Klaustro Sounds musika zikloa Gasteizko Montehermoso Kulturunera itzuliko da eta bost kontzertu eskainiko ditu urtean zehar. Iazko amaieran egin zen lehen edizio arrakastatsuaren ondoren, ekitaldi hau askotariko proposamen batekin itzuliko da, publikoa soinu-bidaia paregabe batean murgilduko duela agintzen duena.
Kultur zentroaren klaustroan gauzatuko den ekimenak ohiko musika-formatuak eta soinu-esperientzia berritzaile eta esperimentalagoak konbinatuko ditu. Klaustro Soundsen helburu nagusia da beste giro batean partekatutako esperientzia bat sortzea, proposamen musikal berezien bidez artisten eta publikoaren arteko lotura erraztuz.
Soinu-aniztasuna modu sortzailean aztertzen duten jarduera sorta zabala eskaintzen du programak. Lehenengo hitzordua martxoaren 17an arratsaldeko 19:00etan izango da: Ángel Celadak, ‘TOC’ disko berria aurkeztuko du. Apirilaren 21ean, Andrés Rodrigues & Iván Nespereiraren txanda izango da, “INCRA” izeneko soinu eta ikusizko artearen ikus-entzunezko proposamenarekin.
Maiatzaren 19an, Ainara Legardonek “Pausar pulsa” izeneko soinu-instalazio baten deriba performatiboa egingo du, ahots-interprete batentzat eta sei bozgorailu ezberdinentzat diseinatutako lana.
Uda ostean, irailaren 22an, Maite Larburuk “Krak” bere azken diskoa aurkeztuko du.
Programazioa azaroaren 24an amaituko da Naiara De La Puentek eta Tania Cortések “Somnia” lanaren estreinaldiarekin. De La Puente soinujolearen eta Cortés konpositore eta artista bisualaren arteko elkarlanetik sortutako diziplina anitzeko pieza artistikoa da “Somnia”.
Edukiera mugatua dela eta, doako gonbidapena lortu beharko da entradium.com plataformaren bidez.