Jokoteknia topaketaren VII. edizioa

Game Erauntsiak eta Azkue Fundazioak antolatzen duten egitasmoa Bilboko Euskararen Etxean egingo da azaroaren 9an

Euskal Herriko bideojokoen zaleek hitzordu garrantzitsua dute datorren azaroaren 9an Bilbon. Izan ere, egun horretan, Euskararen Etxean, Game Erauntsia elkarteak eta Azkue Fundazioak antolatzen duten eta euskara eta bideojokoak batzen dituen Jokoteknia topaketaren zazpigarren edizioa izango da.  

Programazioa

Jardunaldia goizez eta arratsaldez izango da. Goizeko saioan, lau hitzaldi eta mahai inguru bat izango dira. Lehenengo hitzaldian, Lehen Hezkuntzako irakasle eta bideojokoak.info webgunearen sortzaile Unai Arrugaetak bideojokoak mugatzeko eta erabiltzeko aholkuak eskainiko ditu.

Bigarren hitzaldian, software ingeniari eta bideojokozale Ibai Oihangurenek itzulpengintzari nahiz euskaratutako bideojokoei buruz hitz egingo du. Oihangurenek hainbat bideojoko euskaratu ditu azken urteetan.

Hirugarren hitzaldian, Atabey Creations estudioko Maite Martínezek bideojokoen marketinari lotutako diseinuaren gakoetan sakonduko du.

Eta hitzaldien txanda Keplerians taldeko arte zuzendari Mikel Anterok itxiko du. Bere azalpenean Anterok zenbait bideojokoren sormen prozesuan izan dituen esperientziak azalduko ditu eta, aldi berean, Euskal Herriko bideojokoen industriaren egoeran sakonduko du.

Hitzaldien ostean, ikasketei zein Euskal Herriko bideojokoen industriari buruz hausnartzea helburu duen mahai inguru bat izango da. Bertan izango dira, besteak beste, Harrobia, Tartanga eta DigiPen Europe-Bilbo ikasteetxetako ikasleak. 

Euskaraz jokatzeko aukera!

Arratsaldeko saioan, berriz, euskarazko bideojokoen txanda izango da. 16:00etatik 19:00etara bitartean bertaratzen direnek euskaraz diren hainbat bideojoko ezagutzeko eta probatzeko aukera izango dute Gamer Gelan. Goizeko zein arratsaldeko saioak zabalik izango dira bertaratu nahi duen edonorentzat. Eta Euskararen Etxera gerturatu ezin duten horiek, berriz, saioak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute EiTBren YouTube kanalean.