Legegintzaldia amaitzear dela, zeintzuk lirateke, zure ustetan, Bizkaiko Foru Aldunditik kultura mailan egin diren gauzarik garrantzitsuenak?
Zaila da gauza bakarra nabarmentzea. Atzera begira, gauzarik garrantzitsuena, bizi garen krisi garai zail hauetan, aurrekontu murrizketa nabarmenarekin hainbat ekimen aurrera atera ahal izan ditugula da. Murrizketa baten aurrean, bi aukera izaten dira; mundu guztiari proportzionalki aurrekontua murriztu edo lehentasunen inguruko gogoeta egin eta horren baitan aurrekontuak moldatu. Gure lehentasunen artean, kirolaren balio erantsia, euskara, gazteak, kulturaren balio barneratzailea eta gazte politiken zeharkakotasuna izan ditugu. Euskararen alorrean Azkue Fundazioaren sorrera eta administrazioa euskalduntzeko mikro-plangintzak garatu ditugu. Gazteriaren alorrean, politikak hiru ardatzetan bildu ditugu: emantzipazioa (etxebizitza, enplegua…), kultura (kulturgintza, kirolgintza…) eta gizarte ongizatea. Guretzat, gazteak ez dira etorkizuna soilik, oraina ere badira, eta gazte politikak beste era batera ere egin daitezkeela ikusi dugu. Datorren urterako, 50 milioi eurotik gora erabiliko ditugu gazte politiketan.
Egiteke geratu den ekimenen bat?
Beti geratzen da zeozer egin gabe, bestela ez genuke aurrerantzean ezer egiterik. Esan bezala, hainbat ekimen abian jarri ditugu eta horiei guztiei jarraipena eman behar zaie. Udalekin hartu emanak, bai gazteria zein euskara alorrean, hobetu beharko lirateke. Guk izan dugun erronka beste administrazioetan ere izan dute. Guretzat, euskara, kirola, gazteria eta kultura ez dira soilik hortxe diren gaiak. Guretzat hauek guztiek herri bat egituratzen laguntzen duten baloreak dira.
Izaera kultural nabaria duen Urdaibaiko Guggenheim Museoaren proiektuak zer esan handiak eman ditu…
Diputatu Nagusiak esan zuen bezala, egungo gobernuak proiektua atzeratu egin du, baina egin egingo da. Gure ustez oso proiektu garrantzitsu bat da, elementu traktore erakargarria delako. Eskualde horrek elementu kultural garrantzitsuak ditu, baina ez da nahikoa eta museo hori elementu traktorea izan daiteke. Helsinkin halako museo bat nahi dute eta garbi dago han tontoak ez direla. Ahaztuta ez dugun proiektua da.
Gazteen beharrak entzun eta hauei erantzuteko politikak egin nahi izan ditugu
Gaztedi Bizkaia ekimena aurkeztu berri duzue. Zertan datza?
Duela bi urte eskas, gaztegintza arloko politiketan nolabaiteko inertzia jarraitzen zela ikusirik aldaketa bat egitea otu zitzaigun. Krisian egonik, sakoneko gogoeta bat burutu genuen eta honen ondorioz foru mailako gazteria batzorde bat sortu zen. Honen xedea eraginkorrak diren politikak sortzea da eta ez bakarrik maila teorikoan geratu. Horretarako gazteen beharrak entzun eta hauei erantzuteko politikak egin nahi izan ditugu. Emaitzak onak izan dira, izan ere konturatu gara gazteen begietatik gure politikak ikusteko gai garela gazteak gure politikak ulertzera behartu beharrean. Ildo berean, beste bi tresna erabili ditugu. Lehena inkesta orokor bat izan da, gazteen iritzia jasotzeko. Bigarrena, berriz, Gaztedi Bizia izenekoa dugu. Honen baitan gure informazio puntuak komunikazio guneak bilakatu ditugu, azken finean gazteak entzun behar ditugulako.
Nola definituko zenuke gazteekin duzuen harremana? Garatu dituzuen politika horien guztien berri al dute?
Horixe da erronka. Guk beraien kezkak jaso ditugu eta orain garatutako politikak egokiak diren ala ez ikusi behar da.
Gaztebizz webgunea ere martxan jarri berri duzue eta jada nahikoa oihartzuna lortu duzue…
El Correok emandako sarien artean guretzat oso garrantzitsua izan zen erabiltzaileek zuzenean emandako saria irabazi izana. Webgune honetan erakunde izaera ahaztu gabe horrek suposatzen duen formalismotik ez abiatuta atari bizi bat lortu dugu.
Eusko Jaurlaritzak Kulturaren aldeko Hiritartasun Kontratua delakoa garatzen saiatu da eta horrek ere nahikoa eztabaida sortu ditu. Zein da zuen iritzia horren inguruan?
Gure ustez polemika beharrik ez zuen gaia da hori. Hau plan estrategiko bat da eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen dokumentu ireki batetik abiatzen da. Foru Aldundiek aipatu dokumentu hori jaso genuen eta gure ekarpenak egin genituen. Erakundeen arteko batzordera deitu gintuzten eta bilera horretan eztabaida piztu zen guk egindako ekarpenekin bat ez zetozelako.
Zein nolako ekarpenak egin zenituzten?
Gure ustetan euskarak ez zuen behar bezalako presentzia hasierako dokumentu horretan. Zeharkako lerro bat izan beharko luke, kultura guztia blaitu behar duena.
Bigarrenik kultura sektoreak alde batera uzten direla deritzogu, eta herri honek duen balioetako bat gizarte erakundetu bat dela da.
Azkenik, foru aldundiei ematen zitzaien papera ez da onargarria inondik inora, kultura alorrean aldundiek eskumen zabalak baitituzte. Guk lantalde bat eratzea proposatu genuen irakurketa amankomun bat egiteko, baina eztabaida piztu zen. Zenbait hilabete beranduago bigarren testu bat aurkeztu zen eta guk, berriz ere ekarpenak aurkeztu genituen. Ekarpenak eztabaidatzea nahi genuen, baina ez da horrelakorik eman. Hori guztia krisi testuinguru batean ematen ari dela ulertu behar da eta sektore kulturalek teoriatik haratago joatea eskatzen dute.
Eta nola aska daiteke korapilo hori?
Sektorea larri dago eta erantzunak behar ditu. Zirkulu batean bueltaka ari garenaren sentsazioa dago. Gauza bat da erakundeen artean marko teorikoa eztabaidatzea eta beste bat sektoreak dituen arazoei erantzun ematea. Gainera gobernu kontseiluak onartu beharko du azken testua, azken erabakia berea baita. Testua 2012. urterako onartuta egon beharko luke, baina nekez lortuko da epe horretarako prest izatea.