Klasikoen Irakurketa Jarraituaren XVII. edizioa

Ekainaren 6an, 8:00etatik 14:00etara, Arriaga Antzokiak Kirmen Uriberen “Bilbao-New York-Bilbao” eleberriaren irakurketa jarraitua hartuko du.

Kirmen Uriberen “Bilbao-New York-Bilbao” eleberria izango da Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatutako Klasikoen Irakurketa Jarraituaren XVII. edizioko protagonista. Ekitaldia Arriaga Antzokian izango da, ekainaren 6an, 08:00etatik 14:00etara, euskal literaturaren nazioartekotzea nabarmentzeko helburuarekin.

Kirmen Uribek berak emango dio hasiera ekitaldiari. Uribek 2008an argitaratutako bere lanaren lehen lerroak irakurriko ditu, eta 200 bat lagunek jarraituko diote, goiz osoan zehar txandaka.

Ekimenean euskal gizarteko hainbat arlotako ordezkariek parte hartuko dute, tartean kultur eta gizarte eragileak, ikasleak eta irakasleak, baita erakunde, elkarte eta sindikatuetako kideak ere. Gainera, zuzeneko irakurketaz gain, Bilboko institutuetako ikasleek, diasporako kideek eta munduan zehar barreiatuta dauden 50 euskal etxeetako euskara ikasleek lanaren laburpenak irakurriko dituzte.

Ekitaldia jarraitu nahi dutenentzat, pantaila erraldoi bat jarriko da Arriaga plazan eta zuzenean transmitituko da EITBren webgunearen bidez. Metro Bilbaok ere bat egingo du ekimen honekin Abando eta Zazpikaleak geltokietan ikusgai izango diren aurreko edizioetako argazki eta kartelen erakusketekin.

“Bilbao-New York-Bilbao” hautaketak euskal idazleen nazioarteko presentzia aldarrikatu eta haien lanak hizkuntza askotara itzultzea du helburu. Kirmen Uriberen eleberria 13 hizkuntzatara itzuli dute dagoeneko.

Aurreko edizioetan, honako lan hauek irakurri dira:

  • Kristalezko begi bat’ (Miren Agur Meabe)
  • Martutene’ (Ramon Saizarbitoria)
  • ‘Gero’ (Pedro de Axular)
  • ‘Peru Abarca’ (Juan Antonio Mogel)
  • Haur besoetakoa (Jon Mirande)
  • Hamaika pauso (Ramon Saizarbitoria)
  • ‘Zergatik panpox’ (Arantxa Urretabizkaia)
  • ‘Obabakoak’ (Bernardo Atxaga)
  • ‘Harri eta herri’ (Gabriel Aresti)
  • ‘Narrazio Guztiak’ (Joseba Sarrionandia)
  • ‘Metamorfosia’ (Franz Kafka)
  • ‘%100 Basque’ (Itxaro Borda)
  • ‘Kresala’ (Txomin Agirre)
  • ‘Otto Pette’ (Anjel Lertxundi)
  • ‘Ipuin hautatuak’ (Mariasun Landa)
  • ‘Linguae Vasconum Primitiae’ (Bernat Etxepare)

Klasikoen Irakurketa Jarraituak Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntza du.