Azken hilabeteetan adimen artifizialaren (IA) garapen oso azkar bat ikusi dugu eta ez dago fenomeno horrek eragin ez dion sektorerik edo jarduerarik. Hizkuntzen kasuan, zeintzuk lirateke izan daitezkeen ondorioak?
Nire ustez IAk hizkuntza bat erabiltzea edo ulertzea zer den pentsaraziko digu eta hortaz zertarako ikasi beste hizkuntza bat. Gizaki batek sortuak diruditen esaldiak sortu ahal dituen teknologia bat garatzeko gai izan gara, baina zer alde daude makina batek sortzen duen horren eta gizaki batek sortzen duen horren artean?
IA oso ona da hizkuntzarekin. Adibidez, ingelesez, eta beste hizkuntzetan modelo propioak garatzen direnean horrela izango dela uste dut, oso zaila da makinak akats sintaktikoak egitea. Edukiei dagokionez desberdina da, IAk edukia ‘asmatu’ dezakeelako edo erantzun okerrak, hutsalak edo aspergarriak eman ditzakeelako.
Oso tentagarria da teknologia hau erabiltzea eta gizaki batek sortuko lukeenaren antza handia duenez gizaki batek sortu izan balu bezala hartzea. Baina hil honetan bertan Cervantes Institutuan egin dugun jardunaldian Luis García Monterok azaldu duen moduan, “ez dago makina bat baino gauza atzerritarragorik”. Azken finean, hizkuntzak hiztegirik haratago doaz. Makina batek definizio bat eman ahal dizu, segur aski, gizaki batek baino hobeto, baina ezin zaitu bizi izan dituzun uneetara eraman. Adibidez, eta Luis García Monteroren hitzak berriz erabiliz, ez bazara hotzikara bat sentitzeko gai, nekez ulertuko duzu zer den.
Bere hastapenetik konputazioaren helburu nagusietako bat hizkuntza mailan gizakion mailan dagoen sistema bat sortzea izan da. Hor dira itzultzaileak etab. IAri esker hori lortzetik gertu al gaude?
Nire ustez puntu horretara iritsi gara jada. Washington Post egunkariaren arabera, badira Turingen Testa gainditu ahal duten makinak; hots, jada badira gizaki batekin solasaldi bat izateko gai direnak gizaki hori makina batekin hitz egiten ari dela konturatu gabe. Baina, maila horretara iritsi bagara ere, garrantzitsua da ez ahaztea simulazio baten aurrean gaudela. Hau da, gizaki bat engainatzeko gai bada ere, ez da adimentsua, ez behintzat gizaki baten antzera.
Nola eragingo dio teknologia horren garapenak hizkuntzen irakaskuntzari? Zu zeu ingeles irakasle zara. Nola eragingo dizu zure egunerokotasunean?
Nire ustez teknologia horren garapenak aukera asko eskainiko dizkigu ikasgelan. Adibidez, gaur egun, laguntzaile birtualak oso garatuta daude. Zuk makinarekin hitz egin ahal duzu eta ikasgelan bertan erantzun bat jaso: musika jarri, argiak piztu edo itzali, informazioa lortu… Eta hor ikasleek aparteko motibazio bat aurki dezakete hizkuntza berri bat erabiltzeko eta esperimentatzeko.
Azken finean, ez da gauza bera makina batek ulertzen ez bazaitu edo pertsona batek ulertzen ez bazaitu. Makinarekin behin eta berriz saiatu zaitezke; jarduera estimulatzen du. Beste pertsona bati etengabe galdezka egotea zailagoa da eta ikasleak zein irakasleak erreakzio emozionalak izan ditzakete eta, besteak beste, frustrazioa eta lotsa bezalako zirrarak sentitu. Makinak porroterako arrisku hori gabe hitz egiteko aukera izatea oso lagungarria da ingelesez Safe Speaking Environments izenarekin ezagutzen dena sortzeko (hitz egiteko ingurune segurua). Gero eta gehiago dira horrelako tresnak ahozko hizkuntza praktikatzeko ingurune egokiagoa sortzeko baliagarriak izan daitezkeela dioten ikerlanak (hitz egiteko borondatea hobetzea), batez ere Asian edo Finlandian robotekin egindakoak.
Hainbat sektoretan IAk lanpostu askorekin akabatuko duenaren beldur dira. Gauza bera gerta liteke hizkuntzen irakaskuntzan? Irakasleak beharrezkoak izaten jarraituko al dute?
Jende askoren ustez teknologia honek aldaketa sakonak eragingo ditu hizkuntzen irakaskuntzan. Eta badira IAk irakasleak guztiz ordezkatuko dituela uste dutenak. Gai horren inguruan adibidez, luze hitz egin genuen Cervantes Institutuarekin batera British Councilek antolatu zuen hitzaldian.
Zenbait adituren ustez, etorkizun ez oso urrunean, beste pertsona batzuekin elkarreraginean hizkuntzak ikasteko aukera pribilegiatuek bakarrik izango duten aukera izango da. Makina batekin ikastea berriz, aukera ‘merkea’ izango da. Pertsonalki, hala ez izatea espero dut.
Beste askok uste dute IAk lan-kargak murrizten lagunduko duela. Erresuma Batuan diru asko inbertitzen ari dira irakasleei denbora eta esfortzu handia eskatzen duten eginkizunetatik liberatzeko (eskolak prestatu, materialak prestatu, plangintzak…) eta, modu horretan, benetan garrantzitsua den horretan ardazteko aukera izateko. Kontua da ‘benetan garrantzitsua den hori’ zer den zehaztea.
Irakasle naizen aldetik, nire buruari galdetu beharko nioke zer den benetan garrantzitsua egiten dudan horretan eta zer den makina batek ezin izango lukeena edo ezin beharko lukeena. Hau da, zer da nire lanean gizakiona den hori? Izan ere, gizakia naizen aldetik, makina batetik bereizten nauten eta ikaskuntza prozesuan garrantzitsuak diren zenbait ezaugarri izaten jarraitzen dutela uste dut. Ezaugarri horiek identifikatu eta horietan arreta jarri beharko genukeela uste dut.
Tentuz pentsatu beharko genuke horren guztiaren inguruan. Nik, adibidez, etorkizun hobeak ikusten ditut irakaskuntzan. Hobetu daitezkeen kontuen artean ikasgelan egiten den pantailen erabilera mugatzea da. Izan ere, pantaila bat erabiltzen dugunean, gure arreta guztia puntu bakar batean ardazten da eta beste hainbat konturi ez diegu behar bezalako arreta jartzen. Teknologia oso erabilgarria izan daitekeela uste dut, baina ikasgelan pantailen erabileratik urrundu beharko genuke eta ikasleen arteko eta ikasleen eta irakaslearen edo laguntzaile birtualen arteko elkarreragina sustatzeko erabili beharko litzateke. Hori, nire ustez, lankidetza-lanen bidez egin beharko litzateke; bakarkako elkarreraginak IA laguntzaileekin arriskutsuagoak izan daitezke, eta ez da eskoletan den ingurune soziala behar bezala aprobetxatzen.
Ikasgelatik kanpo, berriz, makinak askoz aukera gehiago eskaintzen ditu: tutoretzak, praktikak, feedback indibidualizatuak… baina IA modu kritikoan eta arduratsuan erabiltzeko gaitasunak garatu beharko dira.
Bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ikasten ari diren askok azterketa bat egiten amaitzen dute bere maila egiaztatzeko. Lan hori makina batek egin ahal du?
Segur aski horrela izango da, baina ziurrenik, lehenengo urrats edo etapetan gizaki baten ikuskapena behar izango da. Niri, irakasle eta aztertzailea naizen aldetik, ez zait arrazoi teknikorik bururatzen makina batek lan hori nik baino hobeto egin ezin izateko. Ez dut esan nahi ebaluazioa makina batek bakarrik egin behar duenik, baina niri, irakasle gisa, oso lagungarria izango litzaidake makina batek ebaluazioan laguntzea. Izan ere, irakasleok ditugun zereginen artean ebaluazioak denbora asko eskatzen duen horietako bat da; beste eginkizun batzuetan erabil daitekeen denbora.
Adibidez, irakasle batentzat oso zaila da ikasgelan dituen ikasle guztiak behar bezala entzutea. Baina teknologiak lagundu ahal du ikasleek sortzen duten hori jasotzen, esan duten horren transkripzioa lortzen eta ikasi dutenaren ebidentziak bilatzen. Horrek ikasle bakoitzaren txosten pertsonalizatuak lortzeko eta bere hezkuntza indibidualizatzeko aukera ematen dizu.
Eta azken hausnarketa bat gai honen inguruan. Ikaskuntza prozesuaren eta garapenaren inguruko informazioa biltzen bada, zertarako azterketak? Ez al da posible izango irakastea, ikastea, ebaluatzea, feedback-a ematea, eta, aldi berean, datuak biltzea, konpetentziak etengabe agerian uzteko, hain erreala ez den azterketa puntual baten testuinguruan izan beharrean?
Zuk urteak eman dituzu irakaskuntzan eta baita IAren esparruan ikuspegi filosofikoago batetik. Zeintzuk lirateke, zure ustez, teknologia horren erabilerak dituen arrisku nagusiak?
Pertsonak garen aldetik, gure buruari galdetu beharko geniokeen lehen gauza da ea zergatik erabiltzen dugun IA guk geuk egin ahal dugun zerbait egiteko. Erabilera horrekin zer irabazten dugun eta zer galtzen dugun pentsatu beharko genuke. Adibidez, nik GPSa erabiltzen badut edonora iristeko, jabetu behar naiz ez naizela garatzen ari mapak irakurtzeko edo orientatzeko dudan gaitasuna edo gaitasun hori galtzen ari naizela. Idazteko ahots bidezko diktaketa funtzioa erabiltzen badut, jabetu behar naiz segur aski nire idazketak okerrera egingo duela. Adimen artifiziala erabiltzean jarrera kritikoa izan behar dugu eta argi izan zertarako erabiltzen dugun teknologia hori eta zer abantailak eta desabantailak dituen.
Badakit oso tentagarria dela makina batek ia nire lan guztia egin ahal duela pentsatzea. Baina hori al da benetan nahi duguna? Telefono mugikorren edo sare sozialen erabilera ‘on’ batek, ezarritako erregulazioaren faltan, autorregulazio bat eskatzen duen moduan, IAren erabileran ere autorregulazio bat pentsatu beharko da. Zenbait esparrutan nahiago izaten dugu gu geu bezala aritzea. Hizkuntzen kasuan, hizkuntza adierazpide gisa edo komunikatzeko transakzio-tresna gisa bereizi beharko genuke. Zure lehen hizkuntzan ez den lanerako email bat idazteko Deepl edo bestelako IA tresnaren bat erabili ahal duzu, baina gauza bera egingo zenuke maite duzun horri gutun bat idazteko?
Hitz egiten ditugun hizkuntzek mundua ikusteko moduan, adierazteko dugun gaitasunean eta gure nortasunetan eragiten dute. Gainera, Albert Costak ‘The bilingual brain’ liburuan azaltzen zuen moduan, beste hizkuntza batzuk ikasteak eta erabiltzeak dituen abantailak ere kontuan hartzekoak dira, hala nola, erabakiak hartzeko gaitasuna hobetzea.
Bestalde, adimen artifizialaren erabilerak duen beste arrisku nagusietako bat sor daitekeen mendekotasunarena da. Adibidez, bada ‘tutore bat baino askoz gehiago’ leloa erabiltzen duen hizkuntzak ikasteko aplikazio bat. Helburua irakasle bat baino gehiago eskaintzea da; harreman bat eskaintzen dute. IAk dituen bikotekideen mundua datorkit burura. Hori beste hizkuntza bat ikasteko motibazio bat izan daiteke, baina zein nolako negozio-eredua dago horren atzean? Agian, hasiera batean doako zerbitzua da eta behin mendekotasuna sortuta kobratzen hasten dira. Ni ez nago adimen artifiziala irakaskuntzan erabiltzearen aurka, baina nahiago dut modelo bat non bi pertsona edo gehiagok IArekin elkarreragiten duten eta beren erreakzioak eta sinesmenak kontrastatzeko aukera duten.
Hasieran azaldu duzunez gizaki batek sortuak diruditen esaldiak sortu ahal dituen teknologia bat garatzeko gai izan gara. Kontu hau ez dagokio bakarri IAri, baina, nolabait, teknologia horrek albiste faltsuen zabalkundea erraz lezake? Hain teknologia aurreratuarekin nola bereizi erreala eta faltsuaren artean?
Oso gai konplexua da eta ez dut erantzunik. Garbi dago benetakoa eta errealaren artean bereiztea gero eta zailagoa izango dela. IAk sortutako deep fake-ak eta zirraren algoritmoaren manipulazioak (persuasive technology) ‘post-truth’ delako une batekin egin dute bat. Testuinguru horretan erabakiak hartzeko unean funtsezkoak izango dira pentsamendu kritikoa, adimen emozionala eta balioak. Agian, beste hizkuntza batzuk erabiltzea lagungarri izan daiteke erabaki hobeak hartzeko, eta beste ikuspegi batzuk ulertzea gero eta garrantzitsuagoa izango da hizkuntzen irakaskuntzan.