Historikoki, lanorduak murriztea langileen aldarrikapen bat izan da. XIX. mendeko 16 orduko lanaldietatik zortzi orduko lanaldietara pasatu gara eta, kasu gehienetan, sei eguneko lan-astetik bost eguneko lan-astera. Zergatik eskatzen da lan-astea lau egunetara murriztea?
Lanordu kopuruak murriztea langile mugimenduaren aldarrikapen historiko bat da, soldata igotzearen aldarrikapena baino lehenagokoa. Adibidez, langilearen eguna maiatzaren 1ean ospatzen da egun horretan zortzi orduko lanaldiaren aldeko borrokan egun oso esanguratsua delako. Borroka horri esker eguneko lanaldia zortzi ordutara jaistea lortu zen; hori da, behintzat, munduko herrialderik gehienetan onartuta dagoena. Nazioarteko irizpide nagusiaren aurkakoa da, gaur egun, egunean zortzi ordu baino gehiago lan egitea eta astean 40 ordu baino gehiago lan egitea.
Lanorduak edo lan-astea murriztea soldata igoeraren alternatiba ere izan da. Enpresetan izan den jardueraren hobekuntza etengabearen aurrean bi dira aldarrikapen historiko nagusiak: soldatak igotzea eta lanorduak murriztea. Lehenengoa enpresariek oso gustuko ez duten aldarrikapena da eta lanorduen murrizketak hainbat abantaila eskaintzen dizkie langileei, betiere, soldata mantentzen bada.
Garbi dago horrelako neurri bat aproposa dela langileentzat. Ez dago hain garbi enpresarien kasuan. Non dago oreka?
Nire ustez ez da oreka kontu bat; posizio teoriko bat da. Jarrera erradikal antagonikoak dira. Lanordu murrizketa enpresarien aurkako neurri gisa ulertzen bada enpresariak kontra azalduko dira. Hori lanaren inguruko ikuspegi zaharkitu baten ondorioa da. Gai honen inguruan egin diren hainbat ikerketan agerian geratu denez, lan denboraren murrizketak abantailak eskaintzen dizkie langileei, baina baita enpresariei ere. Lanordu murrizketak, besteak beste, produktibitatea igotzea ekartzen du kasu gehienetan. Horrez gain, langileriaren osasunak, estres-mailak eta bestelako aldagai psikosozialek ere hobera egiten dute. Hainbat sektoretan, gainera, denbora gutxiago erabiliz emaitza bera lortu ohi da eta horrela ez den kasuetan, ekoizpen-maila mantendu ahal izateko kontratazio berriak behar izaten dira, langabezia murriztuz.
Enpresariek horrelako neurriek langileei mesede egiten dietela ulertu behar dute: lan-istripu gutxiago, denbora libre gehiago, osasun hobea… Adibiderik garbiena Frantzian dugu. Mende honen hasieran 35 orduko lan-astea ezarri zen langile guztientzako eta produktibitateak nabarmen egin du gora. Horrek mesede handia egiten dio herrialde baten ekonomiari.
Dena abantailak badira, zergatik ez da ezartzen horrelako eredu bat?
Hainbat kasutan enpresarien ordezkaritza politikoak ez duelako enpresari guztien interesak babesten. Gure artean, zoritxarrez, enpresarien ordezkariek bi joera jarraitu izan ohi dituzte: lan-kostuak murriztea eta etekinak ahalik eta altuenak izateko langileei ahalik eta gutxien ematea.
Baina historikoki, ongizatearekin bat egin duten kapitalismoaren beste fase batzuetan ikusi ahal izan denez, kapitalismoak berak onuragarria izan ahal du langileentzat esplotazio maila gutxituz. Hori bi modutan lor daiteke: soldatak igoz edo soldatak mantenduz lanorduak murriztuz.
Enpresari asko nazioarteko merkatuetan bizi dira, bereziki, sektore zehatzetako enpresa handiak. Haien bezeroak ez dira langileak eta, hortaz, nahiago dute lan-kostuak murriztea etekin gehiago lortzeko. Enpresari ertain eta txikien kasuan, ostera, haien bezeroak bai dira langileak eta komeni zaie horiek ahalik eta kontsumo-gaitasun handiena izatea. Zoritxarrez, 40 urteko azken aro neoliberal honetan, langileen aurkako ikuspegia nagusitu da.
Zergatik ordaindu behar zaio langile bati soldata bera lanordu gutxiago lan egiten badu?
Azken lau hamarkadetan soldata errealak finko mantendu direlako. Michel Husson ekonomialari frantziarrak oso ondo azaltzen zuenez, ekonomia kapitalistak bi joera ditu: garapen teknologikoa denbora berean gero eta gehiago ekoizteko eta enpresen arteko lehiaren ondorioz enpresa indartsuenak mantentzea eta ahulenak ixtea.
Teknologiak eta lehiak sortzen dute kapitalismoaren joera teoriko bat: produktibitatearen igoera. Produktibitatea igotzeak ez du zertan errentagarritasunaren igoera ekarri behar. Kontua da produktibitate igoera horrek sortzen dituen onurak ez badira langileekin partekatzen ekonomia kaltetzen dela ez delako onurak biztanleriaren gehiengoari banatzeko gai. Gaur egun nagusi den ereduan, onura horien banaketa enpresariek erabakitzen dute eta, kasu gehienetan, nahiago izaten dute onura horiek etekinetan bilakatzea.
Nire ustez legez ezarri beharko litzateke produktibitatearen onurak langileekin banatu behar direla. Nola egin daiteke hori? Bi modutan; edo soldatak igo edo lanorduak murriztu soldatak jaitsi gabe. Askok ulertzen ez duten arren, eredu horrek mesede egiten dio kapitalismoari, langileak gustura egoteak eta hobeto lan egiteak mesede egiten diolako enpresari.
Lanorduen murrizketa, bai egunean lan egiten diren ordu kopuruen bidez edo astean lan egiten diren egunen bidez, sektore guztietan eraman al daiteke aurrera?
Egia da lau eguneko lan-astea zailagoa dela gaur egun bost eguneko lan-astea ez duten sektoreetan. Adibidez, hor dugu langile kopuru oso handia duen merkataritza sektorea. Sei eguneko lan-astea duen sektore batean zaila da lau eguneko lan-astera pasatzea; ez da bideragarria.
Ekonomian, lanaren ikuspegitik, bi sektore mota daude: presentzialak eta ez-presentzialak. Lehenengo horretan langilea lanpostura bertaratzea guztiz ezinbestekoa da. Bigarrenean, berriz, ez. Denda batean saldu ahal izateko saltzaileak bertan izan behar du edo fabrika batean torlojuak ekoizteko langileak makina aurrean jarri behar du. Baina beste hainbat sektoretan helburuen baitan lan egiten da. Kazetari batek zortzi ordu eman behar ditu erredakzioan bere lana amaitzeko? Aholkulari batek? Horrelako lanbideetan, ez-presentzialetan, argi eta garbi dago lanorduak murrizteak lana hobeto egitea dakartzala.
Kontua da presentzialtasuna eskatzen duten sektore horietan (industria, merkataritza, osasuna, irakaskuntza, eraikuntza…) lanaldi murrizketak kontratazio berriekin osatu behar direla.
Zer izango litzateke egokiena, lan-astea murriztea ala eguneko lanaldiak murriztea?
Eztabaida mahai gainean dago. Lan-asteak zenbat egun dituen zehaztea baino, garbi dagoena da astean lan egiten diren orduen kopurua murriztu behar dela. Hemen eztabaida korapilatu daiteke lanordu horiek murrizteko hainbat eredu daudelako: lan egunak murriztu, eguneko lanaldiak murriztu…
Espainian garatzen ari den proiektuan badirudi lan egunak murriztearen aldeko apustua egingo dela, hau da, lau egun astean zortzi orduko lanaldietan (32 ordu). Eredu horrek, adibidez, kritikak ere jaso ditu, adibidez, feminismotik. Izan ere, ikuspegi feministarentzat astean lan egiten diren egunak murriztea baino garrantzitsuagoa da eguneko lanaldiak murriztea bizitza pertsonalaren eskaerei behar bezala erantzuteko.
Ekologismotik, berriz, ondo ikusten da astean lan egiten diren egunak murriztea, horrek, adibidez, langileen joan-etorriak nabarmen murriztuko lituzkeelako.
Horrelako eredu bat ezartzeko gizartean hainbat egokitzapen egin beharko lirateke, ezta? Adibidez, hezkuntza ere gurasoen lanaldietara egokitu beharko litzateke.
Pedro Gomes ekonomialari portugaldarra lau eguneko lan-astearen defendatzaile sutsua da. Gomesek badu liburu bat, ‘Friday is the new saturday’, eta bertan sei eguneko lan-astetik bost eguneko lan-astera pasatzeko eman zen prozesua aztertzen du. Normalean, enpresa handiak dira horrelako neurriak hartzen dituzten lehenak. Denborarekin haien bezeroetara eta enpresa ertain eta txikietara hedatzen da eta azkenean gizarte osora.
Lau eguneko lan-astera pasatzeko, seguruenik, antzeko prozesu bat ikusiko dugu. Horrek, noski, egokitzapen bat eskatuko du, zuk aipatzen duzun moduan, adibidez, hezkuntzan. Progresiboa den berrantolaketa integrala eta koordinatua behar izango da.
Puntu honetan, errepikatu nahiko nuke, helburua, lan egunak murriztea baino, lanaldiak murriztea izan behar duela. Adibidez, astean 40 ordu lan egin behar badira lau egunetan banatuta, lanaldiak 10 ordukoak izango dira eta, horrek, bereziki, emakumeei egingo die kalte, normalean beraiek baitira etxeko zaintzaz arduratzen direnak. Hori argi ikusi da herrialde eskandinaviarretan. Bertan lanaldi partzialaren eskubide unibertsala aldarrikatzen dute eta langile askok horren alde egin dute. Nortzuk? Emakumeek.
Gai honen inguruan hainbat eredu garatu dira. Zuk zeuk aipatu dituzu Frantziako edo herrialde eskandinaviarretako ereduak. Zein da, zure ustez egokiena?
Bat aukeratzekotan Frantziakoa esango nuke. Bertan 35 orduko lan-astea ezarrita dago langile guztientzat. Lau eguneko lan-astea herrialde anglosaxoietatik datorren joera da, baina inportanteena, zenbat egun baino, astean zenbat ordu egiten dugun lan zehaztea da. Eta egunean zenbat ordu egin daitekeen lan mugatzea ere garrantzitsua da, zaintza lanei behar bezala erantzun ahal izateko eta lan horietan gizonen parte-hartzea sustatzeko.
Herrialde eskandinaviarretakoa ez zait egokia iruditzen. Han nahi duenak lanaldia murrizteko eskubidea du, baina ordu murrizketarekin batera soldata murrizketa ematen da. Laster Yolanda Diazek iragarriko duen ‘Ley de usos del tiempo’ legea bide horretatik joango da, eta helburu on baterako lehen urratsa izan ahal den arren, horrelako politikek zaintza lanen banaketa sexista sustatzen dute. Gizon zein emakumeen lanaldi osoko enpleguen ordu murrizketak egin beharko lirateke.
Zein izango litzateke astean lan egin beharreko ordu kopuru egokiena?
Esperientzia pilotuetan 32 orduko lan-asteak ondo daude, baina Frantziakoa bezalako politika unibertsala egiteko, sektore pribatua eta publikoa hartuko lukeena, ordu kopuru egokiena, nire ustez, 34 ordu izango lirateke. Eredu horretan, astelehenetik ostegunera zazpi ordu egingo lirateke lan eta ostiraletan sei ordu.
Asteburuak luzatzea erronka polita da, baina nire ustez lanaldiak, une honetan, luzeegiak dira, bereziki gizonen kasuan. Kontuan izan behar dugu, gurean, oraindik ere ordu estra asko sartzen direla eta hori soldata baxuko ekonomia baten adierazle garbia da. Ordaindutako ordu estrak, nagusiki, gizonek egiten dituzte eta ordainduak ez direnetan, ilegalak direnak, oreka handiagoa dago gizon eta emakumeen artean.
Nola eragin dezake eztabaida honetan lanaren errobotizazioak. Antza denez gizakiontzat gero eta lan gutxiago egongo da.
Ez du uste garapen teknologikoak gizakion lanarekin amaituko duenik. Pasa den mendearen amaieran Jeremy Rifkinek ‘El fin del trabajo’ liburuan iragarri zuen makinek lana kenduko zigutela, baina bertan egindako iragarpenak ez dira bete. Lanaren automatizazioak lan batzuekin amaituko du, baina beste behar batzuk ere sortzen ditu. Kontua da zein lan desagertuko diren eta zein lan berri sortuko diren. Badirudi formakuntza maila handia eskatzen duten lanbideetan ez dela arazorik izango. Formakuntzarik eskatzen ez duten lanbide errepikakorrak, berriz, desagertuz joango dira.