Irakurketa: 2 minutu
Gazteen Euskal Behatokiak ‘Substantziadun adikzioak eta jokabide-adikzioak’ izenburuko ikastaroa programatu du urte hasiera honetarako. Izenburuak argi uzten duen moduan, ikastaroaren xedea da gazteekin lan egiten duten profesionalei informazioa eta prestakuntza ematea substantzien kontsumoari eta ausazko jokoei (batez ere kirol-apustuak eta online jokoak) eta sare sozialei lotutako arriskuei buruz. Ikastaroa Donostian eta Bilbon eskainiko da eta Ortzadarreko osasun- eta adikzio-arloko prebentzioari buruzko programaren koordinatzaile Estibaliz Ansotegik zuzenduko du.
Substantziadun adikzioak eta jokabide-adikzioak
Ikastaroaren programa hiru gai-bloketan egituratuko da. Lehenengoan mendekotasunen oinarrizko kontzeptuak aztertuko dira, zikloak eta plazeraren zirkuituak barne. Bigarren saioa substantzien kontsumoan ardaztuko da, horien sailkapenean eta autozainketarako neurrietan. Hirugarren saioan, berriz, jokabide-mendekotasunak jorratuko dira, bereziki zori-jokoetan, kirol-apustuetan eta sare sozialetan sakonduz.
Donostiako ikastaroa urtarrilaren 30ean eta otsailaren 4an eta 11n emango da Anoetan den Gazte Elkartegintzarako CRAJ bulegoan. Bilboko ikastaroan, berriz, otsailaren 5ean, 12an eta 19an eskainiko da Gazteen Euskal Behatokiaren egoitzan. Bi ikastaroak goizez izango dira, 10:00etatik 14:00etara, eta bakoitzak, gehienez, 20 parte-hartzaile izango ditu. Ikastaroa euskaraz izango da.
Izen-emateak urtarrilaren 9tik 20ra egongo dira zabalik. Lehentasuna izango dute zuzenean gazteekin lan egiten duten profesionalek, gazte-informazioko langileak, gizarte-hezitzaileak eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetako orientatzaileak barne. Izen-ematea ziurtagiri digitalaren bidez egingo da Behatokiaren aplikazio berriaren bidez. Bertaratze eta ebaluatze baldintzak betetzen dituzten horiek, gainera, ikastaroaren ziurtagiria jaso ahal izango dute.
Argibide gehiagorako: gaztebehatokia@euskadi.eus • 94 403 16 45