Jazz Uhinak Hirian Barrena

Jazz musika ardatz duen ziklo honen XIX. edizioaren barruan zortzi kontzertu programatu dira maiatzera bitartean

Jazz Uhinak Hirian Barrena” kultur programaren XIX. edizioak zortzi kontzertu eskainiko ditu Gasteizen. Zikloa urrian hasi eta datorren urteko maiatzera arte luzatuko da. Programatutako kontzertu ia guztiak Jesús Guridi Musika Kontserbatorioko Areto Nagusian izango dira. Jazz-a zabaltzea eta musika genero honetako promesa berriei eta profesional ospetsuei espazio bat eskaintzea da programa honen helburu nagusia.

Jazz Uhinak Hirian Barrena

Aurtengo edizioa Fred Hersch piano-jotzailea protagonista izango duen hitzordu bikoitz batekin inauguratuko da. Lehenengo kontzertua, urriaren 30ean, topaketa intimoa izango da Kora Living hotelean. Saio horretan, ikusle talde txiki batek musikariaren sormen prozesua gertutik ezagutzeko aukera izango du. Hurrengo egunean, urriaren 31n, Herschek bere azken albuma aurkeztuko du, “Silent, listening“.

Azaroaren 19an Carmen Souza abeslariaren txanda izango da, eta “Port ‘Inglês” bere azken laneko abestiak joko ditu. Souza ezaguna da Europako eszenan “World Jazz” estilo paregabeagatik.

Programazioak abenduaren 17an jarraituko du Joyful Gospel Choir taldearen emanaldiarekin. Musikari eta abeslarien artean 45 kide dituen talde hau  gospel garaikidearen irudikapen nabarmena da.

Urtarrilaren 21ean, Estela Julia abeslari eta konpositoreak “Quién soy” estreinako diskoa aurkeztuko du, jazza, hip-hopa, latina, popa eta flamenkoa uztartuz. Bere ibilbide hasiberriaren lehen aurkezpenetako bat izango da.

Otsailaren 18an eta martxoaren 25ean Jesus Guridi Kontserbatorioko eta Luis Aramburu Udal Musika Eskolako ikasleen konboak eta big band-ak izango dira.

Apirilaren 29an Jessica Pina Trio taldearen txanda izango da. Madonna-ren munduko biran parte hartu duen tronpeta-jotzailea aintzatespena lortzen ari da tradizioa eta berrikuntza nahasteko duen gaitasunagatik.

Zikloa maiatzaren 20an amaituko da, Billie Sings Soul taldearen ongintzazko kontzertuarekin. Billie Holiday kantariari omenaldia egingo dio Susana Ruiz abeslariak, eta soula, funka eta bluesa uztartuko ditu interpretazio pertsonal batean.