleen sari berezia (1.000 €), EITB saria (1.000 €). Horiez gain beste bi sari banatuko dira: Hezkuntza Saileko saria (750 €) eta Arkeolan saria (dibulgazio zientifikorik onenarentzako saria).

Hezkuntza saila eta jarduera osagarriak

Hezkuntza Saileko filmak goizetan emango dira, hilaren 12tik 14ra arte, 11:00etan, Mendibil merkataritza guneko 3. zinema aretoan. Gainera, ARK-MO programaren esparruan, egun horietan bertan, Irungo Toki Alai eta San Vicente de Paul ikastetxeetako ikasleek, Orereta ikastolakoek eta Hiriondo ikastolakoek, Piarres Larzabal kolegiokoek eta Urruñako ikastolakoek arkeologia gaiei eta arkeologiak lurraldeko kultur ondareari egiten dion ekarpenari buruz egindako film laburrak aurkeztuko dituzte.

Irunen izango diren proiekzioz gain, Donostiako Aquariumak urpeko arkeologiari buruzko zenbait lan eskainiko ditu azaroaren 13an, 18:30etatik aurrera. Proiekzioen ostean, Ander Arrese adituak diziplina horren inguruko hitzaldi bat eskainiko du.

FICABen parte hartuko duten film guztiak Festhome plataformaren bidez ere ikusi ahal izango dira zinemaldiaren astean.