‘Kilo bat gehiago, kilo bat gutxiago’ kanpainaren bigarren edizioa

Kanpaina solidario honen helburua da, kirol jardueraren bidez, Elikagaien Bankuarentzako elikagaiak lortzea

Gasteizko Udalak ‘Kilo bat gehiago, kilo bat gutxiago’ kanpaina solidarioa zabaldu du hiriko gizarte-etxe eta kiroldegietan. Aurtengoa kanpainaren bigarren edizioa izango da. Iazkoa lehenengoa izan zen eta Judimendi gizarte-etxera mugatu zen, baina lortutako arrakasta ikusirik, aurten gizarte-etxe guztietara zabaltzea erabaki da. Udal Kirol eta Gizarte Etxeen Zerbitzuek antolatutako ekimenak aukera emango die herritarrei kirol jardueretan parte hartzeko, Elikagaien Bankurako iraungi ezin diren elikagaien truke.

Programa bi alditan garatuko da: abenduaren 26tik 28ra bitartean lehena eta urtarrilaren 2tik 4ra bitartean bigarrena. Eskaintzan 89 ikastaro izango dira, adin guztientzako 32 jarduera mota barne hartzen dituztenak, besteak beste: padela, pilates, aerobika, mantentze-gimnasia, puzgarriak igerilekuan, gazteentzako eskalada, haur-jolasak eta ludoteka.

Kanpainan parte hartu nahi duten horiek izena eman ahal izango dute bai udal webgunearen bidez, bai aurrez aurre gizarte-etxeetan eta udal kirol instalazioetan. Elikagaiak biltzeko, saskiak jarriko dira parte hartzen duten zentro guztien sarreretan.

Ekimen honen lehen edizioak, Judimendi gizarte-etxera mugatua, 144 pertsonen parte-hartzea izan zuen eta 167 kilo janari bildu zituen tokiko Elikagaien Bankurako.

Advertisements