Zinebik, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Itoiz euskal musika-talde ikonikoaren inguruan egin den ‘Itoiz udako sesioak’ dokumentalaren estreinaldia hartu du. Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendutako eta Doxa Producciones ekoiztutako dokumentala taldearen ibilbidearen errepasoa egiten du eta taldea desagertzera eraman zuten aldaketetan sakontzen du.
Estreinaldia atzo izan zen Golem Alhóndiga zinema-aretoan eta berriz ikusi ahal izango da azaroaren 14an, 19:30etatik aurrera.
Dokumentala
Dokumentalak Juan Carlos Pérez taldeko liderra Itoizen ibilbideari buruzko prozesu introspektibo batera daramaten grabazio berri batzuen berraurkikuntza azaltzen du. Taldea 1978an sortu zen Ondarroa eta Mutriku artean eta 1988an eman zituen bere azken urratsak. Hamar urteko ibilbide horretan taldeak Pop musika-estilora jo zuen eta horrek arazoak sortu zituen taldekideen artean. Dokumentalean Juan Carlos Pérezek taldearen lehen urratsak errepasatzen ditu rock progresiboa oinarri zutenean.
‘Itoiz udako sesioak’ dokumentala, ziur aski, jaialdiaren edizio honetan ikusmin handiena sortu duen lana izango da. Proiektua 2019an ZINEBI Networking Bilboko Dokumentalen Nazioarteko Foroaren bigarren edizioan aurkeztu zen. Era berean, ZINEBI eta FICXekin lankidetzan garatu zen Cannes Docs-en barruko programa berezi batean parte hartu zuen.